Azken eguneratzea: 2011/02/22
Arkautiko Akademiak ikastaro berezituak eskainiko ditu anbulantzia gidarientzat
Ehun profesionalek baino gehiagok beren prestakuntza hobetuko dute errepideko arrisku egoerei aurre egiteko
Arkautiko Akademiak anbulantzia gidariei zuzendutako ikastaro berezituak emango ditu. Akademiako gidatze adituek hiru euskal lurraldeetako larrialdietako osasun garraio sareko ehun profesional baino gehiago trebatuko dituzte. Gidariek era praktikoan ikasiko dituzte gidatzerako orduan arriskuak ekiditeko hartu beharreko prebentzio-neurriak; izan ere, batzuetan muturreko egoeretan edo aurreikusi gabeko baldintzetan egin behar dute lan. Ikastaroetan puntako teknologiako sentsoreak erabiliko dituzte ibilgailuetan egoera uneoro kontrolatzeko eta gidariei gidaritzan egon daitezkeen arrisku potentzialen inguruan ohartarazteko.
Arkautiko (Araba) Akademia bere metodoak larrialdietarako eta segurtasun publikoko alor guztietara hedatzeko prozesu batean murgilduta dago. Horren harian, bere historian lehen aldiz eskainiko ditu anbulantzietako gidariei zuzendutako ikastaro berezituak. Ikastaroek astebeteko iraupena izango dute eta EAEko anbulantzia gidari guztiei zuzenduta daude, bai erakunde publikoetakoei, baita enpresa pribatuetakoei ere. Lehen ikastaroa joan den ostegunean hasi zen.
Gaur egun ez dago ikastaro espezifikorik anbulantzia gidariak hezteko. Autoeskolek ikastaro orokorrak besterik ez dituzte ematen gidaritza seguruaren alorrean. Horretarako turismoak erabiltzen dituzte, beraz, ez dira betetzen larrialdietarako osasun garraiobidetarako erabiltzen dituzten furgoien baldintza berak. Anbulantziak gidatzen dituzten pertsonek BTP gidabaimena eskuratzen dute, taxia, etab., bezalako ibilgailuei zuzendutako ikastaroa gainditu ostean. Beraz, gehienak, aurretik mota horretako ibilgailuetan esperientziarik izan gabe hasten dira anbulantziak gidatzen. Arkautin eskaintzen ari diren ikastaroa prestakuntza-beharrizan horri irtenbidea ematea da. Mila gidari baino gehiagok egin lezakete ikastaro hori, aurreikuspenen arabera.
Hamabi gidariko txandetan egingo dituzte ikastaroak, eta larrialdietako osasun garraiorako erabili ohi direnen bezalako sei ibilgailu erabiliko dituzte praktiketan. Akademiako gidaritza saileko irakasleak izango dira ikasleei larrialdi egoeretan gidatzeko teknikak irakasteko arduradunak. Beren trebetasunak muturreko baldintza meteorologikoek (elurra, zoru labainkorra, bidean ezustekoren bat aurkitzekotan, etab.) eragin litzaketen arrisku egoeretara moldatzen ikasiko dute ikastaroan, baita ibilgailuak tentsio baldintzetan gidatu behar dituzten egoerei aurre egiten ere. Arkautiko pistetan hainbat simulazio ezberdin egingo dituzte, ikastaroan ikasitakoak praktikan jartzeko.
Sentsoreak anbulantzietan
Anbulantzietan jarriko duten sentsore sistema berri bat frogatuko dute ikastaroetan. Sentsore horrek datuak igorriko ditu eta burrunba erako soinuen bidez ibilgailuaren martxaren, segurtasunaren eta garraiatutako pazienteen inguruko informazioa helaraziko dio gidariari. Sistemak soinu baten bidez jakinaraziko dio gidariari anomaliaren bat dagoela; gainera, gidaritza nolakoa den esango dio gidariari, baita baldintza horietan egokia den ala ez ere. Halaber, orekaren, furgoiaren eta anden mugimenduaren, eta ibilgailuak maniobretan, bihurguneetan, balaztatzeetan eta abarretan duen jokatzeko eraren inguruko datuak emango ditu, ikasleek arriskuak eta arazoak identifikatu ahal izateko eta horrela arazo horiek zuzentzeko. Sistema horrekin datuak sistema informatikoetara jaitsi daitezke, ondoren gidaritzaren parametroak eta nondik norakoak ikertu ahal izateko.
2011n Akademiatik anbulantzietako ehun gidari baino gehiago pasatuko direla aurreikusten da. Sektore hori 2000n profesionalizatu zen, eta guztira mila langile inguru ditu Euskal Autonomia Erkidegoko larrialdietako osasun garraio sarean. Arkautiko Akademiak anbulantzia gidari profesional guztietara nahi du zabaldu formazio mota hori. Horrela, larrialdietako ibilgailu mota horien zirkulazioan segurtasunak hobekuntza nabarmena izango du.