Azken eguneratzea: 2013/01/15

Babes zibileko eta esku hartzeko zerbitzuak ohartarazi dituzte Bizkaian eta Gipuzkoan

Segurtasun Sailak Larrialdi Plana aktibatu du, larrialdi aurreko fasean, uholde arriskua dela-eta

Segurtasun sailburuordeak, Estefanía Beltrán de Herediak, Larrialdi Plana aktibatu du, larrialdi aurreko fasean, uholde arriskua dela medio; horren haritik, Bizkaiko eta Gipuzkoak babes zibileko eta esku hartzeko zerbitzuek dagoeneko abisua jaso dute eta aktibatuta daude.

Hala, Aholkularitza Kontseilua dagoeneko jakinaren gainean dago alerta maila areagotuz gero biltzeko deialdia jaso baitezake; kontseilua, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta balizko uholdeen eragina paira dezaketen udalerrietako alkateek osatzen dute.

Egoera horretara iritsiz gero, Aholkularitza Kontseiluak bilera egingo du beharrezko neurri oro hartzeko, eurite gogorrek eragindako kalteak arintzeko lanak koordinatze aldera.

Bidenabar, Bizkaiko eta Gipuzkoak babes zibileko eta esku hartzeko zerbitzuak dagoeneko ohartarazi eta mobilizatu dituzte (Ertzaintza, suhiltzaileak, udaltzaingoak, boluntario taldeak, etab.), uholdeak gerta daitezkeela aurrez ikusi baita.

Halaber, Bizkaiko eta Gipuzkoako ibaietako toki arriskutsuenen bilakaera zorrotz jarraitzen ari dira bereziki URA Uraren Euskal Agentzia eta Euskalmet Euskal Meteorologia Agentzia.