Azken eguneratzea: 2007/12/05
Europako Ingurumen sariak
Lehendakariak Europako Ingurumen sariak banatu ditu
A&B Laboratorios, Guardian Llodio eta Tuboplast Hispania enpresek lortu dituzte, Euskadi sailean, Europako Ingurumen sariak
A&B Laboratorios, Guardian Llodio eta Tuboplast Hispania etxeek irabazi dituzte, Euskadi sailean, enpresei zuzendutako Europako Ingurumen Sariak. Ekitaldian, ingurumenaren aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresarik aurreratuenak saritu dituzte. Gainera, Metro Bilbaok, Osakidetzak, Coverclimek eta Cimas Innovación y Medio Ambientek, dagokien kategorian, accesita eskuratu dute.
Sarituak Lehendakariarekin eta Ingurumen saileko sailburuarekin  (J.B.)
Sarituak Lehendakariarekin eta Ingurumen saileko sailburuarekin (J.B.)

Enpresa irabazleek eta accesita lortu dutenek Juan Jose Ibarretxe lehendakaria eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Esther Larrañaga sailburua buru izan diren ekitaldian jaso dituzte sariak, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen lehendakaritza egoitzan. Europako Ingurumen Sariak Europako Batzordeak sustatzen ditu eta, Euskal Autonomia Erkidegoan, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak koordinatzen ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen arduradun nagusiak hitzok esan zituen ekitaldian: "Euskadik ondasunak eta zerbitzuak isurketa gutxiagorekin ekoizten ikasi behar du, ekoizteko beste modu batzuk erabilita eta fenomeno berriei, bereziki klima aldaketari, aurre egiteko egokitzapenak eginda". Izan ere, klima aldaketaren fenomenoa "mende honetako erronka handia" dela gaineratu du. Larrañagak "euskal industriaren sektoreak ingurumeneko inpaktuak arintzeko egiten duen ahalegin handia" nabarmendu du.

Hitzaldiaren ostean, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak eta lehendakariak sariak banatu zituzten. Ekitaldiaren amaieran, Juan Jose Ibarretxek hauxe adierazi zuen: "Ingurumena berrikuntza sustatzeko aukera moduan ulertu behar da, lehiakortasuna hobetzeko eta [planetan] gure aztarna ekologikoa murriztuko duten produktuak zein zerbitzuak eskaintzeko".

Aurtengoa laugarren edizioa izan da. Sariok Europako ingurumen aitorpenik garrantzitsuenak moduan ulertzen dituzte enpresek. Euskadi saileko sariak Europako Ingurumen Sariak baino lehenago banatzen dituzte. Hala, Europakoak 2008ko ekainean banatuko dituzte Bruselan, Aste Berdea izango dela aprobetxatuta. Ingurumen arloko sarien aurtengo edizioan, guztira, 78 hautagaitza aurkeztu dituzte Espainiako Estatuan. Horietatik % 37 euskal enpresak dira. 2005-2006ko edizioan, Orozkoko (Araba) DTS Oabe enpresak irabazi zuen saririk garrantzitsuena, Produktuaren Europako kategorian. Era berean, Euskadi sailean eta sarion estatuko sailean, irabazlea izan zen, intsektizida produktu oso berritzailearekin.

Enpresari zuzendutako Europako Ingurumen Sarien helburua garapen ekonomikoa ingurumena babestuta eta gizarte ongizatea hobetuta gauzatzeko erronkari aurre egiten dioten EBko enpresa sektore guztietako politikak zein praktikak, prozesuak eta produktua nabarmentzea da. 

2007-2008 EDIZIOAN SARITUTAKO ENPRESEN ZERRENDA

GARAPEN IRAUNKORRERAKO KUDEAKETA SARIA
A&B Laboratorios de Biotecnología (Gasteiz - Araba)
Accesita, Garapen Iraunkorrerako Kudeaketa Sarian
Osakidetza Gipuzkoa Ekialdeko Eskualdea (Gipuzkoa)
Metro Bilbao SA (Bilbo - Bizkaia)

GARAPEN IRAUNKORRERAKO PRODUKTUA ETA/EDO ZERBITZUA SARIA
Tuboplast Hispania SA (Miñaoko teknologia parkea - Araba)
Accesita, Garapen Iraunkorrerako Produktua eta/edo Zerbitzua Sarian
A&B Laboratorios de Biotecnología (Gasteiz - Araba)
Coverclim (Urduña- Bizkaia)

GARAPEN IRAUNKORRERAKO PROZESUA SARIA
Guardian Llodio (Laudio - Araba)

GARAPEN IRAUNKORRERAKO NAZIOARTEKO LANKIDETZA SARIA
Bete gabe
Accesita, Garapen Iraunkorrerako Nazioarteko I. Lankidetza Sarian
Cimas Innovación y Medioambiente SLL (Bilbo - Bizkaia)