Osasun-krisiaren ondorioz inoiz ez bezalakoa izango den oporretako irteera eta itzulera operaziorako prestatzen ari da Trafiko Zuzendaritza

2020.eko ekainak 26

Gidatzean arduratsuak izateko deia egiten duen beste sentsibilizazio-kanpaina bat aurkeztu du

 

(2020/06/26)

Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak eta Sonia Díaz de Corcuera Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendariak udako irteera eta itzulera operazioa aurkeztu dute gaur Euskadiko Trafikoa eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan, eta agertoki ezberdinak aurreikusten ditu osasun-krisialdi globalaren ondorioz. Trafiko handiagoa espero da Euskadi barruan eta Euskaditik mugako autonomia-erkidegoetara (Errioxa, Kantabria, Nafarroa, Burgos eta Iparralde), eta nazioarteko trafikoa, berriz, Marokok muga irekitzeko zehazten duen egunaren baitan egongo da. Egoera horrek trafikoa areagotzea ekarriko lukeenez, Trafiko Zuzendaritzak dagozkion neurriak hartuko lituzke.

 

Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritza osasun-krisialdi globalaren ondorioz ezberdina izango den uda honetan agertoki ezberdinei aurre egiteko prestatzen ari da. Oporretako irteera eta itzulera operazioa Marokok muga irekitzeko aukeraren baitan dago, horrek areagotu egingo bailuke Euskadi zeharkatzen duen nazioarteko trafikoa.

 

Beste urte batzuetan ez bezala, nazioarteko ibilgailuen joan-etorriak asko izaten baitira, aurtengo udan handiagoa izango da Euskadi barruko eta Euskaditik mugako autonomia-erkidegoetarako (Nafarroa, Iparralde, Errioxa, Kantabria eta Burgos) trafiko-fluxua.

 

Nazioarteko joan-etorrien kasuan, zaila da aurreikuspen bat egitea, ez baitago pandemia-egoera baten aurrekaririk, errealitatea dinamikoa izaten baita halako egoeretan. Hortaz, nazioarteko trafikoa izaten bada ere, intentsitate gutxikoa izatea espero da (batez ere Europa iparraldetik Portugalera doana).

 

Hala eta guztiz ere, Segurtasun Saila, Trafiko Zuzendaritzaren, Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzaren eta Ertzaintzaren Zuzendaritzaren bidez, prestatzen ari da Marokoko muga irekitzea erabakitzen denerako ere, informazio espezifikoa gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez, frantsesez eta arabiarrez izango duen dispositibo batekin. Horrela, ibilgailuen nazioarteko fluxua Euskadi zeharkatzen hasten bada, seinaleak AP-8ko eta AP-1eko zerbitzu guneetan jarriko diren informazio-kartelen eta liburuxken bidez osatuko dira. Horien bidez eskuak sarri garbitzeko, maskara erabiltzeko eta segurtasun-tartea uzteko gomendioak gogoraraziko dira. Horrez gainera, Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzak, Gurutze Gorriaren laguntzaz, laguntza-dispositibo bat prestatuko du.

 

Honako hau esan du Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak: “Aurrean dugun oporretako irteera eta itzulera operazioa zalantzaz beteta dago, eta Segurtasun Saila, beraz, edozein agertokiri aurre egiteko prest dago. Trafiko-fluxu handiagoak espero ditugu Euskadi barruan eta Euskaditik mugako autonomia-erkidegoetara edo Estatuko beste leku batzuetara, baina dispositibo eta seinale espezifikoak ere aurreikusi ditugu Marokok muga irekitzen duen unean aktibatzeko. Egoera ezohikoa da, eta erantzukizun indibidualerako eta kolektiborako deia egiten dugu berriz ere, istripuak ahalik eta gehien gutxitzeko”.

 

Trafiko Zuzendaritzak arreta berezia jarriko du opor-garaian Euskadiko errepide-sareko punturik kritikoenak izaten direnetan: A-8an Kantabriarako noranzkoan, AP-8an muga inguruan, A-1etik AP-1erako sarbidean Armiñonen, eta AP-1 eta N-622 errepideen arteko lotunean Gasteizerako noranzkoan eta N-622 eta AP-1ekoan Burgoserako noranzkoan.  

 

Egun horietan trafikoa ahalik eta arinena izateko eta trafikoaren dentsitateak eragin ditzakeen gorabeherak minimizatzeko, Trafiko Zuzendaritzak honako jarduketak burutuko ditu:

 

  • Seinale lagungarriak jarriko dira bide-sare nagusiko eta zerbitzu guneetako puntu estrategikoetan, foru-aldundiekin lankidetzan.

 

  • Irteera-operazioan, astebururik kritikoenetan seinalizazio-operazio bereziak gauzatuko dira AP-1eko irteera (Etxabarri Ibiñan) eta N-622 errepidea (Gasteizerako noranzkoan) lotzea errazteko, eta gauza bera egingo da Gasteizen N-622ren eta A-1en artean Burgos/Madrilerako noranzkoan. Armiñongo lotunean, eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, behin-behineko seinaleen bidez gomendatuko da A-1en paraleloan doan N-1eko ordezko bidea erabiltzea Argantzun eta Armiñongo AP-1erako sarbide artean.

 

  • Itzulera operazioan, Trafiko Zuzendaritzak seinaleztapen berezia erabiliko du Armiñongo lotuneko trafikoa arintzeko AP-1 autobideko irteeran, Gasteizerako noranzkoan. Konoen bidez A-1eko hiru erreietako bat utziko da AP-1etik sartzen diren ibilgailuentzat.

 

Ertzaintzako trafiko-unitateetako 550 agentek zainduko dute errepideko zirkulazioa eta segurtasuna, eta in situ emango dute zirkulazioaren egoerari buruzko informazioa. Helikoptero batek irudiak bidaliko ditu Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrora, eta kontrol horren euskarria izango da.

 

2019ko uztailean eta abuztuan 6 pertsona hil ziren Euskadin trafiko-istripuetan (2 Bizkaian eta 4 Gipuzkoan), aurreko udan baino bat gutxiago (3 Bizkaian, 2 Araban eta 2 Gipuzkoan). Guztira, 1.228 istripu erregistratu ziren (419 zauritu izan ziren), eta horrek esan nahi du % 3,5 egin zuela behera istripuen tasak eta % 7,7 biktima-kopuruak, 2018ko opor-garai berarekin alderatuta.

 

Horrez gainera, eta uda osoan, informazio-mezuen panelak eta Trafiko Zuzendaritzaren kanal guztiak, www.trafikoa-eus web-orria, TrafikoaEJGV APPa, Twitterra eta 011 telefono-zenbakia (24 orduz erabilgarri dagoena), erabiliko dira informazioa emateko.  

 

 

“Volver a salir / Berriro ateratzea” sentsibilizazio-kanpaina

Trafiko Zuzendaritzak gaur aurkeztu du "Volver a salir / Berriro ateratzea" sentsibilizazio-kanpaina, mugikortasuna hainbat denboran mugatuta egon ondoren gidatzean arduratsuak izateko deia egiten duena istripuak gutxitu daitezen.  

 

Herritarrak kontzientziatzea da istripuen tasa jaisteko giltzetako bat, indarrean dagoen Trafiko Zuzendaritzaren 2015-2020 aldirako Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoan eta jada lantzen ari den 2021-2026 aldirako Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoan jasota dagoen bezala.

 

“Mugikortasuna berreskuratu izanak ezin gaitu desbideratu gidatzean zuhurrak izateko helburutik, normaltasun berria deitu den honetan biktimarik izan ez dadin. Horixe da herritar guztiei zuzendutako sentsibilizazio-kanpaina berri honen espiritua, kolektiborik zaurgarrienek, hala nola oinezkoek, txirrindulariek eta motor-gidariek babes berezia behar dutela ahaztu gabe, eta horientzat sentsibilizazio eta formakuntza ekintza espezifikoagoak prestatzen dira”, zehaztu du Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak.

 

Kanpaina irrati, telebista eta sare sozialen bidez hedatuko da.