Gobernu Kontseiluak Arkautiko Ikastegiaren barne egitura berria zehazten duen Dekretua onartu du gaur. Dokumentuan jasotzen denez, organigrama berria segurtasun publikoa bere osotasunean hartzearen emaitza da; horrek herritarrei laguntzeko eta horiek babesteko zerbitzu guztiak modu eraginkorrean integratu beharra ekarri du, polizia-baliabideei larrialdiei aurre egitekoak eta babes zibilekoak batuz.
Euskal Herriko Poliziaren Ikastegian ertzainak eta udaltzainak prestatu dituzte 1982an sortu zutenetik, baina esfortzu nagusia Ertzaintza hedatzera zuzendu dute. Aurrerantzean, zeregin horiez gain, segurtasun publikoari lotutako esparru berriak ere hartuko ditu bere gain, larrialdiak eta babes zibila bereziki. Erronka honen aurrean Ikastegiaren barne gaitasuna optimizatzeko, heziketa zentro hau berregituratu beharra dago, Herrizaingo Sailaren ustez. Egoera berriak Ikastegiaren jarduera handitzea ekarriko du, orain artekoei zeregin berriak gaineratu behar baitzaizkio. Halaber, segurtasun alorrean ikerketarako zentro gisa duen erabilera handitu beharra dago.
Gaur onartutako Dekretuaren arabera, EAEko polizia taldeetako kideak trebatzea eta hautatzea, babesa eskaintzen duten erakundeei laguntzea (batez ere, segurtasun pribatuaz, larrialdiei aurre egiteaz eta babes zibilaz arduratzen direnei), segurtasun alorreko ikerketak egitea eta segurtasun mailako ezagupenak hedatzea dira Euskal Herriko Polizia Ikastegiaren ardura nagusiak.
Ikastegiaren funtzioak zein diren ere zehazten du Dekretuak; Ertzaintzan zein Udaltzaingoetan sartzeko aukeraketa prozesu osoa, barne-igoerak eta agenteen espezializazioa izango ditu zeregin nagusi. Horretarako, udal administrazioekin eta segurtasuna bultzatzeko lan egiten duten erakunde publiko eta pribatu guztiekin arituko da elkarlanean.
Dekretuak, azkenik, elkarrekin lotzen ditu Arkautiko Ikastegia kudeatzeko ardura duten barne organoak, bertako gobernua (Kontseilu Errektorea eta Zuzendaritza), zuzendaritza mailako talde kudeatzaileak, eta administrazioko sail ezberdinak (ikerketa eta plangintza, kudeaketa akademikoa, administrazioa eta zerbitzuak, erregimen juridikoa, kudeaketa ekonomikoa eta gai orokorrak, barne). Dekretuak egitura berri horretako organo bakoitzak izango dituen ardura eta gaitasunak jasotzen ditu.
Dekretu hau onartuta, Herrizaingo Sailak funtsezko urratsa eman du segurtasunaren alor guztien inguruan heziketa osoa eskainiko duen zentro bihurtzeko Arkautiko Ikastegia. Horretarako, orain arte zuen oinarrizko zereginaz (polizia-prestakuntza) gain, aurrerantzean materia eta zerbitzu aukera zabala eskainiko du, babes zibilarekin eta larrialdiei aurre egitearekin zein segurtasun pribatuarekin eta pertsonak babestearekin lotutako gaiak eskainiz.