Indarkeria ote?
Badakizu zer den genero-indarkeria? Nolakoa den? Badakizu non jartzen diren mugak eraso sexuala zer den eta zer ez den esateko orduan? Badakizu zer den jazarpen sexuala edo lanean sexuagatik gertatutako jazarpena?
Seguruenik, baietz erantzungo zenuke, egunero genero-indarkeriari buruzko informazioa entzuten duzula eta ondo baino hobeto jakingo zenukeela halakorik jasaten duzun ala ez edo ingurukoren batek jasaten duen.
Nolanahi ere, edonolako genero-indarkeriaren arloko prebentzioan eta jarduketan lan egiten dugunok kezkatuta gaude oso fenomeno kontrajarria sortu delako. Hain zuzen ere, zure garapen pertsonalean funtsezkoak diren beste gai askotan bezala, kalitate txarreko informazio ugari dago, okerreko interpretazioak egiten dira eta hainbat mitori eusten zaie, tratu txarrak jasaten dituen edo eraso sexuala, jazarpen sexuala edo sexuagatiko jazarpena jasan duen emakumea zer den, tratu txarrak ematen dituen gizona zer den... zehazteko orduan.
Askotan, “desinformatutako" informazio hori pasadizo hutsean geratzen da edo alde morbosoena eta muturrekoena nabarmentzen du, zuok bizi dituzuen edo bizi izan dituzuen askoz errealitate hurbilagoak eta “sotilagoak” alde batera utzita, nahiz eta besteak bezain larriak diren.
Autodefentsarako erremintak artikulatu
Askotan, zuontzat oso zaila da maitasunaren eta tratu txarren arteko mugak zehaztea, kontrol/manipulazioaren eta berdintasunezko harreman aberasgarriaren artekoak… Gizartean igorritako mezuaren arabera, emakume gazteak berdintasunean bizi dira, eta horren ondorioz sortutako matxismoa zein indarkeria amen, amamen... arazoa da. Hala ere, datuetara jo besterik ez dago, gero eta emakume gazte gehiagok bikotekideen edo bikotekide ohien tratu txarrak jasaten dituztela ikusteko, eraso sexualen kopuruak gora egin duela egiaztatzeko, oraindik ere jazarpen sexuala eta/edo lanean sexuagatik gertatutako jazarpena ematen direla konturatzeko...
Emakumeen langabezia-indizea eta lan-ezegonkortasuna gizonenak baino handiagoak dira. Gizartean zabaldutako mezu “sotilaren" arabera, etxeko lanak eta zainketa emakumeen lehentasunezko ardurak dira oraindik (eszedentziak, lanaldi-murrizketak…). Ezinezko edertasun-idealari eusteko presioa ezin handiagoa da. Maitasun erromantikoaren mitoak erabat desberdintasunezkoak diren egoerak “maitasunagatik" jasatera behartzen ditu emakumeak... Hori guztiori kontuan hartuta, emakume gazteen errealitatea aztertuko bagenu, errazago ulertuko zenuke oraindik ere zergatik den genero-indarkeria hain arazo hurbila eta “ikusezina” hur-hur badaukagu ere?
Zer gertatzen da? Gauza bera gertatzen da, muturreko egoeraren ondorioak oro har azaltzen badizkizute (hilketa, oinazea, amorrua, ezintasuna), baina, era berean, egoera horren hastapenak nola antzeman azaltzen ez badizute, tratu txarrak ematen dituztenak nola antzeman esaten ez badizute eta, hasieratik harremana zer izan behar den eta zer ez den izan behar argi edukita, nola prebenitu adierazten ez badizute. Horrela, adiskideei eta senideei ere lagundu ahal izango diezu, edonolako genero-indarkeriarik jasaten badute. Aldi berean, jabekuntza izango duzu eta zure inguruko gainerako emakumeei ere emango diezu jabekuntza, edonolako desberdintasun eta indarkeria sexistaren aurrean euren burua defendatzeko aukera eduki dezaten.