Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak webgune berri bat aurkeztu du
Webgune berriaren izena ”EZ ISILDU!” (www.euskadi.net/ezisildu) da eta genero indarkeriaren biktima diren emakumeak informatzeko eta aholkatzeko tokia izateaz gain, indarkeria psikologikoa kontrol bezala erabiltzea erabat legitimatzen duten maitasun rol eta ereduak dituzten emakume gazteentzat lagungarri izateko asmoa ere badu.
Webgune honen helburua emakume gazte guztiei genero indarkeriaren aurrean informazioa, jarraibideak eta baliabideak ematea da.
Edonola ere, honelako web bat ezin denez biktimei zuzenduta bakarrik sortu, EZ ISILDUren barruan kontsultak egiteko guneak, askotariko edukiak eta tresnak daude, errealitate horren baitan dauden beste publiko batzuei zuzenduta:
Genero indarkeria erabiltzen duten gizon gazteei, jokabide horrek gizartearen eta legediaren aldetik ekartzen duen arbuioaren erakusgarri.
EAEko herritar gazteei, oro har, prebentzio estrategien artean, besteak beste, hausnarketa eta berdinen arteko sentsibilizazio eta kontzientziazio mezuak zabaltzea sustatzeko.
Edozein motatako genero indarkeria jasaten ari diren emakume gazteen gertuko pertsonei, informatu, aholkatu eta kontsultak egiteko toki gisa, hori jasaten ari den emakumeari laguntza gidatua eta eraginkorra emateko.
Eta herritar gazteen artean genero indarkeriari aurrea hartzen, horretaz sentsibilizatzen, horren aurrean esku hartzen eta hori ikertzen ari diren profesional, elkarte eta bestelako erakundeei.
Garrantzitsua da weben eta sare sozialen munduan sartzea, gazte jendea mugitzen den lekuetan sartzea alegia, tresnak emateko, euren gizarte eremuan bertan hausnarketa egiten eta eztabaidatzen laguntzeko, eta, jakina, edozein motatako genero indarkeria jasaten ari diren emakume gazteengana eta laguntza eskatzeko ez ezik hori jasaten ari direla konturatzeko ere zailtasunak dituztenengana hurbiltzeko.
Gai horiek guztiak http://ezisildu.blog.euskadi.net blogean, Facebooken (http://facebook.com/#!ezisildu), Tuentin (http://tuenti.com/ezisildu) eta Twitterren (http://twitter.com/#!ezisildu) ere jorratu eta jarraitu ahal dira.