|
Wine Enthusiast Ipar Amerikako aldizkariak egindako zerrendaren lehendabiziko postua lortu El Puntido 2004k.
Guardiako Viñedos de Paganos upeltegiaren El Puntido 2004 ardoa munduko onena izendatu dute Ipar Amerikako Wine Enthusiast aldizkariak egindako zerrendan. Argitalpenak ospe handia du nazioarte mailako sukaldaritza sektorean eta, orain gutxi, urteko ardorik onenak biltzen dituen "The Enthusiast 100" zerrenda kaleratu du. Ardoen kalitatea eta prezioa kontuan hartu dute aukeraketa-prozesuan.
Viñedos de Paganos upeltegiaren El Puntido 2004k eskuratu du aurten zerrendaren lehendabiziko postua. Ameriketako Estatu Batuetan 57 dolarren truke eros daiteke El Puntido 2004 ardo-botila. Guillermo Egurenek eta haren semeek sortutako taldearen barruan dago Viñedos de Paganos, beste lau upeltegirekin batera: Señorio de Vicente, Sierra Cantabria, Numanthia-Termes eta Finca El Bosque.
Horrez gainera, ezin ahaztu dezakegu Arabako Errioxan ekoizten den beste ardo bat ere zerrendan agertzen dela: Samaniegoko Ostatu upeltegiaren Gloria de Ostatu 2003, hain zuzen.
Guardia
Arabako Errioxan dago Guardia, "ardoaren hiriburua". Upeltegi anitz aurki ditzakegu bertan eta Ardoaren Ibilbide ospetsuaren geltokietako bat da. Guardiako Turismo-Bulegoan (Samaniego Jauregia-San Juan Plaza) eskainiko digute udalerriari eta eskualdeari buruzko informazio guztia.
|