Osasun Sailak sentsibilizazio eta prestakuntza kanpaina bat jarriko du abian udalerri aktiboagoak sortzeko

cartel_ac.f_eusk_web.jpg.jpg

2014.eko urriak 20

Komunitate-eremuan (toki-administrazioa, osasuna, hezkuntza, enpresa arloa, elkarteak) lan egiten duten eragileei prestakuntza emateko 15 tailer egingo dira guztira, jarduera fisikoa sustatzeko eta egoneko bizitza murrizteko modu koordinatuan eta sektore artekoan jardun dezaten.

Eusko Jaurlaritzaren 2013-2020 aldirako Osasun Planaren eta MUGIMENT planaren barruan abiaraziko da aipatutako kanpaina

Eibarren eta Gasteizen, irailaren 26an eta 29an, izan dira lehenengo bi prestakuntza-tailerrak eta esan behar da100 profesionalek baino gehiagok hartu duela parte

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak «Aukeratu jarduera fisikoa. Baztertu sedentarismoa. Zu irabazle»kanpaina abiarazi du hil honetan euskal herritarren artean jarduera fisikoa eta egoneko bizitzaren prebentzioa sustatzeko. 2013-2020 aldirako Osasun Planaren helburuen artean dago ekimen hori, baita Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak gizarte aktiboago bat sortzeko egindako Mugiment Plan estrategikoaren barruan ere.

Kanpaina horretan hainbat ekintza daude zehaztuta; besteak beste, tokiko eragileak sentsibilizatzea eta gaitzea ekimen aktiboak sustatzen modu koordinatuan jardun dezaten, baita zenbait helburu eta xede komun eduki ditzaten ere, komunitateko osasunaren alde eta, kasu honetan, jarduera fisikoa bultzatzeko.

Jarduera fisikoa sustatuko bada hainbat sektoreren eta adituren ahaleginak bateratu behar dira, baita tokiko eta komunitateko lana ere (tokiko administrazioak, hezkuntza-zentroak, ikastetxeak, elkarteak...), eta horrela jasota dago Eusko Jaurlaritzaren 2013-2020 aldirako Osasun Planean. Hartarako, Eusko Jaurlaritzaren plan honen eta Mugiment planaren esparruan, 15 prestakuntza-tailer jarriko ditu abian Osasun Sailak datozen hiletan, Erakunde Sanitario Integratu bakoitzeko bat, udalen, osasun publikoaren, eskolen, enpresen eta tokiko elkarteen arloko eragileei zuzenduta, besteak beste.

Eibarren eta Gasteizen egin dira, irailaren 26an eta 29an, Eusko Jaurlaritzako osasuna eta kirola sustatzeko teknikariek emandako lehenengo bi prestakuntza-lantegiak; Osakidetzaren Osasun Eskolak ere hartu du parte lantegi horietan. Esan behar da 100 profesionalek baino gehiagok hartu duela parte, eta hurrengo prestakuntza-lantegia azaroaren amaieran izango dela Urdulizen.

HELBURU ZEHATZAK

Prestakuntza-tailer horien helburu zehatzak honako hauek dira:

  • Jarduera fisikoaren onurei eta jokabide sedentarioaren arriskuei buruzko ezagutzak ematea, bai eta jokabide hori dakarten eragile sozialak zehazten laguntzea ere.
  • Jarduera fisikoari eta gaixotasunen prebalentziari dagokienez Euskadin dagoen egoera errealaz kontzientziatzea.
  • Profesionalak trebatzea patologia jakin batzuetan arrisku-faktoreak aldatzeko eta/edo deuseztatzeko jarduera fisikoa erabil dezaten.
  • Hainbat sektoretako profesionalen sare bat sortu eta osatzea, jarduera fisikoa tokian-tokian sustatzeko komunitate-eragile gisa jardun dezaten.
  • Jarduera fisikoa sustatzeko orduan diziplina arteko ikuspegia eta koordinazioa bultzatzea.

KANPAINA OSASUN ZENTRO, ANBULATORIO, OSPITALE ETA FARMAZIA

Halaber, udalerrietan eragileak prestatzearekin batera, «Aukeratu jarduera fisikoa. Baztertu sedentarismoa. Zu irabazle» izeneko kanpainak jarduera fisikoak osasunari dakarzkion onurez kontzientziatu nahi ditu herritarrak oro har (neska-mutilak, gazteak, helduak eta adinekoak), baita bultzatu ere jarduera fisikoren bat egin dezaten, eta horrez gain, egoneko bizitza saihesteko gomendioak ere ematen ditu.  150.000 triptiko  eta kartel  banatu dira osasun-zentro, ospitale eta farmazietan; horietan jarduera fisikoa aukeratzearen garrantzia nabarmentzen duten mezu positiboak zabalduko dira, baita irudi batzuk ere adin-talde bakoitzari mugitzeko eta egoneko bizitza saihesteko aukera sorta handia eskaintzeko zein bizi-kalitatea hobetzeko gomendatutako denboraren berri emateko.

Osasunerako Mundu Erakundeak behin eta berriro jakinarazi duenez, jarduera fisikorik ez egitea da, herrialde garatuetan, gaixotasun kronikoen garapenaren eragile nagusietako bat. Jarduera fisikorik eza da, halaber, hilkortasunaren laugarren faktorea mundu osoan (munduko heriotzen % 6), eta hipertentsioa (% 13), tabakoaren kontsumoa (% 9) zein odoleko gehiegizko glukosa (% 6) baino ez ditu aurretik.

Euskadin egindako Osasunari buruzko azken inkestaren arabera gizonen % 20,2k eta emakumeen % 26,9k ez dute jarduerarik egiten eguneroko bizitzan.

Osasuneko sailburu Jon Darpónek adierazi duen moduan, «jarduera fisikoak eginkizun garrantzitsua du gaixotasunen prebentzioan, eta pertsonen osasunean duen eragin positiboak ekonomian, hezkuntzan edo enpleguan ere badu bere isla, besteak beste», eta ondorioz, «jarduera fisikoren bat egiten duten eta bizi-ohitura osasungarriak dituzten pertsonen kopurua handitzea bereziki garrantzitsua da osasuneko emaitzak hobetzeko».

Horregatik, jarduerarik ezaren oraingo ehunekoa % 10 eta 15 artean murrizteko ekimenak eta ekintzak lantzen ari da Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, betiere ingurune eta bizi-estilo osasungarriak sustatzearekin batera, lehentasunezko arlotzat hartuta baitago azken hori Osasun Planean.