Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza

Titularra: Jordi Campás Velasco 

DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN, 1

01010 VITORIA-GASTEIZ (ÁLAVA)

Tlf.: 945019007 Ext. 19007
Faxa: 945019614

Agintaldia: 2016/12/24 - 2020/11/28
Inprimatu

EGINKIZUNAK

1.– Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak, dekretu honetako 8. artikuluan adierazitakoez gain, honako egiteko hauek izango ditu:

a) Jaurlaritzaren erdi-eperako politika ekonomikoaren gidalerro eta norabideak zehaztea; sailen eta administrazio-atalen jarduna koordinatzen laguntzea, ekonomian eraginik baldin badute; eta jardun hori politika ekonomiko orokorrarekiko koherenteak izango dela zaintzea.

b) Jaurlaritzaren plangintza ekonomikoak bere baitan izan behar dituen tresnak eta edukiak definitu eta sortzea, eta programa eta politika publikoen ebaluazioa sustatu eta bultzatzea, hargatik eragotzi gabe Kontrol Ekonomikoko Bulegoari barne-kontrol ekonomikoaren arloan dagozkion eskumenak.

c) Euskal Sektore Publiko osoaren, administrazio publikoen eta azken horri atxikitako sektore publikoaren jardun ekonomiko eta finantzarioaren jarraipena eta azterketa egitea, hartara, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren urte anitzerako programazioa errazago doitu eta eguneratzeko.

d) Euskal Autonomia Erkidegoa parte den gainerako erakunde publikoen jarduna planifikatzen parte hartzea, Jaurlaritzak erabakitzen duen moduan; eta gizarteko eta ekonomiako eragileek parte hartu ahal izateko moduak dinamizatu eta sustatzea, ekonomiaren egiazko plangintza hitzartua lortzeko.

e) Indarreko arauen arabera lurraldea antolatzeko tresnak sortzeko prozesuetan parte hartzea, hain zuzen ere, eskualdearen plangintzan eragina duten eta ekonomiarekin zerikusia duten erabakietan.

f) Euskal ekonomiari buruzko azterlanak, txostenak eta argitalpenak egitea, bai orokorrak bai arlokakoak.

g) Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak egiten dituen eta jardun ekonomikoan eragina duten azterlanak koordinatzea, eta ekonomiaren arloan diharduen edozein organori laguntza teknikoa ematea, Gobernu Kontseiluak, hala badagokio, ezarritako baldintzetan.

h) Ikerketa ekonomikorako metodoak garatzea, bereziki euskal ekonomiarako ereduak eta ekonomia horren arloetarako edota zatietarako ereduak.

i) Euskal Autonomia Erkidegoaren egoera ekonomikoari buruzko urteroko eta sei hileroko txostenak egitea. Txosten horiek Euskadiko aurrekontu-erregimenaren arauetan eta Euskadiko Gizarte eta Ekonomia Kontseiluaren arauetan daude aurreikusita.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia eta politika ekonomikoaren egoeraren eta eboluzio orokor eta sektorialaren jarraipena egitea –erkidegoarena zein erkidegoan eragina duenarena– baita nazioko eta nazioarteko koiuntura ekonomikoarena ere, aurreikuspen-teknikak sortuz eta erabiliz eta koiuntura ekonomikoari buruzko azterlanak, txostenak eta argitalpenak eginez.

k) Jaurlaritzak, urteko aurrekontua baino haratago, aparteko ekonomia- eta finantza-neurririk hartu behar badu, neurri horiek aztertu eta analizatzea.

l) Sailaren estatistikak ekoizteko lanak bultzatzea, proposatzea eta garatzea, hargatik eragotzi gabe Euskal Estatistika Erakundearen (EEE) eskumenak.

m) Euskadik Europar Batasunean izan behar duen Esparru Estrategikorako proposamena egitea, eta Euskadirako Estatu Laguntzen Maparako proposamena egitea, erkidegoko bete beharreko arauetan jartzen duen moduan.

n) Euskal Autonomia Erkidegoan Europar Batasunaren esku-hartze programak eta ekimenak lantzea, horien jarraipena egitea eta kontrolatzea, europar eskualde-politikaren arloan, nekazaritza, arrantza eta elikagaietan eskumena duten sailek lantzen dituzten programak eta ekimenak izan ezik.

o) Europar Batasuneko politika ekonomikoaren eta, batez ere, eskualde-politikaren bilakaera eta garapenaren gaineko informazioa Jaurlaritzari ematea.

p) Euskal Autonomia Erkidegoko barneko eskualde-politikari buruzko programak egin, proposatu eta kudeatzea.

2.– Euskadiko Prezioen Batzordea eta Saileko Estatistikarako Organo Berezia ere Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzari atxikita daude.