Azken eguneratzea: 2012/02/13

Eusko Jaurlaritzak klinika pribatuei PIP-protesiak jarri dizkieten emakumeekin harremanetan jartzeko eskatu die, jarraipena egingo zaiela bermatzeko

173 emakumeri jarri zaie protesi-mota hori Euskadin

PIP titi-protesiak jarri zaizkien emakumeei behar bezalako segimendua egingo zaiela bermatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak Euskadin ebakuntza horiek egin dituzten zentro pribatuei gutun bat bidali die, esateko jar daitezela harremanetan paziente horiekin, informazioa eman eta kasu bakoitzaren arabera egoki iritzitako zainketa-neurriak eskaintzeko. 173 emakumeri jarri zaizkie inplante-mota horiek Euskadin; 172ri, Gipuzkoan, eta bati, Araban. Datu horren berri izateko harremanetan jarri da saila Euskadiko klinika pribatu guztiekin azken aste honetan, telefonoz.

Osakidetzan protesi horiek erabili dituzten kasuei dagokienez, esan behar da 10 inplante egin zaizkiela 8 emakumeri, Donostiako Unibertsitate Ospitalean. Ez da arazorik izan denik egiaztatu, baina badaezpada, kontsultara etortzeko esan zaie emakume guztiei, azterketa medikoa egin eta egoeraren berri emateko.

Gogoratzekoa da 2010eko martxoan atzeman zela PIP-protesiek arazoak ematen zituztela, hain zuzen ere, protesi horietako batzuk hautsi egiten zirela edo narritadurak sortzen zituztela egiaztatu zelako.  Une hartan eta orain arte, protesi horien banatzaileak emandako datuen arabera, Euskadin ez zegoen protesi horiek erosten zituen klinika edo zentro sanitariorik. PIP protesiek epe ertain eta luzera izan ditzaketen ondorioei buruz Frantzian orain gutxi agertutako informazioaz geroztik berpiztu da abenduan berriro alerta, Europan. Osasun eta Kontsumo Sailak Osasun Sistema Nazionalarekin batera EAEko klinika eta ospitale guztiei egindako inkestaren ondorioz, egiaztatu ahal izan da egin zirela inplanteak protesi horiek erabilita.

Osasun eta Kontsumo Sailak etengabeko harremana du Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasuneko Ministerioarekin, informazioa partekatzeko, gomendioak emateko eta modu koordinatuan ezartzen diren neurriak hartzeko. Une honetan, eta ebidentzia zientifikoa oinarri hartuta, ez da gomendatzen protesiak modu sistematikoan aldatzea, baldin eta hausturarik edo bularretan hori egitea aholkatzen duten sintomarik ez badago.

Oharra: Gaur arte argitaraturiko informazio guztia AEMPSen web atarian ikusgai dao, “Información sobre las prótesis mamarias Poly Implant PIP” http://www.aemps.gob.es/productosSanitarios/prodSanitarios/infor_PIP/home.htm) y en la web del Ministerio de Sanidad, Servicios Sociales e Igualdad (www.msssi.gob.es).