Azken eguneratzea: 2015/04/22

Ikuskapen-kanpaina: 'RIOJA jatorri-deiturako ardoa' (2014). EMAITZAK

(Noiz eginikoa: 2014ko maiatzak 12 - uztailak 1)

Aurrekariak

'Rioja' Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzaileak hainbat salaketa helarazi zizkion Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoren eta Lehiakortasunaren Saileko Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzara, aipatutako jatorri-deitura hori batzuek oker erabiltzen dutelako (eta kontsumitzaileak nahasiko zituelakoan). Salaketa haiek kontuan hartuta, zuzendaritzak halako kasuetan erabiltzen den dokumentazioa bidali zion Kontsumobideri, eta eskatu zion salatutako txikizkako establezimenduak gainbegiratu eta kontrola zitzala.

Kanpainaren helburua

Kanpaina honetako ikuskaritza-lanaren helburu nagusia, hortaz, 'Rioja' Jatorri Deitura Kalifikatua behar bezala erabiltzen dela begiratzea izan da, nola karteletan hala ardoen ontzietako etiketetan ere.

Establezimenduak

'Rioja' Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzaileak salatu zituen txikizkako establezimenduak ikuskatu ditugu (15 Araban, 26 Bizkaian eta 16 Gipuzkoan).

Noiz egin zen

Kanpaina lurraldez lurralde egin zen 2014ko maiatzaren 12tik uztailaren 1era arte (Araban, 2014ko ekainaren 23a eta uztailaren 1a bitartean; Bizkaian, 2014ko ekainaren 2a eta 13a bitartean, eta Gipuzkoan, 2014ko maiatzaren 12a eta 23a bitartean).

Emaitzak

Ikuskatutako botilen % 100ak ondo betetzen zuen etiketari buruzko araudia, eta ez zuten jatorri-deitura oker erabiltzen.

Ikuskatutako establezimenduetatik, bakarrak (Arabako batek) zeukan kontsumitzaileak nahasteko moduko kartelen bat.

Ondorioak

Hasteko eta behin, harrigarria iruditzen zaigu Kontseilu Arautzaileak salatutako irregulartasunak ikuskatutako leku bakar batean egiaztatu izana.

Litekeena da txikizkako establezimendu horiek kartelak aldatu edo kendu izana, Kontseilu Arautzaileak salatutako den-denei bidali zien idatzia jaso ondoren (kanpaina hau burutu aurretik ), baina ikuskaritzak komunikazio horietako batzuen berri besterik ez du izan.

Laburtuz, egin dugun kanpainaren emaitza aintzat hartuta, gutxienez, bi ondorio hauek argitaratu ditzakegu:

  1. 'Rioja' Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzaileak salatu zituen erabilera okerrak dagoeneko zuzendu dira; hortaz, ez dute inongo kontsumitzailerik nahasten.
  2. 'Rioja' izena edo babestuta dauden Errioxako hainbat lekuren izenak gaizki erabili izana (karteletan eta abar), agian, ezjakintasun hutsagatik izan da, Kontseilu Arautzaileak bidalitako komunikazioaren ondoren, itxura denez, irregulartasunak konpondu egin dituzte-eta. Hala ba, agian komenigarria izango da establezimenduei jakin beharrekoak erakustea edo prestakuntza ematea, ‘Rioja’ Jatorri Deitura Kalifikatua nola erabili behar den eta nola ez den erabili behar jakin dezaten.