Funtzio publikoa
1.- Euskal Funtzio Publikoari buruzko ekainaren 6ko 6/1989 Legearen 2.1 artikuluan zehaztutako eremuan sartzen diren langileek, baita irakasleek eta lotura estatutarioa duten osasun-langileek ere, ekintza terrorista baten ondorioz kalte fisiko edo psikofisiko bereziki larriak nozitu badituzte, euren baldintzak eta gorabeherak kontuan hartuta horretarako premia dutela arrazoitzen dutenean, eskubide hauek izango dituzte:
a) Beraien kidego, eskala edo lan-kategorian antzeko ezaugarriak dituen beste lanpostu batera aldatzeko eskubidea, lanpostu hutsa nahitaez betetzeko beharra izan gabe, beren burua benetan babesteko edo sorospena jaso ahal izateko lehen zerbitzuak ematen zituzten herrian lanpostua utzi beharrean suertatzen badira. Lanpostua aldatze hori derrigorrezko lekualdatzea izango da.
Dena den, lanpostua betetzeko lanpostuen zerrendan ezartzen diren baldintzak bete beharko dira.
b) Eszedentzia, beren burua benetan babesteko edo asistentzia jaso ahal izateko, gutxieneko epe batean lanean aritu beharrik izan gabe eta eszedentzian egoteko eperik eskatu gabe. Lehenengo sei hilabeteetan eskubidea izango dute lehen betetzen zuten lanpostua gordetzeko eta epe hori konputagarria izango da antzinatasunerako, karrerarako eta aplikagarriak zaizkien Gizarte Segurantzako erregimeneko eskubideetarako. Lanpostua gordetze hori luzatu ahal izango da hiru hilabeteko epeka, eta gehienez ere hemezortzi hilabetez.
Eszedentzian egondako lehenengo bi hilabeteetan ordainsari osoa jasotzeko eskubidea izango dute.
c) Justifikatutzat joko da lanera ez joatea, guztizkoa edo partziala izan, arreta emateko gizarte-zerbitzuek edo osasun-zerbitzuek, kasuan kasuko egoeraren arabera, hala zehazten badute eta ezartzen dituzten baldintzetan.
d) Lanaldia murrizteko eskubidea, ordainsaria ere proportzioan murriztuta, edo laneko denbora berrantolatzeko eskubidea, ordutegia egokituz, ordutegi malgua aplikatuz edo laneko denbora antolatzeko aplikagarriak izan daitezkeen bestelako moduak ezarriz, administrazio publiko eskudunak kasu bakoitzean ezartzen duenaren arabera.
2.- Kapitulu honetan jasotako eskubideak aitortzeari buruzko prozedurak izapidetu eta ebazterakoan pertsonak intimitaterako eta duintasunerako duen eskubidea bermatuko da, baita eragindako pertsonei buruzko informazioa isilpean gordetzea ere. Pertsonalaren arloan eskumena duten organoek informazioaren tratamendu egokia egingo dute, eta informazio hori erreserbatu legetxe gordeko da.
3.- Ebazpena emateko eskumena duen organoak eskatzaileak dituen inguruabarrei buruzko irizpena eskatuko dio Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari. Txosten hori loteslea izango da inguruabar horiekiko.