Adingabeei interneteko arriskuez gaztigatzeko Ertzaintzak eskoletan egiten dituen hitzaldiak ugaritu egin ditu

Foto_1.jpg

2014(e)ko Martxoak 15

Ehun ikastetxetik gora bisitatu dituzte Ertzaintzako espezialistek gazteekin sareko zaurgarritasunei buruz mintzatzeko, hala nola groominga, ciberbullyinga eta iruzurrak

Badira lau urte Ertzaintzaren delitu informatikoen atalak hitzaldiak ematen dituela Euskadi osoko ikastetxeetan, eskola-umeei azaltzeko zer-nolako delituen biktimak izan litezkeen interneten, nola saihestu horiek, eta, halako delituren bat pairatuz gero, zer egin behar duten. Adingabeak limurtzea, behartzea eta haiei jazartzea, pedofiloen artean grooming izenaz ezaguna, da adingabe batek sare sozialetan aurki dezakeen arrisku handiena. Oinarrizko badaezpadako neurri batzuk hartuta, ordea, aise ekidin daiteke. Teknologia berriak erabiltzen dira gehien ziber-jazartzeko eta adingabeei iruzur egiteko tresna gisa.

2013an halako 139 hitzaldi eskaini zituen Ertzaintzaren delitu informatikoen atalak, 92 Bizkaian, 39 Gipuzkoan eta 7 Araban.  Aurten dagoeneko beste 132 hitzaldi daude hitzartuta. Helburua da adingabeak gaztigatzea interneten, sare sozialetan eta telefonoan topa litzaketen arriskuez.

Groomingaren arriskua

Adingabe gehienak ia egunero konektatzen dira Internetera, oso maiz aisiako jarduera egiteko, hala nola txatean solasteko, jolasteko eta deskargatzeko moduko fitxategiak bilatzeko.  Sare sozialak horrela erabiltzeak bidea ematen die pedofiloei beren biktimengana hurreratzeko eta grooming izeneko teknika aplikatzeko: sarean adingabeen adiskide egiteko estrategiak, haien konfiantza irabaztearren eta aurrerantzean haien datu pertsonalak eskuratu eta irudi pornografikoak bidal ditzatela eskatzeko gero. Harreman horretatik aurrera, losintxa eta limurtzeko teknikak erabilita, beren irudi sexualak trukatzera bultzatzen dituzte gazteak. Pedofiloak hainbat identitate eta helbide elektroniko erabiltzen ditu, eta ia beti gazte baten itxurak egiten ditu. Gazteei gaztigatzeko, oinarrizko hainbat segurtasun-neurri hartzea proposatzen die Ertzaintzak gazteei, sare sozialetan jardutean aintzat hartzekoak:

Ez eman sekula norberaren pasahitzik inori, ez eta lagun mina dela uste izanagatik ere. Pasahitza norberarena da, indibiduala eta besterenduezina. Horrez gain, sekula ez da pasahitzik sartu behar jatorrizko zerbitzuarekin zerikusirik ez duen webguneetan.

Gogoan izan beti interneten ere edozeinek esan dezakeela gezurra.

Ez gorde, ez trukatu argazki intimorik, ez eta bikotekide edo lagun minenekin ere, bikoteak eta adiskidetasunak hautsi ere egiten baitira maiz.

Laguntzat dugun norbait sarean lehen ez bezala portatzen hasi dela ohartzen bagara, baliteke norbaitek kontua lapurtu izana berari. Egiaztatu!

Beste norbaiten posta elektronikoko kontuaz jabetzeak ondorio penal larriak izan litzake, ume-jolas inuzente edo txantxa itxura izanagatik ere.

Gure sekretuak Interneten daudela, pasahitz xume batek baizik ez ditu babesten gaizkileengandik.

Inoiz ez zaio men egin behar xantaiari, edozein dela ere. Argazki bat bidaltzea izan ohi da sekulan amaitzen ez diren espiralen jatorria.

Berehala salatu behar da jazarpena edo abusua pairatzen ari garela. Gelditu egin behar da. Halako portaerak gaizkilea atxilotuta baizik ez dira bukatzen. Kasu ez egiteak ez du inoiz ondorio onik.

Azkenik, gogoan izan behar da ez dagoela besteen pasahitzak jakiteko zerbitzurik.

Ciberbullyinga edo ziberjazarpena

Luzaroan atxikitzen den eta denboran errepikatzen den eraso psikologikoa da ziber-jazarpena, pertsona batek nahiz talde batek beste batzuen kontra teknologia berrien bidez egina. Gaur egun, eskolako gazteen arteko umilazio-modu bat da ziber-jazarpena; sarearen bidez egindako erasoen biktima izaten dira.  Ohiko modu bat da webgune jakin batzuetara goitizen batez sartzea eta han biktimaren kontrako irainak, laidoak, mehatxuak, zurrumurru gaiztoak, argazki trukatuak eta halakoak zabaltzea, dela eskola bereko norbaiten kontra, dela beste eskola bateko norbaiten kontra.

Ziber-jazarpenaren ezaugarri behinenak dira, alde batetik, erasoak sarean errepikatzea (behin bakarrik gertatuta ez da jazarpentzat hartzen), bestalde, bizitza errealean gertatzen zen jazarpenaren isla direla, gehienetan.

Ziber-jazarpena gauzatzeko telefono mugikorra (SMS mezuak, bideoa grabatzea...) eta internet erabiltzen dira; azken hori, batik bat, aise sartu baitaiteke eta anonimotasun handia eskaintzen duelako. Gaur egun, sare sozialek (youtube, esaterako) ere ematen dute aukera lehen telefono batetik bestera, mezu bidez nahiz bluetooth bidez, baino ezin hedatu zitezkeen gauzak gehiago zabaltzeko.

Hainbat formatan ager daiteke ziber-jazarpena, batzuk besteak baino zailagoak hautematen eta ez hain ohikoak:

Mehatxatzea eta izutzea, telefono mugikorraren bidez, posta elektronikoaren bidez, sareko iruzkinen bidez, sare sozialen bidez eta abar.

Jazartzea edo zelatatzea. Nahi gabeko mezu errepikatuak eta luzatuak, berariaz iraingarriak direla nahiz ez, kalte psikologiko larriak eta beldurra eragin dezakeen jazarpen-mota bat dira. Online egiten diren jazarpen horiek, besteak beste, nahi ez den edukia dakarten testu-mezuak edo istanteko mezuak izan daitezke, zelatatzeko programak, birus informatikoak berariaz bidaltzea...

Izena zikintzea eta belztea. Halaber da ziber-jazartzea biktimari buruzko mezu laidogarriak zabaltzea; normalean irainak izaten dira. Baliteke mezu sexista, homofobiko eta arrazistarik ez bidaltzea ikasleek beren telefono mugikor eta posta elektronikoan; esate baterako, bestelako diferentziak aipa ditzakete, hala nola, desgaitasun fisiko edo psikologiko bat, jatorri kulturala edo erlijiosoa, maila sozioekonomikoa...

Normalean, pirateria esaten dugunean, esan nahi dugu pertsona batek beste baten datu pertsonalez (erabiltzaile izenaz eta pasahitzaz) baliatuta haren kontuan sartu eta haren izenean bidegabe erabiltzen duela Halako ekintzak ziber-jazartzeko baliatu daitezke, biktimaren informazio pertsonala, mezuak, irudiak eta, kopiatuta eta hari publikoki jazartzeko eta hura gutxiesteko. Besteak beste, informazio pribatua gune publikoetan zabaltzea, informazio pertsonala inprimatzea eta hedatzea eta abar. Ziber-jazarpenaren forma horiek biktimaren informazio pertsonala ezabatzen edota haren identitatea ordezten ere gauza daitezke.

Gomendio bat ziber-jazarpena dela eta

Norbait ziber-jazartzen baldin bazaigu, lehenbailehen salatu behar dugu; izan ere, hasieran txikikeriak baino ez diren ekintza batzuk denborarekin oso delitu larri bilaka baitaitezke, grooming, esate abterako. Zenbat eta lehenago hasi laguntzen, orduan eta arinagoak izango dira kalteak.

Adingabeei egindako iruzurrak

Adingabeek ere paira ditzakete iruzurrak mugikorraren bidez. Ohikoena da joko bat edo politono bat deskargatzen saiatzean gertatzea. Behera karga egin ahal izateko beren telefono-zenbakia sartzeko eskatzen diete, eta berek berretsi beharreko SMS bat jasotzen dute. Horrekin batera hainbat kondizio onartzen dituzte, eta horien artean ezkutatuta Premium mezuak jasotzeko harpidetza bat. Ondorioa, inoiz 600 eurokoak ere izan daitezkeen telefono-fakturak.