Azken eguneratzea: 2012/11/22

Justiziak berretsi egin du kontsumobidek nafarroako rural kutxari hipoteka mailegu batean abusuzko klausulak jartzeagatik ezarritako zigorra

Finantza-erakundeak arau-hauste larriagatik ezarri zitzaion 5.000 -ko isuna ordaindu beharko du

Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 1. Epaitegiak emandako epai irmoak berretsi egin du Kontsumoko Euskal Institutuak (Kontsumobide) Nafarroako Rural Kutxari hipoteka-mailegu batean abusuzko klausulak jartzeagatik ezarri zion zigorra.

Hori horrela, Nafarroako Rural Kutxa kreditu-kooperatiba sozietateak ordaindu egin beharko du Kontsumobidek bere garaian ezarri zion 5.000 euroko zigorra, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babes eta defentsarako indarreko legedian xedatutako arau-hauste larria egiteagatik.

Halaber, zigorra argitara eman dadila agintzen du epaiak, «eredugarritasun-arrazoiengatik», eta Rural Kutxari ordainarazi dizkio auziaren kostuak. Epaiaren aurka ezin da errekurtsorik aurkeztu.

Ebazpen judizialaren bidez, amaiera eman zaio Kontsumobidek 2011ko uztailean finantza-erakundeari hipoteka-mailegu batean abusuzko «sabai» eta «zoru» klausulak jartzeagatik ezarritako 5.000 €-ko isunaren aurka banketxeak jarritako helegitearen bidez hasi zen liskar administratiboa.

Kontsumoko Euskal Institutuak, zigorra ezartzea erabaki baino lehen, klausulak zuzentzeko beharraren gaineko oharra egin zion Rural Kutxari, arauz kanpokoak zirela-eta. Finantza-sozietateak, ordea, oharra aintzat hartu ez, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen; errekurtso horrek ezespena jaso zuen, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo sailburuaren agindu baten bidez.

Orain, ebazpen judizialak behin betiko itxi du auzia: arau-haustea egon zela berrestearekin batera, isuna ordaintzera behartu du banketxea.

 

- 2012ko irailaren 19ko 217/2012 epaia, Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 1 zenbakiko Epaitegiarena (gaia: Caja Rural de Navarrari jarritako zehapena) (pdf, 8,3 Mb) [es]