Azken eguneratzea: 2010/04/12
Ertzaintzaren ''Bortxa'' telefonoak zerbitzu berri bat eskainiko die genero indarkeriaren biktimei
Larrialdi kasuetan Ertzaintzarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera emateaz gain, hil honetatik aurrera babes eta euskarri emozionala ere eskainiko die erabiltzaileei.
''Bortxa'' telefonoa genero indarkeriaren biktimei ertzain-etxeetan eskaintzen zaien baliabide teknologiko bat da, larrialdi egoera baten aurrean polizia-unitateekin zuzenean harremanetan jar daitezen.

Sakelako telefono bat da. Eskatzen duten biktimek dute horietako bat eskuratzeko aukera eta, gehienez, 12 orduko epean jasotzen dute. Telefonoak Ardatz (Agintaritza eta Kontrol Zentroa) zentroarekin edota esku hartzen duen ertzain-etxearekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera ematen die erabiltzaileei. Gainera, SOS Deiak 112ra deitzea ere ahalbidetzen du.
2009 urte amaieran, 176 emakumezkok erabiltzen zuten zerbitzua; 24k Araban, 88k Bizkaian eta 64k Gipuzkoan. Markatze bizkorrari esker, erabiltzaileek tekla bat sakatu besterik ez dute egin behar zerbitzuak erabili ahal izateko. Telefonoaren konfigurazioak ez du uzten beste zenbaki batzuei deitzea; bai, ordea, deiak jasotzea.
Hil honetatik aurrera, telefonoak funtzio berria izango du: erabiltzaileek Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Telefono Zerbitzura (900 840 111) deitu ahal izango dute. Telefono bidezko arreta-zerbitzu hori Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren baliabide bat da.
Erkidegoan eskaintzen den zerbitzu hau doakoa da eta telefono bidezko arreta-zerbitzua eskaintzen die egunean 24 orduz genero indarkeriaren biktimei. Gainera, indarkeria jasaten duten eta, horren ondorioz, biktimak diren eta ahulezia egoeran dauden emakumeei laguntza psikologikoa, informazioa eta orientazioa ematen die etengabe.
Hain zuzen, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Telefono Zerbitzuak zenbait gizarte zerbitzu batzen ditu; informazioa, orientazioa, laguntzari eta norengana jo dezakeenari buruzko orientabidea, entzutean oinarritutako laguntza psikologikoa, euskarri emozionala eta orientazioa krisi zein larrialdi egoeretan.
Funtzio berria hil honetan eta modu progresiboan jarriko da martxan "Bortxa" telefonoetan. Hala, larrialdi egoeretan polizia-unitateekin harremanetan jartzeko baliabide azkar bat izateaz gain, zerbitzuak gehiago entzuten eta laguntzen dietela sentiaraziko die erabiltzen duten emakumezkoei.
Laguntza telefoniko honek entzutearen prozesua aintzat hartzen duenez, biktimei lasaitu handia hartzeko aukera emateaz gain, euren buruan konfiantza berreskuratzen lagundu diezaieke.