Arautegia

Inprimatu

415/2013 DEKRETUA, irailaren 24koa, memoria historikoaren berreskurapena, bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzen dituzten proiektuetarako diru-laguntzak arautzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 186
  • Hurrenkera-zk.: 4119
  • Xedapen-zk.: 415
  • Xedapen-data: 2013/09/24
  • Argitaratze-data: 2013/09/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta herri administrazioa; Justizia; Instituzional

Testu legala

Gizarte demokratiko guztiek dute giza eskubideen eta bakearen ezagutza eta errespetu sakona herritarren artean sustatzeko betebeharra. Giza eskubideak eta bakea ezinbesteko erreferenteak dira justizian, askatasunean, berdintasunean eta elkartasunean oinarrituta eraiki nahi den edozein gizarte- eta politika-antolamendutarako.

Era berean, botere publikoek memoria historikoa ezagutzera emateko eta gordetzeko ardura dute, askatasun eta eskubide demokratikoen aldeko borroka islatzen duen ondare kolektibo gisa. Helburu horrekin, behar diren neurriak hartu beharko dira memoria historikoa ohoratu eta aitortzeko eta bakea eta giza eskubideen aldeko konpromiso irmoan oinarritutako bizikidetza demokratikoa sustatuko dituzten ekimenak bultzatzeko.

Alde horretatik, eta Lehendakaritzako egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuaren 19. artikuluan xedatutakoaren arabera, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiari dagokio sailen arteko estrategia bat diseinatu eta zuzentzea, giza duintasunean eta giza eskubideen aldeko konpromisoan oinarritutako bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzeko; memoria historikoaren inguruko politika publikoak definitzea; biktima guztiekiko elkartasun-, aitortza- eta arreta-politiken jarraitutasuna, garapena eta hedapena diseinatu eta sustatzea; eta, helburu horiek gauzatze aldera, entitate, elkarte eta erakundeekin lankidetzan jardutea.

Dekretu honen bidez, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bidez, hiru laguntza-ildo sustatuko ditu, proiektu-mota hauek sustatzeko:

Memoria historikoa berreskuratu eta gordetzeko proiektuak. Horien bidez, gaur egungo gizartean bizikidetzaren oinarri diren balio eta printzipio demokratikoak bultzatu nahi dira. Helburu nagusia da Gerra Zibilaren biktima guztiak eta haren ondorengo diktaduraren errepresio politiko, sozial eta kulturalari aurre egin zioten pertsona guztiak ohoratzea eta oroitzea. Eta haiekin batera, beren familiak.

Bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzeko proiektuak, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek eta gainerako toki-erakundeek gauzatzeko direnak.

Bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzeko proiektuak, gizarte erakunde eta mugimenduek gauzatzeko direnak.

Horregatik guztiagatik, Lehendakaritzak hala proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2013ko irailaren 24an egindako bilkuran proposamena eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau

  1. Dekretu honen xedea da memoria historikoaren berreskurapena, bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzeko proiektuetarako diru-laguntzen erregimena arautzea.

  2. Diru-laguntzak hiru ildotan sailkatuta daude:

    1. Memoria historikoa berreskuratzeko proiektuetarako diru-laguntzak.

    2. Bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzeko proiektuetarako diru-laguntzak, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek eta gainerako toki-erakundeek gauzatzeko direnak.

    3. Bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzeko proiektuetarako diru-laguntzak, gizarte erakunde eta -mugimenduek gauzatzeko direnak.

  3. Urtez urteko deialdien ebazpenek zehaztuko dute deialdi bakoitzean diruz laguntzeko moduko proiektuek zer-nolakoak izan behar duten.

  4. Dekretu honen xedetik kanpo geratzen dira sariak banatze hutsean baino ez dautzan proiektuak.

  1. Urtero, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen bidez, dekretu honetan araututako laguntzak deituko dira. Dekretu honek jasotzen dituen laguntza-ildo guztiak edo batzuk deialdi baten barne hartu ahal izango dira, edo deialdiak banan-banan ere egin ahal izango dira.

  2. Deialdirako urteko ebazpenak edo, hala badagokio, ebazpenek, zehaztuko dituzte deialdiaren xedea, diruz laguntzeko moduko proiektuek zer-nolakoak izan behar duten, ordaintzeko modua, proiektuak baloratu eta hautatzeko erabiliko diren irizpideak eta horien haztapena, eskaerak aurkezteko lekua eta epea eta horiek formalizatzeko eredua, baliabide elektronikoak erabiltzeko prozedurak eta argibideak eta 10. artikuluak hizpide duen Ebaluazio Batzordeko kideen izendapena.

  1. Dekretu honen xede diren laguntzak eskatu ahal izango dituzte:

    1. Memoria historikoa berreskuratzeko proiektuentzako diru-laguntzen deialdian, legez eratutako pertsona juridiko pribatu eta irabazi asmorik gabekoek, betiere lortu nahi dituzten helburuak, beren estatutuetan jasotakoaren arabera, memoria historikoa berreskuratzearen ingurukoak badira.

    2. Bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzeko proiektuak, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek eta gainerako toki-erakundeek gauzatzekoak, diruz laguntzeko deialdian, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek eta gainerako toki-erakundeek.

    3. Bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzeko proiektuak, gizarte erakunde eta mugimenduek gauzatzekoak, diruz laguntzeko deialdian, legez eratutako pertsona juridiko pribatu eta irabazi asmorik gabekoek, betiere horien helburuak, beren gizarte-estatutuetan jasotakoaren arabera, bakea eta giza eskubideak sustatzearen ingurukoak badira.

  2. Erakunde eskatzaileek haien zerga-betebeharrak, hala dagokionean, eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan beharko dituzte. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoa izanik, laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar den aldi guztietan, horretarako eskatzaileen baimenik zertan izan gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

  1. Dekretu honetan zehaztutako diru-laguntzak emateko, lehiaketa-prozedura erabiliko da, laguntza-ildo bakoitzerako. Prozedura hori, hain zuzen ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluan ezarritakoa izango da.

  2. Diru-laguntzak nori eman erabakitzeko, laguntza-ildo bakoitzerako aurkeztutako eskaerak alderatu, eta lehentasun-zerrenda bat egingo da, deialdietan ildo bakoitzerako xedatutako ebaluazio irizpideak aintzat hartuta. Diru-laguntzak emango zaizkie hautaketa-fasean deialdi bakoitzerako ezartzen den gutxieneko puntuazioa lortu dutenen artean balorazio onena dutenei, laguntza-ildo bakoitzari esleitutako kredituak agortu arte.

  1. Urtero-urtero, deialdi-ebazpenean, irizpide batzuk zehaztuko dira, balorazioa eta hautaketa egiteko. Bada, dekretu honetan araututako hiru laguntza-ildoetan, diru-laguntzak emateko orduan, baloratuko da ea irizpide horiek betetzen dituzten bai erakunde eskatzaileak bai proiektuak. Gutxienez alderdi hauek hartu beharko dira kontuan:

    1. Proiektuaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa.

    2. Erakundearen kudeaketa-gaitasuna, proiektuari dagokionez.

    3. Proiektuaren aurrekontua argia eta egokia izatea.

    4. Proiektuaren potentzial estrategikoa eta haren egokitasuna edo gizarte-interesa.

    5. Erakunde eskatzailearen ibilbidea.

    6. Genero-ikuspegiaren trataera, garatu beharreko proiektuetan.

  2. Bestalde, laguntzen urteko deialdian jasoko dira diruz laguntzekoak diren proiektuen izaerari buruzko balorazio- eta hautaketa-irizpideak, eta bestelako alderdi batzuk ere gehitu ahal izango dira balorazio- eta hautaketa-irizpide gisa.

  3. Deialdiaren ebazpenak ezarriko du, halaber, erabiliko diren hautaketa-irizpideak behar bezala nola haztatu.

  1. Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat ezarriko da, eta, horren arabera, proiektu bakoitzerako diru laguntza finkatuko da, kontuan hartuz proiektuak, balorazio-irizpideak aplikatuz, balorazio-fasean lortu duen puntuazioa. Puntuazioa ehuneko bihurtuko da, eta ehuneko hori onartutako aurrekontuari aplikatuko zaio.

  2. Onartutako aurrekontua erakunde eskatzaileak aurkeztutakoa dela ulertuko da, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak ez badu, diru-laguntza onartzeko unean, beste aurrekontu proposamen baten aurkezpena jakinarazten. Azken kasu horretan, aurrekontua jakinarazi ondoren, erakunde eskatzailea harekin ados dagoela ulertuko da, 10 eguneko epean aurkakorik adierazten ez badu.

  3. Diru-laguntzen zenbatekoa ez da eskatutakoa baino handiagoa izango, eta udalerrien eta gainerako toki-erakundeen kasuan, zenbateko horrek ezingo du aurkeztutako aurrekontuaren % 85 gainditu.

  4. Edonola ere, urteko ebazpenak proiektu bakoitzerako eman daitekeen gehieneko zenbateko bat ezarri ahal izango du.

  5. Emandako diru-laguntzaren guztizko zenbatekotik, % 10 administrazio eta funtzionamendu gastuetarako erabili ahal izango da, soldatak kanpo, salbu eta horiek proiektua garatzeko funtsezkoak badira eta azalpen-memorian horrela jasota badago.

Interesa duten erakundeek laguntza hauetarako prozeduren izapide guztiak baliabide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte, deialdi bakoitzean xedatzen denaren arabera.

  1. Eskaerak inprimaki normalizatuetan egin beharko dira, eta haiekin batera gutxienez dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

    1. Proiektuaren memoria xehea, non zehaztuko diren xedea, metodologia, balizko hartzaileak (sexuaren arabera bereiziak), lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero ikuspegiari nola helduko zaion. Memorian egiaztatuko da eskatzaileak proiektuari dagokion arloan duen esperientzia.

    2. Proiektua gauzatzeak izango duen kostuaren aurrekontua, sailetan banakatua, gainerako finantzabideak ere aipatuz, halakorik balego, edo zinpeko deklarazioa jasoz proiektua finantzatzeko bestelako baliabiderik ez badago, ez norberarenik ez besterenik.

    3. Erakunde eskatzaileak proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialak eta giza baliabideak adieraztea.

  2. Urteko deialdiek zehaztuko dute eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

  3. Era berean, proiektuak balorazio hobea lor dezan, erakunde eskatzaileek egoki irizten dioten dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da.

  4. Jada gauzatuta dauden proiektuen kasuan, aurrekoez gain egindako gastuak justifikatzeko behar den dokumentazio guztia ere aurkeztu beharko da.

  5. Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak erakunde eskatzaileari espedientea osatzeko behar dituen agiri eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

Erakunde eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak egiaztatuko balu dokumentazio hori osatugabea dela edo daturen bat falta duela, erakundeei 10 eguneko gehieneko epea emango diete antzemandako akatsak zuzentzeko, eta adieraziko die zuzentzen ez badituzte ulertuko dela eskaerari uko egin diotela, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua, 71. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

  1. Epaimahai kalifikatzailea, hiru laguntza-ildoetarako, pertsona hauek osatuko dute:

    Batzordeburua:

    Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona.

    Batzordekideak:

    Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona.

    Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kiroletako zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona.

    Enplegu eta Gizarte Politika Saileko Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona.

    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona.

    Emakundeko idazkari nagusia edo hark eskuordetutako pertsona.

  2. Idazkaria Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikari bat izango da, eta zuzendariak berak izendatuko du.

  3. Bileren deialdietan, gai-zerrendan, bileretan, aktetan eta Epaimahai kalifikatzaileak egiten dituen idazkietan Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.

  1. Diru-laguntzak emateko proposamena epaimahai kalifikatzaileak egingo du, non erakunde onuradunen lehentasun-ordena eta emandako diru-laguntzen zenbatekoa ezarriko diren. Proposamena egiteko, dekretu honetako 4., 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoa aplikatu ondoren proiektu bakoitzak zenbat puntu lortu dituen hartuko da aintzat.

  2. Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak, epaimahai kalifikatzaileak egindako proposamena ikusirik, laguntzak esleitzeko prozedura ebatziko du. Ebazpenean laguntzen zenbatekoa ere jasoko da. Ebazpen horrek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa ezar daiteke Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoa betez.

  3. Ebazpen hori sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, urteko deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita.

  4. Epe horretan berariazko ebazpenik ez bada eman ez jakinarazi, ulertuko da eskaerak ez direla onartuak izan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoari dagokionez. Horrek ez du esan nahi, ordea, Administrazioak berariaz ebazteko betebeharra ez duenik.

  5. Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta prozeduraren ebazpena berariaz eta banan-banan jakinarazteko betebeharra bazter utzi gabe, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpenez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da xedapen honen babesean emandako diru-laguntzak jaso dituzten erakundeen zerrenda, zenbatekoak ere adieraziz.

Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren eginkizuna izango da, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bitartez, dekretu honetan jasotako laguntzak bideratzeko kudeaketa lanak egitea.

  1. Erakunde onuradunek onartu egin beharko dute emandako diru-laguntza. Horretarako, laguntza onartutzat joko da diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita 10 eguneko epean erakunde onuradunak idatziz uko egiten ez badio. Diru-laguntza onartzeak berekin dakar dekretu honetan eta dagokion urteko deialdian ezarritako arau guztiak betetzea, eta baita beste hauek ere: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta haiek itzultzeari buruzko araubide orokorra ezartzekoa eta haien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, arauak eta betebeharrak xedatzekoa, edo hura ordezkatzen duen araua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

  2. Erakunde eskatzaileak bermatu beharko du diruz lagunduko diren proiektuek eta horiek bultzatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek zorrotz errespetatuko dituztela 1948ko Adierazpen Unibertsalean jasotako giza eskubide guztiak, eta baita 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean nahiz 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean jasotakoak ere.

  3. Erakunde onuradunek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.

  4. Erakunde onuradunek hizkuntza ez-sexista erabiliko dute zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.

Deialdi honetan azaltzen diren diru-laguntzak beste edozein erakunde publiko edo pribatuk xede berberarekin ematen dituen beste batzuekin batera daitezke, betiere gainfinantzaketarik ez badago. Gainfinantzaketa egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

Diru-laguntzak ordaintzeko modu zehatza urteko deialdietan xedatuko da; aurreordainketa zatikatuak baliatu ahal izango dira, betiere zenbateko osoaren % 75 gainditu gabe.

  1. Diru-laguntzak jasotzen dituen erakundeak Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzan aurkeztu beharko du emandako diru-laguntzaren erabilera justifikatuko duen dokumentazioa, dagokion deialdian zehazten den eran; edonola ere, badira agiri batzuk beti aurkeztu beharko direnak:

    1. Diruz lagundutako proiektua gauzatzean egindako gastuak justifikatzeko fakturak eta ordainagiriak.

    2. Soldaten ordainagiri originalak eredu ofizialean eta Gizarte Segurantzarako kotizazio ofizialeko zerrendak, lan-kontratudun langileen gastuak justifikatzeko.

    3. Aldi baterako kolaborazioengatiko gastuen ordainagiriak.

    4. Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak.

    5. Egindako proiektuen memoria xehea, besteak beste, pertsona onuradunak (sexuaren arabera bereiziak) aipatuz eta genero-ikuspegiaren trataera azalduz.

  1. Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero betiere, diru laguntzaren helburua betetzat jotzen bada eta, kasuan kasu, edozein erakunde pribatu nahiz publikotik aldi berean beste laguntzarik jasoz gero, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horretarako, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak aldaketarako ebazpena emango du, non emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko diren.

  2. Edozein arrazoi dela-eta, diruz lagundutako proiektuak ezin badira eskaeran adierazitako moduan gauzatu, horren berri eman beharko zaio Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzari. Kasu horretan, eta egoki irizten ez bazaio diru-laguntza emateko ebazpena aldatzeari, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak erabakiko du, ebazpen bidez, emandako diru-laguntza itzuli beharko den edo ez.

  1. Baldintzak ez direla bete ulertuko da kasu hauetan:

    1. Bere garaian aurkeztutako proiektua ikusita, jasotako diru-laguntza ez da, osoki edo zati batean, onartu zen jarduerarako erabili, beste zerbaitetarako baizik.

    2. Hautatutako proiektuan aldaketak egitea, salbu eta, aldaketok funtsezkoak ez izanik, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak berariaz baimentzen dituenean.

    3. Eskaeran, harekin batera aurkeztutako dokumentazioan edo diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioan bildutako datuetako edozein gezurrezkoa izatea.

  2. Erakunde onuradunak ez baditu betetzen artikulu honen 1. puntuan ezarritako baldintzak, laguntza emateko ebazpenean edo deialdia arautzeko dekretuan eta ondorengo ebazpenean ezarritako edozein baldintza edota azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, VI. tituluan jasotako betebeharrak, laguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo du; dagoeneko jasota baldin badauka, jasotako zenbatekoa itzuli egin beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, legezko interesekin batera; eta dagozkion zigorrak ezarriko zaizkio. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen bermea eta itzulketak arautu eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzekoak, xedatutakoaren arabera.

  1. Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak beretzat gordetzen du dekretu honetan xedatutakoaren arabera laguntza jaso duten ikerketak eta lanak edozein euskarritan argitaratzeko eskubidea, proiektua entregatzen denetik urtebeteko epean, interesdunak berariaz idatzizko baimena eman ondoren.

  2. Argitalpena gauzatzen bada, lehen edizioaren ustiapen-eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioarenak izango dira, eta diruz lagundutako egileak konpromisoa hartuko du aipatu eskubideak doan lagatzeko.

Dekretu honen esparruan, herritarrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin euskaraz edo gazteleraz egiteko aukera izango dute, bai idatziz, bai ahoz, eta aukeratzen duten hizkuntzan erantzungo zaie.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Dekretu honetan prozedurari buruz berariaz arautu gabeko orotan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa ezarriko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko irailaren 24an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (14)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak (0)

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa (0)

Ez dago lotutako edukirik.