Itxaropen euskal etxearen egoitza inauguratu da Saladillon (Argentina)

2014.eko Abuztuak 07

Hiriaren 151. urteurrenarekin eta San Inazioren jaiarekin bat etorriz, Saladilloko Euskal gizataldeak bere egoitza inauguratu du, zazpi urteko lana eta ahaleginak burutu ondoren eta Eusko Jaurlaritzak eta tokiko udalerriak lagunduta.

Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkaria Sara Pagola Aizpiri,  udal-intendente (alkate) Carlos Gorosito, FEVAko (Federación de Entidades Vasco Argentinas) presidente Hugo Andiazabal, euskal etxeko presidente Nora Idoeta eta Azul Diozesiko apezpiku Hugo Salaverry monsinorea izan dira ekitaldiaren buru. Orubearen bedeinkazioa Las Flores herriko apaiz Guillermo di Pascuale Zabalak egin du.

Argentinako eta Euskadiko himnoek eman zioten hasiera ekitaldiari. Zinta moztu eta ekitaldiari buruzko plakei estalgarria kendu eta gero, Daniel Altamira dantzariak omenaldia egin zien agintariei. Agintarien diskurtsoen ondoren, jardunaldiaren itxieran, euskal etxeak pintxoak eta ohorezko ardo bat eskaini zizkien gonbidatuei, horiek euskal etxearen eraikuntzaren eta Euskal Herrian izandako esperientzien gainean pasadizoak elkarri kontatzen ari ziren bitartean.

Aipatutako agintariez gain, honako hauek hartu zuten parte ekitaldian: Alejandro Armendariz eta Ricardo Lissalde probintziako diputatuek; Alejandra Lorden Honorable Concejo Deliberante izeneko udalbatzaren presidenteak; Laura Lacunza eskola-kontseiluaren batzordearen presidenteak; José María Ramos eta Guillermo Di Pascuale Zabala presbiteroek; lekuko zinegotziek; eskola-aholkulariek; eta Cañuelas, Chascomús, Chivilcoy, Chacabuco, Junín eta Lapridako euskal etxeetako ordezkariek.

Emozioz beteriko eguna

Argentinako hiriburutik 180 kilometroetara soilik egonda, eta dagoeneko 16 urte bizirik izan ondoren, Itxaropen euskal etxeko kideek bere poztasuna adierazi zieten elkarri eta gonbidatuei ikusten ari zirelako egi bihurtu zela beren ametsa:  toki bat izatea elkarrekin egoteko, euskara praktikatzeko, liburutegi bat antolatzeko eta hiri osoari dei egiteko euskaldunak eta Euskal Herria apur bat gehiago ezagutzera.

Hemen sartzen dena bere etxean dago. Hitz horiekin eman zien ongietorria gonbidatu guztiei Nora Idoetak, eta Saladilloko euskal gizataldearen izenean eskertu zion Udalari euskal etxea altxatzen den lursailaren dohaintza, baita lekuko gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza, horiek gabe ez gauzatuko-eta baserria izatearen ametsa.

Salaverry apezpikuak giro atsegina piztu zuen Euskadiko jesulagunen komunitatean berak izandako esperientziei buruzko pasadizoak kontatzen, eta laudatu egin zuen gizataldearen lana proiektua errealitatea bihurtzeko. Eskerrik asko irmotasunagatik, eskerrik asko langiletasunagatik, eskerrik asko zintzotasunagatik, esan zuen.

Zirrarak eta malkoek topo egin zuten hitzekin, Alfredo “Pilo” Elisagarayk, euskal etxeko bazkide fundatzailetako batek, kontatu zuenean nola aukeratu zuten euskal etxearen izena: Itxaropen izenak gaztelaniaz “esperanza” esan nahi du. Euskal Herriaren itxaropena egunen batean behin joan eta itzuli ez zirenak  berriro ere ikusteko. Eta joan ziren horien itxaropena, halaber, berriro ere Euskal lurra zapaltzeko, adierazi zuen hunkituta.

Amets bat egia bihurtzeko, amets bat egon behar delako, horregatik hasieratik lagundu nahi izan genien euskaldunei etxe bat izateko ametsean, azaldu zien bertaratuei Carlos Gorosito intendenteak, aldi berean Tolosatik etorritako bere asabak gogora ekarriz.

Sara Pagola ordezkariak gogoratu zuen etxeak duen garrantzia euskaldunen artean, euskal herriaren sustraien oinarri soziala dela etxea esan zuen, eta azpimarratu zuen Saladilloko nahiz Euskadiko erakundeen eta gizatalde horretako kideen ekarpenak  ahalbideratuko duela etxe horrek Euskal herriaren kultura, gastronomia eta ohiturak islatzea. Eta amaitzeko ongietorriaren lemari ekin zion: Zuen izenean, ongi etorri zuen etxera.