Egoitza elektronikoa

Eskumenak eta transferentziak

Inprimatu

138/2011 DEKRETUA, ekainaren 28koa, Transferentzien Bitariko Batzordeak 2011ko ekainaren 22an onartutako Akordioa onartzen duena. Akordio horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio lan eta gizarte segurantzako ikuskaritzak betetzen dituen ikuskaritzako funtzio publikoaren alorreko zeregin eta zerbitzuak.

Identifikazioa

  • Egoera: Eginda
  • Transferentziaren urtea: 2011
  • Gaia: Lan arloa
  • Jardun-eremua: Lan, Enplegu eta Gizarte Segurantza
Xedea:

EAEk bere gain hartutako eginkizun eta zerbitzuak:.

1.– Ikuskaritza-eginkizuna, bere lurralde-eremuan gauza dezan, bai eta Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren zerbitzuak ere, Euskal Autonomia Er­kidegoaren eskumenekoak diren gaietan lan-arloko arauak behar bezala betetzen laguntzen duten orga­noek, funtzionarioek eta bitarteko materialek osatzen dituztenak.

Estatuko Administrazioarekin eduki behar den koordinazio eta lankidetzaren kalterik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoari egokituko zaio, bere eskume­nen lurralde-esparruan eta gaietan, indarrean dagoen legeriarekin bat, ikuskaritza-funtzioaren betebeharrak betetzea. Honako hauek, hain zuzen:

    1.a Lege-arauak, erregelamendu-arauak eta hitzar­men kolektiboen arau-edukia betetzen direla zaintzea eta betearaztea, honako esparru hauetan:

1) Lanaren eta sindikatu-harremanen antolaketa.

2) Lan-arriskuen prebentzioa.

3) Enplegua: lanposturatzea, enplegua, lanerako lanbide-prestakuntza eta etengabeko prestakuntza, aldi baterako laneko enpresak, enplegu-agentziak eta enplegurako zerbitzu integratuen planak, eta, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarekin elkarlanean, kontrataziorako pizgarriak, gizarte-kuoten hobarien araubidearen bidez.

4) Bestelako edozein arau, baldin eta arau horiek zaintzea Lan Ikuskaritzari agindu baldin bazaio bera­riaz eta gaiaren araberako eskumena Euskal Autono­mia Erkidegoari badagokio.

    2.a Laguntza teknikoa, honako hauek barne ditu­ela:

1) Enpresei eta langileei informazio teknikoa ema­tea, ikuskaritza-funtzioa gauzatzean.

2) Laguntza teknikoa ematea Gizarte Segurantzako entitate eta erakundeei, eskatzen zaienean.

3) Administrazio publikoetako beste organo ba­tzuei informazioa, laguntza eta lankidetza ematea lan-eta gizarte-arloko arauen aplikazioari buruz edo laguntza eta diru-laguntza publikoen zaintza eta kon­trolari buruz.

4) Organo judizial eskumendunek eskatutako txostenak egitea, ikuskaritzako funtzio eta eskumenen esparruan, lege-arau batek hala ezartzen duenean.

    3.a Arbitrajea, kontziliazioa eta bitartekaritza ho­nako arlo hauetan:

1) Kontziliazioa eta bitartekaritza gatazketan eta grebetan, alderdiek onartzen badute, Lan Arloko Pro­zeduraren Legeak xedatutakoaren kalterik gabe.

2) Arbitrajea, alderdiek hala eskatuta, lan-gatazketan eta grebetan, edo berariaz eskatzen den bestelako gatazketan.

2.– Estatuko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan betetzen dituen zere­ginak eta zerbitzuak eskualdatzen dira, Lan eta Gizar­te Segurantzako Ikuskatzaileen Kidegoa eta Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileordeen Kidegoa osatzen dutelarik organikoki autonomia-erkidegoaren mendeko bihurtzen diren funtzionarioei buruz bete­tzen dituenak, kontuan hartuta, betiere, kidego hori­ek Estatukoak direla eta kidegoetan sartzearen, deial­diaren eta administrazioen arteko mugikortasunaren batasunaren printzipioak.

Kidego horien oinarrizko ezaugarri horiek ba­teragarri dira sarrera-, hautaketa-, prestakuntza-, hobekuntza-eta espezializazio-prozesuei, lanpostuak betetzeko prozesuari eta diziplina-araubidearen pro­zesuari buruzko eginkizunak Euskal Autonomia Erki­degoak betetzearekin, zerbitzutik kentzeko zehapena izan ezik. Bi administrazioek elkarlanean jardungo dute sarbide-prozesuen eta hautaketa-proben alderdi orokorrak eta horiekin lotutako beste edozein gai erabakitzeko. Halaber, formulak adostu behar dituzte, erabaki horiek modu eraginkorrean aplikatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoak ezarritako plaza hutsak betetzeko.

Administrazioen arteko mugikortasuna eta ikus­katzaileen eta ikuskatzaileordeen lanpostuak estatu osoan betetzeko prozesuak bateragarriak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoak bere plantillako lan­postu hutsak betetzeko barne-prozesuetarako deialdia egitearekin.

Administrazioek paragrafo honetan aipatutako al­derdi horietan elkarren artean izango duten lankide­tza 1. akordio osagarrian ezarritako baldintzen arabe­rakoa izango da.

3.– Aplikatzekoa den araudiaren arabera, eskual­daketa hori egingo da Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza Sistema bakarra eta osoa delako oinarri hartuta, eta sistemako funtzionarioen eginkizunen eta jardueraren batasunaren printzipioa eta ikuskaritza-eginkizunaren betearazpenaren eraginkortasunaren printzipioa ere oinarri hartuta.

Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileek eta Enplegu eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileordeek, beren ahalmenak eta eskumenak darabiltzatelarik, ikerketa-jarduerak gauzatu ahal izango dituzte, bai eta lan-arloko gai guztietan ikuskaritza-neurriak hartu ere, nahiz eta beren mendekotasun organikoari dago­kion Administrazioarena ez beste batena izan esku­men hori. Horren ordainetan, Ikuskaritza Sistemako funtzionarioek erabat bete beharko dituzte beren gain utzitako zerbitzuak, beren ahalmen-eta eskumen-esparruan dagozkien neurriak hartuz, edozein dela ere beren mendekotasun organikoa, betiere lankidetza-hitzarmenetan ezarritakoaren arabera.

Bestalde, lan-arloko arau-hausteen edo Gizarte Se­gurantzako kuoten likidazioaren arloko arau-hausteen prozedurak izapidetu eta ebaztea gai horren gainean eskumena duen Administrazioari dagokio.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio eskualdatzen diren gaiari dagozkion eginki­zunekin lotutako Lan Ikuskaritzako bitarteko infor­matikoak, bai eta bere eskumeneko gaiei dagozkien informazioa eta datuak ere. Horretarako, Euskal Au­tonomia Erkidegoari dagokio baliabide informatiko horiek kudeatzea, hargatik eragotzi gabe informazio osoa bateratuko duen datu-base bat bermatzeko behar diren koordinazio-eta lankidetza-neurriak ezartzea, 3. akordio osagarriak aurreikusitakoari jarraituz.

Estatuko administrazioaren esparruan gelditzen diren eginkizun eta zerbitzuak.

1.– Lan eta Gizarte Segurantzako ikuskaritzaren funtzio publikoari buruzko legeria, Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 7., 17. eta 18. zenba­kietan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren arloko nazioarteko agiriak negoziatu eta egitea, eta Europar Batasunaren eremuko edo nazioarteko foro aldebiko edo alde anitzetakoetako ordezkaritza, beti­ere Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzari buruz­koak badira, hargatik eragotzi gabe Euskal Herriaren Autonomia Estatutuan onartutako eskumenak eta ahalmenak.

3.– Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzako sistemaren jarduera orokorrari buruzko estatistikak, txostenak eta memoriak egin eta argitaratzea, bai eta legeriak eta Espainiak sinatutako nazioarteko tratatu eta hitzarmenek eskatutako txosten eta memoriak ere, betiere Lan Ikuskaritzak Euskal Autonomia Erkidego­an betetzen duen jarduerari buruz Euskal Autonomia Erkidegoak emandako informazioaren arabera. No­lanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoak bere esku gordeko ditu lan-arloko jarduerei buruzko estatisti­kak, txostenak edo memoriak egiteko eta argitara­tzeko behar diren ahalmenak, betiere jarduera horiei dagozkien betearazte-ahalmenak berari badagozkio.

4.– Ikuskatze-lana egitea Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren gizarte arloko gaiei dagokienez. Nolanahi ere, Autonomia Erkidegoarekin beharrezkoak diren koordinazio eta lankidetza zeregi­nak beteko dira, hurrengo idatz-zatian (erakundeen arteko lankidetzarako formulak) bi erakundeen arteko lankidetzarako ezartzen den moduaren arabera.

5.– Estatuko Administrazio Orokorraren eskume­nekoak diren gizarte arloko gaiei dagokien prozedura izapidetu eta ebaztea.

6.– Europar Batasunak bultzatutako kanpainak koordinatu eta gauzatzea, baita Lan eta Gizarte Se­gurantzako Ikuskaritzaren jardunak koordinatu eta gauzatzea ere, zerbitzuen nazioz gaindiko prestazioari dagokionez. Halaber, autonomia-erkidegoaz gaindiko ikuskatze-lanak koordinatzea, legeria orokorrak eta lan eta gizarte segurantzako ikuskaritza arautzen duen araudiak ezarritako eran, eta dagokion hedadurarekin, Estatuak lan-legeriaren arloan duen eskumen esklusi­boarekin bat etorriz.

7.– Prozeduren kudeaketa elektronikoari dagokio­nez, Euskal Autonomia Erkidegoarekin koordinatuta, formatu eta estandarrak ezartzea, informazioaren el­karreragingarritasuna, segurtasuna, kontserbazioa eta normalizazioa ziurtatzeko. Era berean, datu-base bat mantentzea eta kudeatzea, Estatu osoan Lan eta Gi­zarte Segurantzako Ikuskaritza sistemaren informazioa bateratzeko, 3. akordio osagarrian ezarritakoarekin bat etorriz.

Eskumenen konfigurazioa

  • Autonomia Estatutua: 10.2 artikulua; 12.2 artikulua; 18.2 artikulua; 18.4 artikulua
  • Konstituzioa: 149.1.7. artikulua; 149.1.17. artikulua
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Legeak:
  • Estatuko Legeria:
  • Jurisprudentzia:
    • STC 249/1988: Konstituzio-auzitegiaren iritziz, funtzionarioak aldi berean bi administrazioen menpe (Estatuko administrazioaren eta autonomia-erkidegoko administrazioaren menpe) egon daitezke baldin eta Estatuko Administrazioaren hierarkiazko mendekotasunak ez badu baldintzatzen ikuskatzaile horien jarduera autonomia-erkidegoaren zerbitzuan aritzen diren eta harekiko eginkizun-mendekotasuna duten organo gisa (2. Oinarri Juridikoa: Laneko Ikuskaritzak, dagozkion egiteko eta eginkizunetan, batzuetan Estatuaren  eskumenak gauzatzen ditu, eta, horrelakoetan, Estatuko Administrazioarekiko eginkizun-mendetasunarekin aritzen dira, eta, beste batzuetan, Katalunian Generalitatearen eskumenak gauzatzen ditu, eta, horrelakoetan, autonomia-erkidegoko administrazio gisa jarduten dute, Generalitatearen zerbitzuan. Konstituzio-auzitegiak funtzionarioen mendekotasun bikoitz hori onartu eta gero, aitortzen du horrek badituela hainbat abantaila, herritarrari erraztu egiten baitio Administrazioarekiko harremana. Doktrina horren arabera, beraz, mendekotasun bikoitz hori posible izango bada, ezin da interferentziarik gertatu ikuskatze-jardueraren eta autonomia-erkidegoaren eskumenen artean.
    • STC 185/1991: ikuskatzaileen zeregina oztopatzeagatik egiten diren akten (oztopatze-akten) ondorioz izapidetzen diren zigor-espedienteen instrukzioa eta ebazpena  rintzipioz Kataluniako Generalitateari dagokio, Estatuko legeria betearazteko duen eskumena erabiliz. Aldiz, ikuskatzaileek Estatuaren eskumenak gauzatzen dituztenean, eskumen hori ez dagokio Kataluniako Generalitateari. Horren ondorioz, oztopatze-aktek Gizarte Segurantzaren diru-bilketan izan ditzaketen ondorioak ez dira nahikoa arrazoi Estatuak horren  gaineko eskumena izateko. KA-ak 249/1988 epaian adierazi zuenez, ikuskatzaileak,argi eta garbi, Estatuarenak baino ez diren eskumenak gauzatzen dituenean, Estatuak izapidetu eta ebatziko baitu dena delako oztopatzeari dagokion espedientea (4. OJ). Eskuarki, Kataluniako Generalitateari dagokio zigorra ezartzea Laneko Ikuskaritzaren jarduerari oztopoak jartzen zaizkionean edo aurre egiten zaionean, izan ere, Konstituzioaren 149.1.7 artikuluaren eta Kataluniako Autonomia Estatutuaren 11.2. artikuluaren arabera, Generalitateak lan-arloan betearazpen-eskumena baitu. Doktrina horren adibide gisa,  pai honek, 5. Oinarri Juridikoan, honako hau dio: “Nahiz eta aparteko orduen zerrenda eta garraioko plusaren ordainketari buruzko agiriek Gizarte Segurantzaren kotizazioan eragina izan, agiri horiek berez dute garrantzia lan-arloan. Hortaz, ezin da esan ikuskatzaileen jarduerak, kasu horietan, Gizarte Segurantzaren kuoten bilketarekin baino ez duela zerikusia.
    • STC 195/1996: Epai honek beste urrats bat egin zuen ikuskaritzaren arloko eskumenen banaketan egoera argitze aldera, ez baitzuen baztertu Autonomia Erkidegoek beren ikuskatze-zerbitzua edukitzeko aukera, ez eta zerbitzu horiek berena duten eskumen-esparruan aritzeko duten aukera ere (16. Oinarri Juridikoa).
    • Laburpen KAE 51/2006 Kuoten likidazio-espedienteetarako prozedurei buruzko Erregelamendu Orokorra
    • STC 51/2006 Procedimientos para la imposición de sanciones