Argitalpen-data: 2016/02/11
Segurtasun Sailak omenaldia egin dio Iñaki Irustari, Euskadiko Gurutze Gorriaren presidenteari, 112 Telefonoaren Europako Egunean
2015ean 987.000 dei eta 190.000 gertaera baino gehiago erantzun ziren larrialdi-telefonoan
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak publikoki ohoratu du Euskadiko Gurutze Gorriaren presidente Iñaki Irustak larrialdien munduan egindako ibilbidea eta lana.
Iñaki Irusta Bilbon jaio zen, 1931n, eta 1999 urtetik da Euskadiko Gurutze Gorriaren presidentea. Bere ibilbide profesional luzean, hainbat ardura bete ditu Bilboko Erakustazokan eta Bilboko Merkataritza Ganberan.
Iñaki Irustaren gidaritzapean, Euskadiko Gurutze Gorriak antolaketa-prozedura eta -irizpideak eta larrialdiei berehala erantzuteko lantaldeak bateratzea lortu du, harik eta gaur egun ezagutzen dugun erakunde autonomoa eta Estatuko erreferentzia bihurtu arte.
Izan ere, Euskadiko Gurutze Gorriak, herritarrentzako gertuko arretaren kontzeptua ezarri, eta erakundearen helburu nagusia bete du: «Pertsonengandik gero eta hurbilago», arreta berezia eskainirik talde ahulenei, langabeziak jotakoei, eta gaurdaino % 35 laneratze-ratioa lorturik.
Gaur egun, 11.000tik gora boluntarioz osatutako kolektibo baten presidentea da Irusta. Guztiek aho batez aitortzen dute hark Gurutze Gorria XXI. mendeko larrialdi-sistemen erronkekin bateratzeko zerbitzu hori eraberritzen izan duen eragin itzela.
Larrialdiak Koordinatzeko Bilboko SOS Deiak Zentroan egin dute ekitaldia, eta, bertan, Segurtasuneko sailburuak, Estefanía Beltrán de Herediak, Iñaki Irustaren figura laudatu du, hark Euskadiko babes zibilaren esparruan erakutsitako lan-gaitasun handia nabarmenduz.
“Iñakik, lanez eta jarraikitasunez dena lortu daitekeela ez ezik, larrialdien mundu zail eta aldi berean gogobetegarrian jarraitu beharreko bidea ere erakutsi digu, bere aitzindari-ikuspegiari esker” adierazi du Segurtasun Saileko arduradun nagusiak. Omenaldian, Herediak Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Metereologiako zuzendari Pedro Anitua izan ditu alboan.
Erantzundako dei eta gertakariak
Omenaldian, 112 telefonoaren jardueraren balantzea ezagutarazi dute. Zerbitzu hori Segurtasun Segurtasun Sailaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzara atxikita dago. 2015ean, 112 telefonoak 987.553 dei eta 189.599 gertakari erantzun zituen guztira EAEn; 2014koen antzeko zifrak dira (1.014.449 dei eta 176.996 gertakari).
Aurreko urteetan bezala, erantzundako gertakari gehienak larrialdi medikoekin dute lotura (% 22,78), eta bide publikoko arriskuak hautematearekin (% 20,63), pertsonek izandako istripuekin (% 14,58), herritarren segurtasunarekin (% 13,20) eta trafiko-istripuekin (% 11,32).
Lurraldeka, Bizkaian 93.762 gertakari erregistratu ziren (2014an 86.212); Gipuzkoan, 63.516 (2014an 62.044) eta, Araban, 32.321 (2014an 28.740).
Erantzundako deiei dagokienez, Bizkaian 551.114 dei egin ziren (2014an 548.794); Gipuzkoan, 296.196 (2014an 320.377) eta, Araban, 140.243 (2014an 145.278).
Larrialdietako deiak eta gertakariak artatzeaz eta kudeatzeaz arduratzen diren SOS Deiak Koordinazio Zentroen lana ere nabarmendu du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak. “Euskal Larrialdi Sistema Publikoaren barruan funtsezko elementua da 112 larrialdi-telefonoa: hori agerian geratzen da egunero arrisku, segurtasunik eza eta larrialdi egoeretan jazotako gertakari ugarietan” gaineratu du Segurtasuneko sailburuak.
112 Larrialdietarako Telefonoaren Europako Eguna
112 Larrialdietarako Telefonoaren Europako Eguna otsailaren 11n (2. hilaren 11. eguna) egiten da Europar Batasun osoan.
Egunaren helburu nagusia hau da: herritar guztiei gogoraraztea 112 telefono-zenbakia estatu kide guztietan erabil daitekeela, eta kabina batetik zein telefono finko edo mugikor batetik markatu daitekeela.
Oraingo abagunean, Erasmus ikasketak Europan egiten dituzten ikasleengan eta, bereziki, Euskadin egiten dituztenengan jarri da arreta. Asmoa da haiek ondo jakitea larrialdi bat izanez gero hemen ere 112 zerbitzua erabil dezaketela. Zauden tokian zaudela....etxean bezala. Bat, bat, bi. Larrialdien arretarako Europako telefono-zenbakia.
Euskadin 1998an jarri zen martxan 112 telefono zenbakia, 1983an ezarritako 088 zenbakia ordezkatzeko. Era horretan, larrialdietarako telefono zenbaki komun bat ezartzeko Europako erabakia bete zen.