Onartu egin da Euskal Autonomia Erkidegoko Paisaiaren Lege-proiektua

 (Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2012-01-24ko erabakia)

Euskal Autonomia Erkidegoko Paisaiaren Lege-Proiektua

2012ko urtarrilaren 24ko bileran, Jaurlaritzaren Kontseiluak Paisaiaren Lege-proiektua onartu zuen; lege testu horren arabera, paisaia lurralde-antolamenduaren berariazko aldagai bat da, hau da, paisaia ez da zaindu beharreko argazki finko bat, baizik eta aktiboki kudeatu behar den zerbait bizia.

Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio paisaiari aintzatespen juridikoa ematen dion lege-proiektu horri, eta helburu horrekin batu zen Eusko Jaurlaritza 2009an, Euskal Autonomia Erkidegoak Paisaiaren Europako Hitzarmenarekin bat egin zuenean. Bat egite horren ondorioetako bat paisaia bereziez gain ohikoak eta narriatuak ere zaindu behar izatea da, orain arte paisaiak jaso duen tratamendu sakabanatua eta partziala gaindituta.

Onartutako lege-proiektua erreferentzia markoa da, EAEko administrazioek paisaia politikak definitu eta aplika ditzaten; eta bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko paisaiak babestu, kudeatu eta antolatzeko tresnak ezartzen dira.

Tresnen artean, paisaiaren katalogoak daude; eremu bakoitzeko paisaiak identifikatu eta baloratzeko tresnak dira (eremu funtzionalak), paisaia ikuspegitik arreta berezia behar duten eremuak mugatzeko eta kalitate helburu zehatzak finkatzeko tresnak, alegia. Helburuok paisaiaren gidalerroak dakartzate, katalogo horien arau espezifikoak, eta lurralde plan partzialetan inplementatuko dira. Legeak kudeaketa tresna batzuk ditu xedaturik (Paisaiaren Ekintza Planak) eta bestelako betearazpen tresna batzuk (Paisaia Integrazioko Azterlanak).

Egun, Paisaiaren hiru katalogo lantzen ari dira (Arabako Errioxa, Enkarterria eta Urola Kosta), eta parte hartu daiteke, on-line inkesta eginez, facebook bidez, Irekian edo mahai-inguruetan (presentzialak). Jarraian, papereko prentsan eta digitalean agertutako albisteen estekak daude, eta katalogoetan parte hartzera zuzentzekoak ere bai.

Gaiarekin zerikusia duten estekak:

Azken eguneratzea: 2012/02/28