|
BRUSELA, 2007/11/28 – Eusko Jaurlaritzaren Garraio eta Herri Lan sailburua, Nuria López de Guereñu, azaroaren 28an Flandeseko bere homologoarekin bildu zen, Flandeseko Gobernuko Mugikortasun eta Herri Lan ministroarekin, Fernand Desmyterekin, Euskadik Flandesekin dituen harremanen jarraipena egiteko garraio eta azpiegitura alorrean. Harreman horiek joan zen irailetik indartu dira, Kris Peeters Flandeseko ministro-presidentearekin eta bere lan taldearekin izandako lan bilera desberdinen ondoren, Bilbao-Zeebruggeko “itsasoko autobidea” martxan jartzeko izan ziren bileren ondoren, hain zuzen.
Bilera horretan bi ordezkari politikoek euskal eta Flandeseko aireportuen arteko antzekotasun eta desberdintasunak aztertu zituzten eta kudeaketa deszentralizatua defendatu zuten aireportuetako azpiegituren erabilera optimizatzeko. Flandesek neurri txiki eta ertaineko aireportu desberdinak ditu eta horien kudeaketa Flandeseko Gobernuari dagokio.
Euskal ordezkaritzan, baita ere, Garraio eta Herri Lan sailburuorde Iñaki Betolaza, Garraio zuzendari Mireia Elkoroiribe, eta Euskadiren Bruselako ordezkari Ibon Mendibelzua izan ziren.
Lan bilera bukatu ondoren, Garraio eta Herri Lan sailburuak Flandeseko aireportuen kudeaketa ereduaren abantailak azpimarratu ditu, “eredu deszentralizatu horrek aukera ematen duelako aireportuetako azpiegituren planifikazio, koordinazio eta ustiapen hobea ahalbideratzeko eta ondorioz erabilera optimizatzeko”. López de Guereñuren iritziz, “Flandeseko Gobernuaren kudeaketa zuzen honen bitartez, adibidez, Flandeseko aireportuak logistikarako aukera berriak eskaintzen ditu aireportu azpiegituretan, erantsitako balioa eskaini nahi duen politika erabakigarri bat erabiliz.
(Iturria: Eusko Jaurlaritza - Europako Gaiak)
|