Izar-malkoak. Laburpena
Beñatek hamasei urte ditu eta informatika eta neskak maite ditu beste edozeren gainetik. Infomatikan hacker-a izatea du helburu bere lagun Ibonekin batera. Nesketan hasi berria da. Izan du lehendabiziko harreman txiki bat Jaionerekin, baina Maider ezagutzen duenean konturatuko da, zer den lehendabiziko aldiz maitemintzea.
Diskoteka batean ezagutuko du Maider, katu-begi berdeak dituen neska. Harritu egingo da Beñat hain neska erakargarria berarekin geratzen denean. Berriro ikusteko itxaropena galtzen hasita dagoenean, azaldu egingo zaio etxean ustekabean. Eta horrek ere asko harrituko du Beñat. Maiderren portaerak, Maiderren jarrerak, Maiderren ateraldiek, Maiderren ia denak harritzen du Beñat. Maider zenbat eta gehiago ezagutu, harritzeko arrazoi gehiago izango ditu, ordea.
Eta ez denak oso atseginak.
Izar-malkoak. Zatiak
• -Begira, horko horiei Izar-malkoak esaten zaie- esan nizun, esku batez zeruko puntu bat seinalatuz, eta zerbait botatze aldera. Beti gustatu izan zaizkit izarrak, eta banekien zerbait haietako gutxi batzuen izenen eta kontuen inguruan.
• -Izar-malkoak- ezagutzen nituen astro bakarrenetakoak ziren eta aprobetxatu egin behar nuen, ño-. Pleiadeak. Orion ehiztariak harrapatu nahi omen zituen, eta jainkoek…
-Harrapatu? Zertarako?- eten zenidan. Ondo baino hobeto imajinatu zenuen zertarako. Zure begiradak majo adierazten zuen.
• Nire telefono zenbakia eman nizun -zuk ez zenidan zeurea eman-. Eta kitto. Han ez zen ezer berezirik gertatu. Musu bat eman zenidan -kopetan-, eta ezkaratzeko atea zeharkatu zenuen, niri beste ezer saiazeko astirik eman gabe.
• -Hobe hola, hi. Ez nian neska hura ezagutzen, baina buruarin hutsa iruditu zitzaidaan. Eta ez iruditu bakarrik. Ezagun batek bai, ezagutzen zian, eta horrekin argi ibiltzeko ahokatu zidak. Harroegia duk, Beñat. Itxura osoa zaukaan: harroputz madarikatu batena. Orain ahaztu ezak eta bakea.
• "Ez inori azaldu zein izan diren zure balentria zibernetikoak, guztiz-guztiz fidagarria ez bada behintzat. Historiako hacker handienak ehizatu dituzte haien neskalagunen aitortzen ondorioz".
• Horrela hasi zen guztia. Antzerkia, zinea, pasieraren bat -asko maite zenituen pasierak! Gero jakin nuen zergatia-. Dena oso azkar. Ez nintzen denboraren hegadez jabetu er eegiten, maldan behera eta galgarik gabe bezala nindoan. Horietan, jakina da, ostiakoa hartu eta hortzak galtzeko arriskua ez da baztergarria izaten. Berdin zitzaidan. Ordenagailua zenbait egunetan ahaztu eta guzti egin nuen -pentsa-. Besarkada ugari izan ziren bion artean. Musu gehiago.
• Ez nengoen batere seguru zer moduz ari ote nintzen. Suposatzen dut antzemango zeniola. Nire lehendabiziko aldia zela, alegia. Ez zenuen horren inguruan ezer esan, ordea -ez orduan ez gero-, eta niri, izter haien artean korapilaturik, fantasiazko mundu batean eroria nintzela iruditu zitzaidan. Ondo gogoratzen dut zer nolako dardara izan nuen hankatan jardunaldi osoan.
• Zalantzatan hasi nintzen. Zure portaera hotz hori ohikoa ote zenuen galdetu nion neure buruari. Zure aingeru itxurak, aingeru pagano eta erakargarrienaren itxuak, ez zidan hori sinesten uzten. Errugabeegia ematen zenuen zure irribarre pikaroaren azpian. Neuri buruari galdetu niola nioen, ea naturaltasun hori ikasitakoa zenuen, berezkoa, edo urduritasunaren ondorioa ere izan al zitekeen.
• Zure amaren pausoak entzun genituen pasilloan aurrera. Bai bere gela bai zurea pasilloaren amaieran zeuden. Erdi-erdian, komuna. Alegia, gu. Arnasa eusten eman genituen hainbat segundo.
• Nitaz aprobetxatzen zinela, hori oso garbi nuen- tontotuta nenbilen, baina inola ez itsu-. Berdin zidan , ordea. Benetan. Denak berdin zidan. Apetak apeta, nirekin gozatu egiten zenuen, argi zegoen. Eta horrek trankiltasun moduko bat eskaintzen zidan. Neure autoestimurako autojustifikazio merkea zen.
• Gero, Maider… Gero badakizu zer etorri zen.