Ekonomia, Finantzak eta Aurrekontu Sailburuordetza

Titularra: Alberto Alberdi Larizgoitia

DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN, 1
01010 VITORIA-GASTEIZ (ÁLAVA)

Tlf.: 945018977 Ext. 18977
Faxa: 945019020

Agintaldia: 2017/06/17 - 2020/11/28
Inprimatu

EGINKIZUNAK

1.– Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzak Ogasun eta Ekonomia Sailari esleitutako eskumenak erabiliko ditu honako gai hauetan, betiere sailburuaren zuzendaritzapean: plangintza ekonomikoa; azterlan eta metodo ekonomikoak; koiuntura eta aurreikuspen ekonomikoa; eskualde-politika; lehiaren defentsa; Autonomia Erkidegoko aurrekontuak zuzendu, landu, kudeatu, jarraipena egin eta kontrolatzea; finantza-politika eta finantza-erakundeekiko harremanak; diruzaintza, zorpetzea eta bermeak ematea; aseguru-bitartekaritzako eta gizarte-aurreikuspeneko erakundeen jarduera baimendu eta kontrolatzea; Sailburuordetzaren titularrari dagozkio, dekretu honen 7. artikuluan adierazitakoez gain, honako egitekoak:

a) Jaurlaritzaren plangintza ekonomikoa eta ekonomia-azterlanen, koiunturaren, eta azterketa ekonomikoen arloak zuzendu eta koordinatzea, eta egonkortasuneko aurrekontu-agiriak landu eta garatzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eskualde-politikaren arloan egiten dituen jarduketak zuzendu eta koordinatzea.

c) Urteko aurrekontuetan errespetatu behar diren gidalerro ekonomikoak eta teknikoak lantzea, eta Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren aurreproiektua eta aurrekontu horiek onartzeko lege-aurreproiektua egitea, gai horri buruzko indarreko legediaren arabera.

d) Aurrekonturako kargaren bat dakarten lege-proiektu guztiek berekin eraman behar duten finantzaketa-eranskina prestatzea, eta Autonomia Erkidegora beste eskumen edo zerbitzu batzuk eskualdatzearen edo Autonomia Erkidegotik beste administrazio publiko batzuetara eskualdatzearen ondorioz aurrekontu-kredituak gehitzeko edo kentzeko proiektuak egitea.

e) Urte anitzeko aurrekontu-plangintza zuzendu, taxutu eta ezartzea, eta, horretarako, sailak eta gainerako erakunde eta ente publikoak koordinatzea.

f) Autonomia Erkidego guztiaren interesekoak diren gastu publikoko ekimenak ekitaldi bakoitzeko programa eta aurrekontuetan nola zehaztu behar diren koordinatzea, eta Ogasun eta Ekonomia Sailak ekonomiaren eta gastu publikoaren arloan egiten duen lana koordinatzea.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxa, banku-fundazio eta kreditu-kooperatiben antolaketari, dependentzia-araubideari eta araubide juridikoari lotutako berariazko baimen, onespen eta kontzesioak ematea, baldin eta indarreko legediaren arabera Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egitekoak badira.

Edonola ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxen Kontroleko Batzordea osatzen duten ordezkariez gain, beste ordezkari bat gehiago izendatzea dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxei buruzko ekainaren 14ko 11/2012 Legearen 66. artikuluan xedatutakoaren arabera.

h) Arauak hausteagatik aurrezki-kutxek, banku-fundazioek eta kreditu-kooperatibek eragindako zehapenak proposatzea eskumena duen organoari, eta zehapenei dagozkien espedienteak izapidetzea, indarrean dagoen legediaren arabera.

i) Aseguruen bitartekaritzako jarduna dagokion erregistroan inskribatzea eta baliogabetzea.

j) Aurrerakinak eskatzea, autonomia-erkidegoko erakunde komunen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 25.2 artikuluari jarraituz.

k) Diruzaintza-arloan eskumena daukan sailak eragindako zorrak atzeratzeko edo zatika ordaintzeko eskabideak izapidetu eta ebaztea, borondatezko epean zein betearazpenekoan, bermea jartzea eskatzen denean, betiere aplikatu beharreko araudiaren arabera.

l) Finantzen arloan Euskal Autonomia Erkidegoan indarreko araudiak Ogasun eta Ekonomia Sailari agindutako egitekoak betetzea, bermeak formalizatu, aldatu eta berresteari buruzkoak.

m) Finantzen arloan Euskal Autonomia Erkidegoaren gain utzitako harremanak koordinatzea, eta gai horretan eskumena duten organoetan erkidegoaren ordezkari izatea, bereziki Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalean eta edozein arlotako finantza-erakundeetan.

n) Orokorrean, ekonomiari, aurrekontuei, ogasunari, finantza-politikari eta finantza-erakundeekiko zein gizarte-aurreikuspeneko erakundeekiko harremanei, diruzaintzari, zorpetzeari eta bermeak emateari buruzko legeak bete daitezela ziurtatzea, horretarako beharrezko neurriak hartuz edo, hala badagokio, proposatuz, eta indarreko araudiak agintzen dizkion bestelako egiteko guztiak burutzea.

2.– Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzaren menpe daude, zuzenean eta hierarkikoki, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza, Finantza Politikako Zuzendaritza eta Aurrekontu Zuzendaritza.