2019an Euskadiko errepideetan izandako 631 gorabeheratan lagundu du erreskateko garabi-zerbitzuak

IMG_0366__2_.JPG

2020.eko martxoak 09

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren kalkuluen arabera 1.560 kilometro auto-ilara saihestu dira

 

Bederatzi urte dira ibilgailuak A-8 errepidetik eta Bilboko metropoli-inguruko sarbideetatik berehala kentzeko garabi arinen laguntza-zerbitzua abian jarri zela, eta iaz 631 gorabeheratan esku hartu zuen (255 istripu eta 376 matxura). 631 gorabehera horietatik 240tan gidariek ezin izan zuten ibilgailua baztertu. Gisa horretako gorabehera batek batez beste 6,5 kilometroko ilarak sortzen dituenez gero, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak sustatutako zerbitzuak 1.560 kilometro auto-ilara saihestu ditu.

“Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak aktiboki lan egiten du gure garraio- eta komunikazio-bideak egunero erabiltzen dituzten ibilgailuen gidariek modu seguruan eta jasangarrian ez ezik, arintasunez ere gida dezaten. Alde horretatik, garabi arinen zerbitzua emaitza bikainak lortzen ari da, datuek egiaztatzen duten moduan”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuera Ruiz de Oña Trafikoko zuzendariak.

Duela 9 urte zerbitzua abian jarri zenetik, garabiek 4.849 aldiz esku hartu dute. 2019an istripuen ondoriozko zerbitzuak jardun guztien % 40,4 izan ziren, eta 2018an % 41,8 eta 2017an % 43,6, eta horrek agerian jartzen du, beraz, azken urteotan behera egin dutela arrazoi horrengatik egindako erreskateek, eta pixkana gora egin dute, berriz, matxurek eragindako erreskateek.

Garabiak —guztira lau— A-8 errepidean 110 kilometro-puntuaren (Basauri) eta 139 kilometro-puntuaren artean (Kantabriako muga) kokatzen dira, A-8 errepideko tarte horretan eta tarte horretako sarbideetan, bi noranzkoetan, gorabeheraren bat izan duten autoak erreskatatzeko. Garabien kokalekua aurrez zehazten du Trafiko Zuzendaritzak, Ertzaintzarekin adostuta. Bi noranzkoetan errepide-tarte handiak hartzen dituzten puntu estrategikoak dira. Erreskate-garabi batek, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik (CGTE-ETKZ) mobilizatzeko abisua jasotzen duenetik zerbitzua egin behar duen puntura iristen den arte, batez beste 12 minutu behar ditu.

Zerbitzu horren ohiko ordutegia goizez 7:30etik 9:30era eta arratsaldez 17:30etik 19:30era izaten da, astelehenetik ostiralera. Nolanahi ere, ordutegi hori malgua da eta urte-sasoiaren arabera alda daiteke, istripuen datu estatistikoen arabera. Istripua izan duten ibilgailuak leku seguru batera, gorabehera artatu duen Ertzaintzaren patruilak esandako lekura, erretiratzen dira, edo, ezinezkoa bada, zerbitzuaren esleipenduna den enpresaren instalazioetara, eta, ondoren, bertara jotzen du ibilgailuaren laguntzako garabi partikularrak.