Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritza

Titularra: Aitziber Beldarrain Robles

DONOSTIA, 1
01010 VITORIA-GASTEIZ (ARABA)

Tlf.: 945019737  Ext.: 19737
Faxa: 945019020

Agintaldia: 2017/10/02 - 2020/11/28
Inprimatu

EGINKIZUNAK

Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzak, dekretu honetako 8. artikuluan adierazitakoez gain, honako eskudantziak izango ditu:

a) Kontzertu Ekonomikoaren edo finantzaketako bestelako tresna juridikoen arabera, Estatuko administrazioarekin edo foru-aldundiekin dituen harremanetan Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskubideak edo betebeharrak kudeatu eta izapidetzea.

b) Autonomia Erkidegoaren, Estatuko Administrazioaren eta bestelako lurralde-erakundeen artean transferitzekoak diren eskumen edo zerbitzuen balorazioari buruzko txostena prestatzea, eta erkidegoaren barruan balorazioak onesteko ardura duten organoei laguntza ematea.

c) Estatuko Administrazioarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazioekin eta beste administrazio publikoekin dituen harremanetan Autonomia Erkidegoko Administrazioak alor ekonomikoan dituen eskubide eta obligazio guztiak izapidetzea, indarreko araudiak hala agintzen duenez eta bete behar denez; alde batera utzita zerga- edo finantza-arloko eskubide eta obligazioak.

d) Tarteko diren erakundeekin batera, kupoaren osagaien eta metodologiaren eta urteko zenbatekoaren kalkuluari eta balorazioari buruzko azterlan eta ikerlanak egitea, eta horretan arituko diren organoetan lotu beharreko arau eta akordioen metodologia eta artikulazioa zehaztea.

e) Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoari babesa eta laguntza tekniko eta administratiboa ematea bere zereginak egiteko, Zerga Administrazioko Zuzendaritzarekin koordinazioan jardunez.

f) Kontzertu Ekonomikoaren baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen artean banatzeko sistemari buruzko azterlan eta ikerlanak egitea, zehazki, sistemaren arauak nola egituratuko diren eta horretarako jarritako organoek arauok etengabe nola interpretatuko dituzten; halaber, baliabideak banatzeko sistemei jarraipena egin eta txostenak prestatzea, bereziki, foru aldundiek Euskadiko Ogasun Nagusira egin beharreko ekarpenei buruzkoak, hala agintzen baitute organo eskudunen akordioek eta indarreko araudiak.

g) Babesa eta laguntza tekniko eta administratiboa ematea Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari, agindutako egitekoak bete ditzan.

h) Kontzertu Ekonomikoan eta bestelako finantzaketa-sistema orokorretan bildutako zergei buruzko araudiak finantzaketa-arloan duen eraginari buruzko ikerketa eta azterlanak egitea, baita Euskal Autonomia Erkidegokoan bildutako zerga-baliabideei dagozkienak ere, honela, Euskal Autonomia Erkidegoaren finantzaketa-sistemaren jarraipena egitea ahalbidetuz, gainerako Administrazio Publikoekin alderatuta.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak erakundeetatik jasotzen dituen eskubide ekonomikoei buruzko ikerlan, azterketa eta txostenak egitea, bai eta erkidegotik kanpoko edozein iturritatik nahiz beste organo batzuek, beren lanean, ezartzen dituzten determinazioetatik autonomia-erkidegoak eskura dezakeen finantzazioaren optimizazioari buruzko ikerlan, azterketa eta txostenak ere.

j) Euskadiko administrazioek daukaten eskumen-mailaren kalkulua eta balorazioa egiteko beharrezko diren azterketa eta ikerlanak egitea, udaletako finantzazioa ere barne dela, eta, orokorrean, Euskadiko administrazioen barruan, erakundeen finantzazioari eragiten dioten beste edozein egite ekonomikori buruzko azterketak eta ikerlanak egitea.

k) Gaiaren arabera eskumena daukaten sailekin elkarlanean jardunez, Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotura daukaten finantza-fluxu europarrei aplikatu beharreko gidalerro eta irizpideak ezartzea.

l) Europako Batzordearen Kohesio Funtsaren –edo pareko figuraren baten– kargura finantzatzekoak izan daitezkeen Euskal Autonomia Erkidegoko proposamen eta ekimenak zuzendu, prestatu, landu eta horien jarraipena egitea, gai horretan eskudun diren sailekin lankidetzan.