Gaur, Gasteizen, Abetxukoko oinezkoentzako pasabidea luzatzeko estruktura berri bat jarri da, eremuan ur hustuketarako ahalmena handitu eta uholde-arriskugarritasuna murriztea ahalbidetuko duena. Lan horiek Gasteizko Udalak eta URA-Uraren Euskal Agentziak (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxikirik dagoena) adostutako hitzarmen baten barne daude. Hitzarmenaren helburua: Abetxukoko oinezkoentzako pasabidea zabaldu eta berritzeko obrak egitea.
Proiektuaren aurrekontua 843.112,50 eurotakoa da, BEZ-a kanpo. Horietatik 704.400,58 estruktura berria eraikitzeari eta egin beharreko ordezkapenei dagokie, eta URA eta AMVISAk erdibana ordainduko dute. Falta diren 138.711,92 euroak pasabidearen txukuntze lanei dagokie — zoladura, barandak eta argiztapena—, eta Gasteizko Udalak hartuko ditu bere gain.
Hitzarmenak jarraitu egiten du bi erakundeen artean helburu komun bat lortzeko sustaturiko lankidetza; alegia, hiritarren segurtasuna nabarmen hobetzea eta Zadorraren ur goraldiek sor ditzaketen eraginei aurre egitea. Izan ere, hitzarmen hau akordio zabalago baten menpe da: Uraren Euskal Agentziak eta Vitoria-Gasteizko Udalak, 2012ko urriaren 24an, sinatutako esparru-akordioa Zadorra ibaiko eta hegoaldeko ibaietako uholdeen aurka babesteko obrak gauzatzeko (Vitoria-Gasteizko udalerrian, 2013-2020 denboraldian).
Akordio horrek bildu egiten ditu: alde batetik, bi erakundeek aurretiaz hegoaldeko ibaiak izenekoak hobetzeko sinatutako hitzarmenetan ezarri ziren helburuak; eta, beste alde batetik, Vitoria-Gasteizen uholdeei aurre hartzeko Zadorra ibaian egin beharrekoak.
Abetxukoko pasabidea handitu eta berritzeko lanak garrantzitsuak dira oso Gasteizko hirigunea uholdeetatik babesteko, eta, horregatik, Zadorra ibaian egin beharreko lanen artean, lehentasuna duten ekintzen artean dago. Horrez gain, jarraipena ematen dio Abetxukon aurretik egindako lan bati: bypass-hodia edo ibai azpiko ur-hornidurarako hodia, Abetxukoko pasabidean kokatutako ur hornidurarako hodiaren ordezkoa.
Jadanik Abetxukon bukatuta dagoen bypass edo ibai ibilgupeko hodi horrek, ura Arakako biltegietatik hirira garraiatzeko bigarren bide bat bilakatu da. Horrela, horniketa sistemaren zaurgarritasuna nabarmen murriztuko da. (Orain gutxira arte, Abetxukoko oinezkoen pasabidepean zeuden hiriko hornidurarako ur hodi nagusi bakarra zegoen. Bypass-a egin arte, Arakatik hirira ura eramateko bide bakarra izan da. Bide bakarra izanik, hodi horri zer edo zer gertatu ezkero, ur horniduraren zaurgarritasuna agerian zen).
Ekintza horren bitartez hustuketa ahalmena handituko da, eta onurak nabariak izango dira: emariaren jarioa hobetuko da eta ibilguak ahalmen hidraulikoa irabaziko du, bide batez, hiriguneari segurtasun handiagoa emanez, aldian-aldian ematen diren ur goraldien aurrean.
Ortoargazkien iturria: GeoEuskadi