Mexikoko Morales estatuko Justizia Prokuradore Nagusiak Arkautiko Ikastegia
bisitatuko du bihar, asteazkena, Ertzaintzaren eta EAEko Udaltzaingoen prestakuntza sistema bertatik bertara ezagutzeko. Bisita horretan Ikastegiko eta EAEko Poliziaren arduradunekin bilduko da. Arkautiko Ikastegiak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak elkarrekin bultzatutako ekimen baten baitan egingo du bisita.
Pedro Luis Benitezek, Moreloseko Justizia Prokuradore Nagusiak, Mexikoko estatu horretako hainbat politikari eta justizia arloko kargudunekin, Kriminologiaren Euskal Institutuko eta Ikastegiko arduradunekin eta Ertzaintzaren agintariekin batera egingo du bisita.
Instalazioak bisitatu eta poliziak prestatzeko euskal sistema bertatik bertara ezagutu ostean, bilera bat egingo du Ikastegiko eta EAEko Poliziaren arduradunekin, bi prestakuntza sistemen berri elkarri emateko.
Mexikoko egitura politikoan, Justizia Prokuradore Nagusia estatu bakoitzean justizia arloko arduradun nagusia eta gai horietarako Gobernadorearen lankide nagusia da. Halaber, Fiskaltzaren arduradun nagusia denez gero, besteak beste honako lanez arduratzen da: delituen biktimak babesteaz, Fiskaltzako agenteei zuzendutako jarduera protokoloak sortzeaz, larritasun bereziko delituei aurre egiteko Fiskaltza berezien zuzendaritzaz eta abar.