Azken eguneratzea: 2013/07/05
Segurtasuneko sailburuak emandako agindu baten bitartez
Udal boluntarioek nortasun-dokumentu bat edukiko dute hemendik aurrera babes zibilaren esparruan egiten duten lana egiaztatzeko
Euskal Autonomia Erkidegoko udal boluntarioek (400 lagun inguru) nortasun-dokumentu bana edukiko dute aurki babes zibilaren esparruan egiten duten lana egiaztatzeko, guztia Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia andreak ekainaren 14an emandako aginduari jarraiki.
Agindu hura urtarrilaren 19ko 24/2010 dekretuarekin, herritarrek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman duten borondatezko parte-hartzeari buruzkoarekin bat dator, bai eta Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legean xedatutakoarekin ere.
Dekretu horrek beharrezko trebakuntza, prestaketa, identifikazio eta ekipamenduekin lotutako oinarrizko alderdiak mugatzen ditu, ezinbestekoak direnak Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman koherentziaz parte hartzea bermatzen duen gutxieneko homogeneizazioa egon dadin.
Doako dokumentu horrek udal boluntarioaren balioa nabarmenduko du eta, aldi berean, larrialdiekin eta babes zibilarekin lotutako egoerak konpontzeko orduan betetzen duten eginkizuna indartzen du.
Boluntario Elkarteen Erregistroan izena emanda dauden tokiko taldeek Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako eta Meteorologiako Zuzendaritzara jo beharko dute egiaztatzeko txartelak eskuratzeko, organismo hori arduratzen baita emateaz, eta hartarako behar diren agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte.
Identifikatzeko txartel horretan Larrialdiei Aurre Egiteko erakundearen bereizgarria ageriko da erdialdean, eta horretaz gain: boluntarioaren izen-abizenak, NANa, dagokion erregistro-zenbakia, bere argazki digitalizatu bat, kide den elkarte, erakunde edo udalerriaren izena, Segurtasuneko sailburuordearen sinadura digitalizatua eta dokumentua noiztik noiz arte balio duen.