Azken eguneratzea: 2010/04/20
Istripu simulazioa gasbide batean
Larrialdi zerbitzuen erantzuna hobetzeko asmoz
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta Naturgas Energia taldeak istripu-simulazioa egin dute gaur Irunen eraikitzen ari diren gasbide batean. Era horretako ezbeharren aurrean, enpresak berak dituen baliabideak eta larrialdi-zerbitzuen koordinazioa eta erantzuna hobetzea du xede.

 

Oraindik eraikuntza-fasean dagoen Bergara-Irun gasbidean, Irungo Katea auzoan,  egin dute gaur goizean ekimen hau. Ariketan, luizi batek langile bi azpian harrapatu balitu bezala jokatu dute; bietako bat, lurperatuta geratu da eta bigarrena, aldiz, gas-hodi handi baten azpian harrapatuta geratu da.  Zaila da ustezko ezbeharra izandako tokira iristea, eta, ondorioz, zaurituak ateratzeko erreskate-operazio berezi bat egin behar izan dute.
SOS Deiak 112ko kideek, Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzako Esku Hartzeko Zerbitzuak, Irungo ertzain-etxeak, Helikopteroen Unitateak eta Ertzaintzako Ertzainor Unitateko txakur taldeak, Irungo Udaltzaingoak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaileek, Osakidetzako larrialdi zerbitzuek eta gasbidearen obretaz arduratzen den enpresako (Masa) langileak izan dira simulazioan parte hartzen.
Gaur 11:30etan SOS Deiakek emandako abisuarekin ekin zaio ariketari. Handik minutu gutxira iritsi dira agenteen lehen patruilak, osasun zerbitzuetako kideak, suhiltzaileak eta babes zibileko agenteak. 
Osakidetzako osasun-langileek lurpean harrapatutako zauritua egonkortu, eta, suhiltzaileekin batera, erreskatatu egin dute. Lur azpian harrapatutako pertsona aurkitzeko lanetan gidari batek eta Ertzainor Unitateko txakur batek parte hartu dute. Gainera, eraikuntza-enpresako teknikariek esku hartu dute salbamendu-zereginetan, makineria ugari erabiliz. 
Zakurra eroan duen Ertzaintzako helikopteroa arduratu da zaurituetako bat handik eramateaz. Bigarren biktima Osakidetzako anbulantzian eroan dute.
Ariketa horren aurretik, prestakuntza-bilerak egin dituzte Herrizaingo Saileko Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzako, Naturgas Energia enpresako eta larrialdi-zerbitzuetako teknikariek. Ekimen horrekin amaitzeko, azken ebaluazio-saio bat egingo dute. Bilera horretan, burututako simulazioa berriz aztertuko dute, beharrezkoa bada, kasu hauetarako Larrialdiei Aurregiteko Euskal Sisteman aurreikusitako komunikazio, parte-hartze eta koordinazio protokoloan hobekuntzak egiteko.   
Pedro Anitua Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Larrialdiei Aurregiteko zuzendariak eta Juan Ramon Arraibi Naturgas Energia taldeko Negozio Arautuetako zuzendari nagusiak bertatik bertara jarraitu dute simulazioa.