Azken eguneratzea: 2007/11/21

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AUZITEGI NAGUSIKO ZIGOR-ARLOKO SALAKO INSTRUKZIO-MAGISTRATU JAUNARI

 

 

" PROZEDURA LABURTUAREN ZK.:   1/07
" JATORRIA: AURRETIAZKO EGINBIDEEN ZK.: 1/06


DEFENTSA-IDAZKIA

.... jauna, Auzitegietako prokuradorea, JUAN JOSE IBARRETXE MARKUARTU Eusko Jaurlaritzako lehendakari jaunaren izenean eta haren ordezkari naizenez, halaxe jasoarazita baitago goian aipatutako auzian -Ermuko Foroa elkarte sozial eta kulturalak eta Asociación Dignidad y Justiciak (Duintasuna eta Justizia elkarteak) jarritako kereilak eta Carmelo Barrio Baroja jaunak, bere izenean eta Alderdi Popularraren ordezkari modura, aurkeztutako zigor-arloko salaketa oinarri hartuta sortu zen auzi hori- instrukzio-magistratu jaun horren aurrean bertaratu naiz eta zuzenbideari dagokionez honakoa:

ADIERAZI DUT:

2007ko urriaren 26ko Autoaren bidez helarazitakoari erantzuteko, betiere, Prozedura Zibilaren Legearen 784.1a artikuluak ezartzen duen epearen barruan, eta Lege horren beraren babesean, idatzi honen bidez adierazten dut, alde batetik, ez nagoela konforme herri-akusazioek aurkeztutako akusazio-idazkiekin, eta, beste alde batetik, nire egiten dudala 2007ko azaroaren 6ko probidentzia bidez Fiskaltzak alderdi honi helarazitako kalifikazio-idazkia, bat datorrelako, funtsezkoan, instrukzio osoan azaldu ditugun planteamenduekin, eta, horrenbestez, nire ordezkatuaren defentsa-idazki hauxe formulatzen dut, eta Instrukzio Magistratu Roberto Sáiz Fernández jaunari helarazten, erabaki hauen berri emateko:

AURRETIAZKO ARAZOA.-

Defentsa-idazkia formalizatu aurretik, aurretiazko arazoa azalduko dugu, Prozedura Zibilaren Legearen 786.2 artikuluak aginduta auzibidean dagokion unean garatzeko; izan ere, auzibideko gainerako alderdiek kontu horiei erantzuna eman behar dietenez, aukera daukagu argitara emateko, erraztasunak izateko bai akusazioei kontra egiteko eta bai epaitegi-aretoak horren inguruko ebazpena emateko, ikustaldian bertan.

AKUSAZIO PARTIKULARRIK EZ DAGO, FISKALTZAK AKUSAZIORIK EZ BAITU EGIN, ETA URRATU EGIN DIRA EPAILE NAHIZ EPAITEGIEN BABES JUDIZIAL ERAGINGARRIA EDUKITZEKO ESKUBIDEA ZEIN BERME GUZTIAK EMANGO DITUEN EPAIKETA IZATEKO ESKUBIDEA
Alderdi honek beti uste izan du, eta horri eutsi dio prozeduraren bitarteko fase guztian, instrukzioaren helburua beteta, auzibidearen inertziak ez lukeela eraman behar, ezinbestean, ahozko ikustaldia irekitzeko ebazpen judizial automatikora, eta ez litzatekeela bertaratutako herri-akusazioen gain utzi behar erabakitzea 780. artikuluaren tramiteari jarraiki, prozedurak jarraitu behar duen ala ez; batez ere, zenbait kasutan, gure kasu honetan, hain justu, akusazio partikularrik ezean, bi akusazio bertaratu baitira (Fiskaltza eta herri-akusazioak), gainera, auzibidean jarrera kontrajarriak dituztenak: Fiskaltzak uste du kausa penalean aztertzen ari diren ekintzak ez direla delitu; herri-akusazioek, berriz, uste dute delitu direla.


Hortaz, eta Fiskal Nagusiak dagoeneko bere txostena jakinarazi duenez, bai eta ondorengo kalifikazio-idazkia ere, argi, jakinarazita eta berretsita geratu da zein den bere posizioa auzibidean. Alegia, gure ustez -bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Zigor Arloko Salako Fiskaltzarena berarena ere- prozedurak bertan behera geratu behar duela, bi arrazoirengatik. 

Lehenengo arrazoia da, defentsa-idazki honetan bertan jasotzen dugunez, ez dagoela inongo delituren zantzurik kereila kriminala egotzi zaien egintzekin lotuta, zigor-arloko zuzenbidearen eremuarekiko atipiko direlako. Bigarren arrazoia da, bestea bezain garrantzitsua juridikoki, ez dagoela akzio penal horren euskarri izango den akusazio partikularrik, hain zuzen, Fiskal Nagusiak kausa largestea eta artxibatzea eskatu baitu espresuki, alderdi kereilatuek nahi bezala, Prozedura Zibilaren Legearen 782.2 eta 783. artikuluen babesean.

Horren harira, Defentsa honek uste du, Fiskaltza publikoak instrukzio osoan izan duen posizioa ikusita, eta ekintza penalari eutsiko dion akusazio partikularrik ez dagoenez, Instrukzio Magistratuak, ezinbestean, ahozko ikustaldia ukatu egin behar zuela, ahozko epaiketa irekitzeko Autoa eman zen unean bertan, Prozedura Zibilaren Legearen 782. eta 783. artikuluek hala agintzen dutelako. Halaxe eskatu genuen berariaz bere garaian gainerako inputatuen defentsariekin bat etorrita, baina ez da hala izan, eta orain aurretiko arazoa ahozko ikustaldian bertan planteatu beharko da.

Hemen aztertzen den gaia ez da berria, eta, hortaz, erabat egoki eta aplikagarri da kasu honetan aurreko errekurtsoetan ere espresuki aipatu genuen Autoa, 2006ko abenduaren 20koa, Audientzia Nazionaleko Zigor Arloko Salaren LEHEN sekzioak 53/92 prozedura laburtuan emana -Instrukzio-epaitegi zentrala, 3. zenbakia-, eta 4/2006ko Salaren Erroiluan -Javier Gómez Bermúdez txostengile-.
 
Arrazoi horiek direla-eta, uste dugu instrukzio guztian herri-akusaziorik ez dela egon ikusita, are gehiago prozedura-une honetan, instrukzioa amaitzeko hain erabakigarri den une honetan, eta, horrez gain, Fiskaltzaren kalifikazio-idazkia ikusita, eta Batasuna alderdi politiko bezala legez kanpo uztea ekarri zuen prozesu judizialean, Aurretiko Diligentziatan, alderdi legitimatua (kasu honetan, Estatuko Abokatutza) akusazio partikular gisa ez zela bertaratu aintzat hartuta, ez da legezko akusazioari soil-soilik herri-akusazioen eskariz eustea, Prozedura Zibilaren Legearen 782.1 eta 2 artikuluek agintzen dutenaren harira.

  
Gai hau beste nolabait ulertzeak ekar lezake, alderdi honen ustez, akusazio-printzipioa urratzea, horren barruan legeak ezartzen dituen berme juridiko guztiak emango dituen prozesu judiziala izateko eskubidea aitortzen baita (9. artikulua, Konstituzioaren 24.1 eta 24.2 artikuluei lotuta). Hortaz, ezin daiteke arau prozesalaren irakurketa estentsiboa egin, arauaren irismenari, hedapenari eta edukiari dagokionez, eta arauak berak dioena gainditu, hori zuzen-zuzenean inputatuen kaltean eta epaiketa justua izateko bermeen kaltean izango litzatekeelako.


Alderdi honek uste du, herri-akusazioek dagoeneko jaso dutenez prozesuko babesa izateko hasierako erantzun judiziala, Ermuko Foroak jarritako kereila izapidetzeko onartuta, eta aurrerago kereila-zabalpenaren ondoren, eta Dignidad y Justicia elkartea gerora kasuan bertaratu zenez, "pro actione" printzipio hori bertan behera utzi behar dela prozesuko une erabakigarri honetan, printzipio horrek izan behar lituzkeen efektuak gauzatu direlako dagoeneko instrukzio luze honetan, eta, betiere, gai horri buruz bai Auzitegi Gorenak eta bai Konstituzio Epaitegiak dituzten irizpideak errespetatuz.

Izan ere, prozesu honek funtsezko alderdi bat falta du, akusazio partikularra, hain justu ere, kaltetu kontzeptuan, ustezko interes partikular, zuzeneko, legitimo eta subjektiboa izan dezakeela legitimotasun osoz, eta, begi bistakoa denez, zehatzagoa eta legearen araberakoagoa izan behar luke, alderdi kereila-jartzaileek, herri-akusazio izanik, orain arte zigor-arloko instrukzioan izan direna baino. "Ius puniendi" kontzeptuaren erabilera, horrenbestez, arau prozesalak nahi izan duenera murriztu behar litzateke.


Hori dela-eta, Fiskaltzak, legaltasunaren defentsarako justiziaren ekintza, herritarren eskubideen defentsa eta legearen tutoretzako interes publikoaren defentsa bultzatzen duenak (Fiskaltzaren Estatutu Organikoaren 1. artikulua) ez badu akusaziorik gauzatzen, eta kausa sostengatzeko akusazio partikularrik ere ez badago, erabat eta nabarmen kontraesankorra da, arau prozesalaren beraren kontrakoa ere izango litzateke, zuzen-zuzenean afektatutakoen (inola ere ez herri-akusazioen) interesak bazter utzita eta hori eskatzeko legitimotasun osoa dutenen interesak bazter utzita, herri-akusazioek beren kabuz zuzenean afektatuen, irainduen edo kaltetuen kontra epaiketa egiteko eskatzea eta ahozko ikustaldian salaketari eustea.  Finean, alderdi honek uste du akusazio partikularrik ezean, ez daitekeela epaiketa penalik izan.

Finean, alderdi honek uste du akusazio partikularrik ezean, ez daitekeela epaiketa penalik izan.

BEHIN-BEHINEKO ONDORIOAK:

LEHENA.- AURREKARIAK


Ez gaude batere ados herri-akusazioek aditzera emandako gertakariekin, alde honen ustez akusazio partzialak eta interesatuak baitira. Auzipean dauden gertakarien oso bestelako formulazio osoarekin erantzun behar zaie akusazio horiei, ondoren argituko dugun bezalaxe:

ETAk, 2006ko martxoaren 22an, alde bakarreko etengabeko su-etena iragarri zuen eta komunikatuan honakoa eman zuen aditzera:


"ETAren erabakiaren xedea, Euskal Herrian burutu beharreko prozesu demokratikoa bultzatzea da, elkarrizketa, negoziazioa eta akordioaren bidez gure herriak beharrezkoa duen aldaketa politikoa."


Komunikatuak ageriko eraginak izan zituen egoera sozialean eta politikoan. Ildo horretan, indar politiko gehienek eta, oro har, gizarteak berak baikortasunez eta pozez hartu zuten albistea, baina zuhurtzia logikoarekin. Bestelako agertoki politiko eta testuinguru historiko baten aurrean geunden, eta agertoki hori nabarmendu behar da, gizarte-testuinguru hori kereila kriminalen xede diren gertakarien aurrekaria baita.


Gauzak horrela, nazioarte-mailan, estatu-mailan eta Euskal Herrian askotariko esku-hartzeak eta jardunak egin ziren egoera soziopolitiko horren aurrean aurrerapausoak egiteko eta, bazterketarik gabeko elkarrizketaren bitartez, guztion artean bakea lortzen saiatzeko.

Izan ere, bakea eskakizun kolektiboa da, lehentasun politiko eta sozial ukaezinekoa. Ekintza politiko legitimoak ez ezik, gizarte-esparruak ere bideratu zituen jardun horiek. Gizarteko orotariko sektore adierazgarrien parte-hartze zabala izan zuten (alderdi politikoak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, eliza, unibertsitateak, talde bakezaleak, intelektualak, emakumeen elkarteak, eta abar).


Aurretik -estatu-mailan- eta ondoren etorriko ziren gertakari politikoen aurrekari gisa, honakoa adierazten zuen espresuki Talde Sozialistaren Erabaki bat zegoen -Diputatuen Kongresuak 2005eko maiatzaren 13ko Nazioaren Egoeraren Eztabaidari buruzko osoko bilkuraren baitan onartu zuena-:


"2. Uste osoa dugu Zuzenbide Estatuak terrorismoaren aurrean duen irmotasuna eta nagusitasuna frogatu duela. ETAk etorkizun bakarra du: desegitea eta armak uztea. Horixe da euskal herritarren nahia eta horixe da Diputatuen Kongresuko talde parlamentario guztien jarrera. Horrenbestez, eta politikak indarkeriaren amaieran lagun dezakeela eta lagundu behar duela jakitun, indarkeriaren amaiera elkarrizketatu baterako baldintza egokiak gertatzen badira -indarkeriari amaiera emateko borondate argian eta hala gertatzen dela ustea emango duten zalantzarik gabeko jarreretan oinarrituta-, Estatuaren botere eskudunen eta indarkeria utzi nahi dutenen arteko elkarrizketa-prozesua bultzatuko dugu, betiere, gai politikoak herriaren borondatearen legezko ordezkarien bitartez soilik ebatzi behar direla aintzat hartzen duen printzipio demokratikoa errespetatuz. Indarkeriak ez du prezio politikorik eta Espainiako demokraziak ez du inoiz xantaiarik onartuko."

Nabarmendu behar da paragrafo hori garrantzi politiko handia duen beste dokumentu batetik jaso dela, Euskadi Normaltzeko eta Bakeratzeko Hitzarmenetik. Hitzarmen horri AJURIA-ENEKO ITUN deritza, eta 1988. urteko urtarrilaren 12an sinatu zen Vitoria-Gasteizen. Akordio horren 10. idatz-zatiak honakoa dio espresuki:


"10. lndarkeriari elkarrizketa-bidez azkena emateko, horrekikoak egiteko benetako gogoan eta hori sinistarazteko moduko zalantzapiderik gabeko jarreratan oinarrituz, behar bezalako aukerarik izaten bada, Erresumako horretarako gai diren agintarien eta izu-ekintza bazter uztea erabakitzen dutenen arteko harreman-bideen alde gaude, betiere, politika-mailako gorabeherak herritarren nahiaren ordezkotza dutenen bidez soilik konponbideratu behar direlako utzi ezineko demokraziazko sortarauari begirune izanez, noski."


Erraz hauteman dezakegu bi testuak bat datozela hitzetan zein asmoetan. Sasoi desberdinak izanik ere, eta bat-etortze hori alderdi politikoek jakinaren gainean eta nahita bilatuta zela jakinik, agerikoa da zuzenbidezko estatu demokratiko batean ukaezina zen -eta den- alderdi batean egiten dutela bat bi testuek: Zuzenbide Estatuaren bitarteko guztiez baliatu beharko da bakean bizi nahi duen herri baten demokrazia, askatasuna eta egonkortasun politikoa eta soziala sendotzeko.


Lehendakariaren jarduna inguratu duten aurretiazko gertakari politiko garrantzitsuenen esparru historikoa azaldu ostean, eta gertakari horiek dagokien testuinguruan kokatu ondoren, prozesuaren mende dauden ekintzekin egiten dugu topo; hona hemen, modu ordenatuan eta sistematizatuan emanda:


1. Behin betiko bake baten bila egindako lanean, Lehendakariak egindako topaketa politikoen aurretik, garrantzi handiko zenbait akordio politiko dago. Aurretiazko akordio horietan, gizarteak, oro har, legegintzako boterearen bitartez bazterketarik gabeko elkarrizketa bultzatzeko duen borondatea islatzen da, betiere "euskal gatazkarako" behin betiko irtenbide baketsuaren bila. Legebiltzarrean ordezkatuta dauden indar demokratikoen gehiengoak elkarrizketa horretarako baimena eman die gizartearen legezko ordezkariei, hau da, Eusko Jaurlaritzako eta Estatuko Gobernuko ordezkari gorenei.


2. Estatuko parlamentuko eta Eusko Legebiltzarreko indar politiko gehienek, eta, horrenbestez, ordezkatzen duen gizarteak -oro har- onartu egin zuten, kereilaren xede diren gertakariak jazo ziren unean, bazterketarik gabeko elkarrizketa bideratu behar dela indarkeria behin betiko uzteko eta normalizazio politikoa bideratzen saiatzeko.


3. Esparru politikoko solaskideek behin betiko bakerako irtenbideak bilatzeko jarrera argiak zituzten.


4. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak (33.2. artikulua), Jaurlaritzari buruzko Legeak (1. artikulua) eta Konstituzioak (152.1. artikulua) ezartzen dutenez, Lehendakaria da Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ohiko ordezkaria, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari gorena. Horrez gain berak zuzentzen eta gidatzen du Eusko Jaurlaritza.


5. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzaren buru den aldetik -Jaurlaritzari buruzko Legean ezartzen duenez-, Lehendakariak du Eusko Jaurlaritzako gobernu-programa definitzeko eta ekintza politikoa zuzentzeko eta koordinatzeko ardura, baita Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdi politikoek -Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ-PNV), Eusko Alkartasunak (EA) eta Ezker Batuak -Berdeak(EB-B)- 2005eko ekainaren 27an izenpetutako Koalizio Hitzarmena betetzeko ardura ere. Hori dela eta, harreman-txanda bati eman zion hasiera, eta talde politikoetako buruekin eta alderdiekin ez ezik, Euskal Herriko errealitate soziologiko eta politikoko aukera ideologiko guztietako pertsona adierazgarriekin eta sentsibilitateekin bildu zen. Azken bilera horien artean zeuden 2006ko apirilaren 19an eta 2007ko urtarrilaren 22an Ezker Abertzalea deritzanaren hainbat buruzagi naturalekin egindako bilerak -bilera horiek ezagunak izan ziren, baita aurretik iragarriak ere-. Izatez, espektro ideologiko hori euskal gizartean dagoen beste sentsibilitate politiko bat da, eta, beraz, banda armatuaren su-etenaren iragarpenaren ondoren egokitutako bake-prozesuaren parte izan beharko luke.


6. Bilera horiek, zehazki akusazio-idazkietan kereila-jartzaileek adierazten dituzten pertsonekin egindako bilerak, aurretik iragarri zituen Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak -Miren Azkarate Kultura sailburuak- agerraldi publikoan. Beraz, bere garaian adierazi zen bilera horien helburua bakea lortzeko eta indarkeria behin betiko amaitzeko bideak bilatzea zela, eta gai horiei buruz mintzatuko zela.

Horrela, garai batean, Batasuna alderdi politikoaren inguruan antolatu zen sektore bateko buruzagi naturalei argi planteatuko zitzaien behar-beharrezkoa zela elkarrizketa irekiaren aldeko apustu argia eta ukaezina egitea, eta irmotasunez arbuiatu behar zela indarkeria tresna politiko gisa. Beraz, bere garaian adierazi zen bilera horien helburua bakea lortzeko eta indarkeria behin betiko amaitzeko bideak bilatzea zela, eta gai horiei buruz mintzatuko zela. Horrela, garai batean, Batasuna alderdi politikoaren inguruan antolatu zen sektore bateko buruzagi naturalei argi planteatuko zitzaien behar-beharrezkoa zela elkarrizketa irekiaren aldeko apustu argia eta ukaezina egitea, eta irmotasunez arbuiatu behar zela indarkeria tresna politiko gisa.


7. Auzipetutako gertakarien testuinguru historikoan zabaldutako bake-prozesuaren barruan, eta gertakari horiek garatu aurretik eta garatu bitartean, Lehendakariak gatazkak konpontzeko arloan estatuan nahiz munduan izen handia duten adituen iritzia eta aholkularitza eskatu zuen. Ahalik eta urratsik egokienak eta sendoenak egin nahi ziren, bai indarkeria desagertzeko irtenbide elkarrizketatuaren bidean, bai euskal gatazka ebazteko metodo gisa hitza soilik erabiltzeko bidean.

8. Lehendakariak, karguaren berezko betebeharren barruan, eta herritarrekin hartutako konpromisoaren -"gizarte kontratuaren"- barruan, kargua bete baino ez du egin, haren egiteko instituzionala zorroztasunez bete baino ez du egin.


9. Lehendakariak, karguaren jardunean garatu duen ekintza politikoaren bitartez, beti uste izan du, eta ziurtasun juridikoa eta uste morala osoa izan du, solasaldi horiek garatzeko ez zegoela inolako legezko eragozpenik -ezta ezker abertzaleko kideekin izandako elkarrizketak garatzeko ere-. Ez du inoiz pentsatu delitua egiten zuenik. Aitzitik, bere jardunarekin Zuzenbide Estatua sendotu nahi izan du bide demokratiko eta legalen bitartez. Bere asmoa sentsibilitate ideologiko guztiek haien iritziak babesteko elkarrizketaren eta politikaren bideak soilik erabiltzea izan da, eta hori ez dago Auzitegi Gorenak Batasuna legez kanpo uzteko emandako epaiaren aurka.


10. Hori dela eta, nire defendatua prozesatu denez gero, ezin izan ditu osotasunean garatu bakerako eta normalizazio politikorako benetako prozesuari aurre egiteko gobernu-konpromisoak eta gobernu-itunean finkatutako akordio politikoak; ezin izan ditu helburu horretarako egokiak izan daitezkeen ekintza politikoak garatu. Izan ere, ekintza horiek izan dira (eta dira) Eusko Jaurlaritzak gobernu-programan hartutako konpromisoen bi ardatz nagusiak. Lehendakariak berak esplizituki gaineratu zuen gobernu-konpromiso hori dokumentu-froga gisa bigarren agerraldi judizialean. Horrek Eusko Jaurlaritzaren ekintza politikoaren zilegitasuna egiaztatzen du, eta Jaurlaritzaren buruaren bitartez bideratuko den bakearen eta normalizazio politikoaren aldeko konpromiso argia ere bai, Eusko Legebiltzarreko indar politiko gehienek berrespen sendoa emanda.


11.  Lehendakariak egindako jardun politiko horien antzekoak ere izan dira estatu mailan, eta Auzitegi Gorenaren eta Audientzia Nazionalaren babes judiziala izan dute. Bi erakunde horiek irmotasunez, behin eta berriro, eta zalantzarik gabe baztertu dute elkarrizketaren bitartez bakea bilatzen saiatu diren pertsonek delitu egin dutela -pertsona horiek edozein alderditakoak izanik ere-. Hortaz, iritzi horrek ezin du zigor-prozesu horretaz kanpo geratu; bete-betean du eragina horretan.


12. Auzitegi Gorenak zein Audientzia Nazionalak alderdi horren gainean egin duten oharpen zorrotza ere gogoan izan behar dugu. Izatez, berriki hartu dituzten zenbait ebazpen judizialetan, behin eta berriro eman dute aditzera Zuzenbide Estatuari egiten zaion iruzurra dela neurriz kanpoko zigor-salaketen bitartez kontrol judiziala jardun politikora lekuz aldatzea, kontrol hori legez parlamentuari baitagokio eta ez botere judizialari.


13. Horri dagokionez, Alderdi Politikoen Legeak 12.2 artikuluan honako hau adierazten du:


2. "Epaia eman duen Salari dagokio, epaia betearazteko izapidetzan, legeek ezarri ondore guztiak errespeta eta betearaz daitezen ziurtatzea, alderdi politiko bat desegiten denean."

 

Bada, 2003ko martxoaren 27ko epai bidez Batasuna legez kanpo utzi zuen Auzitegi Gorenaren Sala Bereziak ez zion Lehendakariari agindu zehatzik edo zuzenik eman desegindako alderdi horren buruzagi ohiekin aurreikusita zuen bilera bertan behera uzteko edo geldiarazteko, nahiz eta bileraren deialdia aurretik jakinarazi zen eta ezaguna zen. Halaber, Audientzia Nazionaleko Instrukzioko 5. Epaitegi Zentralak ez zion Lehendakariari bilera horren gaineko inolako errekerimendurik egin, eta ez zion egiteko edo ez egiteko inolako betebeharrik ezarri.

14. Ermuko Foroak eta Asociación Dignidad y Justiciak (Duintasuna eta Justizia elkarteak) hain garbi bazuten Lehendakariaren eta ezker abertzaleko buruzagien arteko bilera horiek delitu zirela, bere garaian jo zezaketen Batasuna legez kanpo utzi zuen prozesu judizialean legitimatutako alderdietako edozeinengana -Fiskaltzarengana zein Estatuko Gobernuarengana, Estatuko Abokatutzaren bitartez-. Horrela, legitimatutako alderdi horiei eska ziezaieketen organo judizial eskudunari -Auzitegi Goreneko 61. Salari- premiatzea Sala Berezi horrek Lehendakariari bidezko errekerimendu judiziala egin ziezaion -epaia bera gauzatzeko printzipio konstituzionalean oinarrituta-.

Sala horrek ofizioz jardun zezan ere eska zezaketen, baina hori ere ez zen gertatu. Hori dela eta, instrukzio-fasean argi geratu da kereila-jartzaileek ez zituztela legeak eskaintzen dizkien bideak baliatu, eta, orain, bidegabeki eta asmo bihurriekin, zigor-prozesu bat jarri nahi dutela abian. Gainera, adierazitako legez kanpo uzteko epaia gauzatzeko eta epai horren iritsiera zehazteko eskumenik ez duen organo judizial baten aurrean erantzukizunak bilatu nahi dituzte.

 

15.- Beste alde batetik, desegindako Batasunak ez du Lehendakariaren laguntzarik behar edozein motatako jarduera publikoa edo politikoa egiteko. Horren lekuko ditugu desegindako alderdi horrek deitu dituen prentsaurrekoak eta agerraldiak, egintza publikoetan eta manifestazioetan agertu izana, beste alderdi politikoetako, elkarte sozialetako eta sindikatuetako buruzagiekin egin dituzten bilerak, eta abar.

 

Ildo horretatik, Lehendakariak ez du legez kanpo eta deseginda dagoen alderdia legeztatzeko inolako eskumenik, haren eskumenetatik kanpo dago. Hori ez da Lehendakariaren legezko jardun-esparruan sartzen. Hori dela eta, Lehendakaria ezin da inola ere beharrezko laguntzaile izan, alde batetik, ez duelako horrelako asmorik, eta, horrez gainera, ez duelako antolakunde hori berriro osatzeko funtsezko bitarteko nagusirik.

Antolakunde bat alderdi politiko gisa legitimotzat hartzeko nahitaez bete beharko da indarrean dagoen araudia, eta hori Lehendakariaren eskumenetatik guztiz kanpo dago, eta Batasunako buruzagi ohiekin izandako bileren arrazoietatik euretatik kanpo ere bai.

 

16.- Bestalde, ukaezina da eta egiaztatzeko moduko zerbait da, ezker abertzaleak kalean eta ideietan duela adierazpidea, eta hori espektro ideologiko horren buruzagi naturalen bitartez bideratzen dela; horiekin, hain zuzen ere, elkartu zen Lehendakaria.

Hedabideek eta gizarteak, oro har, buruzagi naturaltzat ezagutzen dituzten pertsona horiek haien iritziak eta ideiak adierazten dituzte egintza publiko eta pribatu ugaritan. Buruzagi natural horiek dira, beraz, ideiak adierazteko ahalmena inola ere mugatuta ez duen gizarte-espektro handi bateko solaskideak. Horrenbestez, bakea elkarrizketaren bidez lortzeko bidean, nahitaez hitz egin beharko da horiekin Euskal Herrian dauden sentsibilitate politiko guztiei entzun nahi bazaie.

Gainera, hedabideetan, kalean eta klase politikoaren artean maiz erabiltzen den BATASUNA izena ahoskatzeak berak ez dio nortasun juridikorik edo bestelako aintzatespenik esleituko -eta ezin izango du inola ere esleitu-. Era berean, hala izendatzeak ez du ondorio juridikorik izango izen hori ahoskatzen duenarengan. Ildo horretan, eta akusazioek aditzera ematen dutenaren aurka, guztiz neutroa da, eta ez du garrantzi juridiko-penalik termino hori helburu deskribatzaile hutsarekin erabiltzeak. Izan ere, egon badagoen eta ideia komunak eta eskubide zibil eta politikoak dituen biztanleria-sektore bat deskribatzen duen izena da, eta eskubide horiek ezin dira ez murriztu ez ahaztu.

Gauzak horrela, instrukzio-fasean lekuko gisa deitutako kazetarien adierazpenek begien bistakoa eta nabaria dena nabarmendu dute: kazetaritza-estiloaren ondorioz eta irakurketa errazteko, Batasuna eta Ezker Abertzalea kontzeptuen erabilera bereizigabea, orokorra eta zehaztugabea egiten da.

Bestalde, haien iritziekin edo kazetaritza-artikuluekin, kazetariek ezin dute behar besteko froga-elementu gisa zehaztu zigor-kausa honen mende dauden topaketetan esku hartu duten pertsonen edo subjektuen iritsiera, ordezkaritza eta egiaztapena.

 

 17.- Aukera ideologikoak -ezker abertzalearena barne- bideratzen eta egituratzen dituzten pertsonekin hitz egiteagatik delitu egiten ez dela ulertzeko bidea finkatu du behin eta berriz -baita berriki ere- Auzitegi Gorenak berak. Horrenbestez, zentzuzkoa dirudi auzitegi guztiek gisa horretako zigor-ekintzetan Auzitegi Gorenak zabaldutako bidearen ildo beretik jotzea, hau da, auzitegi guztiek Auzitegi Gorenaren bidetik jarraitzea egoitza parlamentarioko egintza politikoen kontrolaren mende egon beharko luketen baina talde jakin batzuek gatazka politikoko elementu gisa bidegabe erabiltzen dituzten zigor-ekintzetan. Horrela, errespetatu egingo litzateke Zuzenbide Estatua bermatuko duen beharrezko botere-banaketa, eta saihestu egingo litzateke zalantzazko helburuak izango dituen prozedura-legeen neurriz kanpoko eta iruzurrezko erabilera.

18.- Lehendakariak egoitza judizialean beti irmotasunez onartu duen moduan, ez da ahaztu behar honako egozte penalaren mende dauden bileren helburuak zentzu bakarra zuela, eta duela: hitz egitea, elkarrizketak izatea eta guztien artean -eta guztiekin- bakea lortzeko eta indarkeria behin betiko desagerrarazteko bide egonkorra eraikitzen lortzea.

19.- Ez da Lehendakariari egozten zaizkion ekintza politikoen antzeko ekintza politikoak egiten diren lehen aldia -eta ez da azkenekoa izango ere-. Estatuko gaur egungoaren aurreko gobernuek ere -Alderdi Popularrekoek zein Alderdi Sozialistakoek- bere garaian ahaleginak egin zituzten gatazka armatuari irtenbide baketsua bilatzeko, eta ahalegin horietan Batasuneko ingurunearekin eta ETAko buruzagiekin elkarrizketatu ziren. Izan ere, gai horrek lehentasun politiko nabaria du gizartearen osotasunarentzat eta demokratikoki hautatutako haren ordezkarientzat.

20.- Publikoa eta nabaria da euskal gizarteak eta Eusko Jaurlaritzak bakerako bideak bilatzen saiatzeko eta horren alde egiteko duen jarrera. Horrela, bat egiten dute gatazka armatuen eta politikoen arloko gaietako mundu-mailako adituen iritziarekin. Izatez, guztiek babesten dute behar-beharrezkoa eta ezinbestekoa dela alde guztiekin solastea behin betiko bakea bilatzeko eta iritzi horien aurkako sektoreak bizitza demokratikoan txertatzeko.

21.- Ordezkatzen eta zuzentzen duen gizartearekiko konpromisoan, Juan José Ibarretxe Markuartu jaunak karguaren berezko betebeharrak bete ditu. Bere jarrera legitimotik, eta ideia eta pertsona guztientzat irekitako elkarrizketaren bitartez, indarkeriaren behin betiko amaiera eta bakea errealitate bihurtzearen alde egin du. Gauzak horrela, zerbaitetan beharrezko laguntzaile izan bada, Lehendakari denez gero duen funtziotik -gainerako botere publikoekin batera- gizarte libre eta demokratikoago bat eraikitzeko ahaleginean izan da. Hortaz, hitzak eta ideiek dagokien lekua izango duten mundu baketsu bat, hau da, gainerakoen bizitza eta ideiak guztiz errespetatuko diren indarkeriarik gabeko mundu bat eraikitzeko ahaleginean izan da beharrezko laguntzaile.

BIGARRENA.-TIPIFIKAZIOA
Desadostasuna dago akusatzaileen salaketei dagokienez.
Azaldutako gertakarietan ez da ikusten inolako desobedientziako deliturik, Zigor Kodearen 556. artikuluan jasota dagoenez, ezta zigor-xedapenen aurkako bestelako deliturik ere, honako arrazoi hauek direla-eta:

Lege-doktrinak eskatzen duenaren arabera, desobedientziako delitua ezin du edozeinek egin, eta, aitzitik, eskumena duen organo judizialak hala errekerituta, legez eta zehazki -ez abstraktuan-, berariaz obeditu behar duen subjektuari zuzenduta eta, ohartarazpena eginda, ondoriozko betebeharreko egoeran dagoenak bakarrik egin dezake, eta hori ez da gertatzen kasu honetan.

Ez da nahikoa Espainiako Auzitegi Gorenak Batasuna legez kanpo uzteko eman zuen epaiaren berri izatea, edo horri buruzko epaitza hutsa ezagutzea, azken batean, "ezagutzea" terminoa, bistakoa denez, ez baita inola ere errekeritua izatea edo zerbait egitera behartuta egotea esan nahi duen terminoa; errekeritu, horretarako indarra duen aginpide batek egin behar du, eta, horretarako, legezko formaltasunak beteta, aginduaren jasotzailea egiteko edo ez egiteko zalantzarik gabeko egoera argian jarri behar da, gainera, agindutakoa ez betetzeko balizko berariazko desioaren irismena ere ezagutu behar du jasotzaileak. 

Zuzenbideari lotzen bagatzaizkio, ezin da inola ere onartu Ermuko Foroak Lehendakariari egin diezaion egoki deritzonarekin ez biltzeko errekerimendua; elkarte horrek ez du aginte-estatusik, eta, horrenbestez, egin dezakeen gauza bakarra da zerbait eskatu, zerbaitetaz kexatu edo zerbait krtikatu, baina ezin du lege-indarrez errekeritu edo behartu, ez baita hori ez berak ez beste ezein elkartek duen eskumena.

Azken finean, kereilariak ez zuen aipatutako laguntza judiziala eskatu eta ez zen horren inguruko berariazko errekerimendu judizialik ere egon.  Horrenbestez, zaila da desobeditzen, berariaz emandako agindurik egon ezean.

Agindu horrek, gainera, Espainiako Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak ezarrita duenez, izaera konkretua izan behar du eta ez abstraktua, eta obeditu behar duen subjektuari zuzendu behar zaio, horren ondorioz, legitimitatez hori betetzeko betebeharra sortuta; baina betebehar hori ez da sortuko agintzen duena ez bada eskumenduna edo mandatuak ez baditu legezko formaltasunak betetzen (4-6-10 eta 22-5-35 Epaiak).

Horrez gain, Auzitegi Gorenak horren inguruan defendatu duen moduan, mandatua saihesteko borondatea edo asmoa (hau da, delitua edo falta egiteko intentzionalitatea) agerian agertu behar da, legea urratzeko asmoa erakutsita, desafioz legetik aldentzeko desioa islatuta, eta, gainera, aurkako jarrera azaldu behar litzateke behin eta berriz agindua edo mandatua betetzearen kontra.

Aurrekoari gehitzen badiogu desobedientziak eta autoritateari jarkitzeak, Zigor Kodeko 556. artikuluan biltzen denak baita ere, zentzu zehatzean eta berariazko mandatua bete behar duen pertsonari zuzendutako aurreko agindu bat behar izatez gain, kanpoko adierazpenagatik "larria" izatea behar duela, egoera hori arreta handiarekin aztertzea eragingo luke larritasuna kontzeptu horrekin jurisprudentziak ulertzen duen autoritateari jarkitzeak markatu beharko luke, eta ildo horretan, oposizio horrek setakeriaren, pasibotasunaren, inertziaren, uzkurtasunaren nahitako profil argia izan beharko luke, bai eta gobernu-organoen ekintza oztopatu eta eragozteko ahalegin temati eta sendoa ere (AGren 88-9-19ko, 89-10-17ko, 90-5-7, 90-10-15eko eta 91-4-25eko Epaiak).

Horregatik ulertzen dugu ez zela zuzeneko mandaturik egon, ez eta berariazko errekerimendurik ere, eta Lehendakariak inoiz ez duela inolako ebazpen judizialik urratzeko asmorik adierazi; aitzitik, ebazpenak betetzeko jarrera du.

Are gehiago, hain zuzen ere, goaian esandakoaren aurkakoa esan beharko litzateke, hau da, Madrilgo Instrukzioko 5. Epaitegi Zentralak berariaz eman eta Ertzaintzari edo Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari jakinarazi dizkion legezko errekerimenduak beste kasuetan zorrotz bete dira eta bertan adostutako kautelazko neurriak ere bete dira (egoitzak ixtea, materiala inkautatzea, pisuak, etab., errekerimendu judizialaren bitartez berariaz debekatutako manifestazioak debekatzea, etab.).  Gai horrek, horrenbestez, ez du zalantzarako zirrikiturik uzten agintaritza judizialarekiko ustezko desobedientzia larriaren inguruan, kereila jarri duen alderdiari modu positiboan azpimarratu beharko litzatekeena gaineratzea ahaztu baitzaio, hau da, Eusko Jaurlaritzako arduradun politikoei formalki egin eman zaizkien ebazpen judizialak nahiz egin zazkien errekerimenduak obeditu direla.

Dirudienez, beraz, zentzuzkoa da pentsatzea, egotzitako deliturik egon ez badago, are gutxiago egongo dela, Lehendakariari egotzi bezala, delitua betetzeko ezinbesteko laguntzarik. Ezinbesteko laguntzaile-izaera hori egoztekotan, izan beharko litzateke ezinbesteko kide izan dela, bai, baina, Lehendakari denez gero eta bere kargua zilegi baliatuta, bakea bilatzeko ahaleginetan; hain zuzen ere, hortxe, arlo horretan, eta ez esparru judizialean, exijitu behar zaio ordezkatzen ari den gizartearen onurarako ezinbesteko laguntzaile izan dadin.


Orain arte adierazitako guztia aintzakotzat hartuta, Lehendakariak izandako jarrerak ez du erakusten, desobedientzia-deliturik edo bestelakorik adierazteko, oinarrian behar den gutxieneko baldintzarik. Ez dago ezein arau urratzeko tipikotasunik, ez juridikotasun kontrakorik, ez eta, are gutxiago, asmorik.


Beste alde batetik, bakeaz hitz egitearren inputatuetako batengan ere inolako deliturik ez dagoela ikusteaz gainera, honako alderdi honen iritziz, Lehendakariak egindako jarduna, bere jarrera instituzionalaren arabera, Lehendakariak zilegi duen jardun politiko deitutako horren barruan sartu behar da (Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 29. artikulua eta hurrengoak), eta, azken batean, Espainiako Konstituzioko 23. artikuluko funtsezko eskubidearen definizioaren arabera, Lehendakariak bere jarduna bete behar du, bidegabeko murrizketak ezarri gabe, bestela, konstituzionaltasun-blokearen arabera bete behar dituen eskumenen eta funtzioen edukia hustu edo murriztu egin baitaiteke.


Kargu horrek, zalantzarik gabe, bete beharreko jarduna betetzea dakar nahitaez, Eusko Jaurlaritzaren zuzendaritza, Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritza gorena, eta Estatuak erkidegoan duen ohikoa aurrera eraman ahal izateko.


Ildo horri jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartu baitzen, honako hau aditerazten du berariaz 17. artikuluan:

1. Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian aurreikusitako foru-araubidearen eguneratze-prozesuaren haritik, Euskal Herriko erakundeei egokituko zaie, Estatutu honetan zehazten den eran, autonomia-lurraldean gizakien eta ondasunen babeserako eta herri-bakea zaintzeko Autonomia Erkidegoko poliziaren araubidea, Estatuaren segurtasun-indar eta -kidegoentzat gorderik gelditzen direla, nolanahi ere, erkidegoz kanpoko edo erkidegoz gaindiko polizia-zerbitzuak, hala nola portu, aireportu, itsasertz eta mugak zaintzea, aduanak eta espainiarrak eta atzerritarrak nazio-lurraldean sartu eta ateratzea kontrolatzea, atzerritarren araubide orokorra, estradizioa eta kanporatzea, emigrazioa eta inmigrazioa, pasaporteak, nortasun-agiri nazionala, arma eta lehergaiak, Estatuaren zergabidearen babesa, kontrabandoa eta Estatuari egindako zerga-iruzurra.


2. Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren aginte gorena Euskal Herriko Jaurlaritzari dagokio, foru-aldundiek eta udalek izan ditzaketen eskumenei kalterik egin gabe.


 Era berean, Jaurlaritzari buruzko Legean (7/1981 Legean), 16. artikuluan, Eusko Jaurlaritzari ematen dio, Lehendakaria zuzendari dela, honako eskumen hau:
 "guztizko politika-helburuak ezarri eta Euskal Herriko Arduralaritza arteztea…"

Gauza jakina izan arren, bada, estatu espainiarraren esparruan, barneko nahiz kanpoko politiketan estatuko gobernuak eskumenak dituela, esan behar da nik ordezkatua, bere eskumenen esparru barruan, eta, horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia autonomoaren erantzule gorena denez gero, alderdi interesatua dela eta eragile nagusia ere bai, bakea ekartzeko eta indarkeria ezabatzeko prozesu osoan; beraz, bake-bideak urratzeko duen ahalmenari zilegitasuna kendu nahi izateak ez du zentzu juridikorik, eta, are gutxiago, bere eskumenak modu zilegian betetzearren zigor-deliturik leporatzen bazaio.


Aurrekoaz gain, Lehendakaria prozesatzeak ekarriko du ezin izango dituela behar bezala garatu bere gobernu-konpromisoak, ez eta bera buru duen koalizio-gobernuak hartutako akordio politikoak ere, benetako bake-prozesua eta normalizazio politikoa mamitzeko beharrezko ekintza politikoak hartzeko. Eta horiexek dira, inongo dudarik gabe, Eusko Jaurlaritzak bere gobernu-programan jasotako konpromiso nagusietako bi. Halaxe jasota geratu da, argi eta garbi, 2005eko ekainaren 27an sinatutako Koalizio Hitzarmenean, gaur egun Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek sinatu ondoren, hau da, Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ-PNV), Eusko Alkartasunak (EA) eta Ezker Batua-Berdeak alderdiak (EB-B).


 Lehendakariak eginkizun horretan jarria duen konpromisoagatik eta euskal herritarrekin duen kontratu sozialaren alde egiten duen lanagatik, bere ekintza politiko instituzionala legezkotzat jo behar da ezinbestean, alderdi politikoek ekintza horiek legebiltzarrean kontrolatzerik izango badute ere, beste edozein herrialde demokratikotan gertatzen den bezalaxe, ez badugu nahi, behintzat, artifizialki eta neurririk gabe asaldatu botereen ezinbesteko banaketa eta horren artikulazio konstituzionala.

Aztertu diren egintzek ez badute inongo delitu-izaerarik ageri, eta hala adierazi dute antza eztabaidaezina zuten egintzen inguruan Auzitegi Gorenak emandako hainbat Autok (alderdi honek Salan aurkeztu dituenak), prozesamenduaren objektua bertan behera geratuko zatekeen, Auzitegi Gorenean piztu den indiferentzia juridiko-penalaren epaiketaren ondorioz, ez delako izapidetzeko onartu "Manos Limpias" sindikatuak jarritako kereila eta, hedapenez, objektuagatik beragatik eta helburuagatik, kausa honi aplika dakiokeelako, ondorioz, kasua hau delitu-fisonomiaz huts utzita.

Baldin eta Auzitegi Gorena bada pauta markatu duena uste izateko deliturik (inolako deliturik) ez dela egin aukera ideologiko guztiekin hitz egiteko, arrazoizkoa dirudi, defentsa honen iritziz, Epaitegi horrek irekitako bidea (kasu bakoitzaren bereizgarriak bereizgarri) izatea gainerako epaitegi guztiek hartu beharreko oinarria akzio penalak baloratzeko, baldin eta gaizki erabiltzen badira, liskar politikoa pizteko, egokiago duten lekuan foro parlamentarioan landu beharrean, egintza politikoen kontrolaren erabilera legitimoa eta arrazoizkoa gauzatzeko.

Bestalde, epaitzen diren egintzen testuinguru soziala eta historikoari muzin egitea, Kode Zibilaren 3. artikuluak dioena mespretxatzea ez ezik, bide izango litzateke epailea prezeptu penalaren aplikatzaile huts bihurtzeko, eta prezeptu hori, literalki eta arauaren espiritutik eta helburutik aparte aplikatuz gero, ondorio penal jakin batzuk ekarriko lituzke, Zigor Kodeak berak bere espirituan jasotzen ez dituenak, Konstituzioak babesten ez dituenak, jurisprudentziak biltzen ez dituenak eta gizarteak ez justutzat joko lituzkeenak. Izan ere, ez daitezke artifizialki banatu, batetik, analisi juridiko-penala egin behar zaien jokabideak eta, bestetik, Lehendakariaren egintza politikoen funtsezko edukia eta horien azken helburua. 


Finean, ez denez ziurtatu, ezta aztarna hutsez ere, jokabide deliktiborik izan denik, eta ez denez delitu-aztarnarik egiaztatu, ezinbestean nik defendatuari eta gainerako akusatu guztiei absoluzio librea eman behar zaie, Fiskaltzak berak ere hala eskatu baitu kalifikazio-idazkian, kontuan hartuta epaitzen diren egintzak erabat kanpo geratzen direla eremu penaletik, inola ere tipifikatuta ez daudelako.
HIRUGARRENA.- EGILETZA
Erabateko desadostasuna dago akusatzaileen salaketei dagokienez.
 Nik defendatua ez da ezein delituren erantzule, ez egile modura, ezta, areago, ezinbesteko laguntzaile modura ere. Horenbestez, badirudi erabat zentzuzkoa dela planteatzea, defentsa-idazki honen bigarren puntuan amandako argudioekin bat etorrita, deliturik egon ez dagoenez, ezin dela inola ere mintzatu, ez egileaz, ezta, jakina, ezinbesteko laguntzaileez ere.


LAUGARRENA.- INGURUABAR ALDAGARRIAK.


 Erabateko desadostasuna dago akusatzaileen salaketei dagokienez.


Egotz dakiokeen erantzukizun kriminalik egon ezean, ezin da inguruabar aldagarriez mintzatu, eta ez da egokia prozesuan a priori horrelako formulaziorik egitea.


BOSGARRENA.- Erabateko desadostasuna dago herri-akusatzaileen salaketei dagokienez.


Bidezkoa da, beraz, nik ordezkatua absolbitzea, JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU, EUSKO JAURLARITZAKO LEHENDAKARI JAUNA, era guztietako aldeko erabakiak emanda.


Prozesuko kostuak prozeduran pertsonatutako herri-akusatzaileei ezarri behar zaizkie, prozesuan ausarkeriaz baita, areago, fede gaiztoz ere jokatzeagatik, Prozedura Kriminaleko Legearen 240.3. artikuluan ezarritakoen arabera.


Horrenbestez,


INSTRUKZIO-MAGISTRATUARI ESKATZEN DIOT, honako defentsa-idazki hau eta dagozkion kopiak onets ditzan, eta eskatu den izapidea legez dagokion garaian eta forman betetako erantzuntzat har dezan.


Zilegi delako eskatzen dut Vitoria-Gasteizen Bilborako, 2007ko azaroaren 21ean.

BEREBAT I atala, alderdi honek ahozko epaiketako egintzarako honako hauek proposa ditzan eskatu baitu:


FROGABIDEAK:
1.-AKUSATUEI GALDEKETA EGITEA.


2º.- DOKUMENTU bidezko frogak,


A) Dagoeneko jarduketei atxikiak daudenak direla-eta:


Auzian jasota dauden folioak berriz aurkeztutzat jo eta alderdi honek eskatutakoak irakur daitezen, salbu eta gainerako alderdiek berariaz horien jakitun direla adierazten badute eta Auzitegiak irakurketa beharrezkoa ez dela irizten badio. Zehatzago esanda, interesgarri izan daitezkeen beste folio batzuez gainera, berariaz honako hauek eskatzen dira:


1. LEHENDAKARIAK EUSKO LEGEBILTZARREAN EGINDAKO INBESTIDURA-HITZALDIA (III. TOMOA, 1 ZENBAKIDUN DOKUMENTUA)


2. LEHENDAKARIAK EUSKO LEGEBILTZARREAN EGINDAKO INBESTIDURA-HITZALDIA (III. TOMOA, 1 ZENBAKIDUN DOKUMENTUA)


3. Audientzia Nazionaleko Instrukzioko 5. Epaitegi Zentralaren autoak, alegia, 2006ko urtarrilaren 17koa eta 2007ko uztailaren 5ekoa (III. tomoa, 446-537 folioak).


4. Autoa, 2007ko otsailaren 21ekoa, Espainiako Auzitegi Gorenak, Zigor Arloko Salak emandakoa (sekzio-zk.: 1; errekurtso-zk.: 20389/2006); Auto hori GORA JOTZEKO jardunbide penalean, PROZEDURA LABURTUAN eman zen; horren bidez ezetsi zen "Manos Limpias" Funtzionario Publikoen Sindikatuak 2006ko azaroaren 13an Auzitegi beraren Autoaren aurka jarritako erreguzko errekurtsoa, alegia, Gobernuko Presidentearen, Ministro Kontseiluaren eta beste ordezkari politiko batzuen aurka jarritako kereila kriminala izapiderako onartu gabe.


5. Egunkarietatik jasotako artikulu hauek:


Egunkarietatik hartutako berrien zatiak: EL MUNDO, DEIA, GARA, EL CORREO eta EL PAÍS (II. tomoa).


6. Ondoren adierazitako folio hauen irakurketa (IV. tomoa):
. II.  tomoa, 489 - 515 arteko folioak.
. III.  tomoa, 14 - 37 arteko folioak.
. IV. tomoa, 110 - 132; 224 - 263; eta 447 - 476 arteko folioak.
. VI. tomoa,  2 - 55 eta 231 - 337 arteko folioak.

B) Idazki honekin batera erantsitakoa dela-eta:

1. Euskadi Normaltzeko eta Pakeratzeko Hitzarmena. Hitzarmen hori Vitoria-Gasteizen sinatu zen 1988. urteko urtarrilaren 12an; AJURIA-ENEKO ITUN deritza.

2. Talde Sozialistaren Erabaki bat; Diputatuen Kongresuak onartu zuen Nazioaren Egoeraren Eztabaidari buruzko osoko bilkuraren baitan, zehatz esanda, 2005eko maiatzaren 13an.

3.- LEKUKO BIDEZKO FROGA; Auzitegi horrek (PKLko 784.2 art.) ondorengo lekuko hauei deitu die, sumarioan jasota dauden aurretiazko jakinarazpen-eginbideetan berariaz agertzen diren helbideetan:


 Guztiek egin dute deklarazioa egoitza judizialean; zitazioa egin nahi da, beharrezko ikusten delako, hala badagokio, aurretiaz egindako deklarazioak berrets ditzaten:


- ISABEL MARTÍNEZ, EL PAÍS EGUNKARIKO KAZETARIA.
- LOURDES PÉREZ REBOLLAR, EL CORREO EGUNKARIKO KAZETARIA.
- DAVIDA GUADILLA GARAY, EL CORREO EGUNKARIKO KAZETARIA.
- SILVIA NÚÑEZ, DEIA EGUNKARIKO KAZETARIA.
- ROBERTO L. DE CALLE ORTEGA, EL MUNDO EGUNKARIKO KAZETARIA.
- FERNANDO GAREA BARAÑANO, EL MUNDO EGUNKARIKO KAZETARIA.
- OSCAR TORRES LAVID, EL MUNDO EGUNKARIKO KAZETARIA.
- MIREN AMAIA LAUZIRIKA ASPIAZU, EITB-KO KAZETARIA.
- PILAR INSAUSTI LASA, EITB-KO KAZETARIA.
- MIREN AZKARATE, Eusko Jaurlaritzako bozeramalea eta Kultura sailburua; helbidea: Eusko Jaurlaritza, Donostia-San Sebastian kalea 1; Vitoria-Gasteiz, PK 01010.

 

4.- ADITU BIDEZKO FROGA:

ADITUEN/LEKUKOEN FROGAK: Atal honetan, hiru multzo egin dira LEKUKOAK-ADITUAK sailkatzeko orduan; ondoren zehaztuko ditugu izenak emanda, atal bakoitzaren bukaeran adierazten diren izaerak eta deialdiaren arrazoiak aintzakotzat hartuta, informazioa emateko bidea izan dezaten, bai auziaren xedeari zuzenean lotutako gaiei buruz, baita auzi horrekin erlazio zuzena duten beste inguruabar batzuei buruz ere:

A) LEHEN TALDEA:

- JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL, EAJ-PNVko lehendakari denez, eta dei egiteko helbidea: Euzkadi Buru Batzarraren Lehendakaritza, Ibañez de Bilbao kalea, 16-Sabin Etxea, PK 48001, Bilbao.
- BEGOÑA ERRASTI ESNAL, Eusko Alkartasuneko lehendakari gisa, eta dei egiteko helbidea: Portuetxe Bidea, 23-1.a, PK 20018, Donostia-San Sebastián.
- JAVIER MADRAZO, Ezker Batua-Berdeak alderdiaren koordinatzaile nagusi gisa, eta dei egiteko helbidea: Fernández del Campo, 24, PK 48010, Bilbao.

-JOSEBA EGIBAR ARTOLA, EAJ-PNVko bozeramale denez Eusko Legebiltzarrean.
-UNAI ZIARRETA BILBAO, Eusko Alkartasuneko bozeramale denez Eusko Legebiltzarrean.
-ANTTON CARRERA AGIRREBARRENA, Ezker Batua-Berdeak alderdiko bozeramale denez Eusko Legebiltzarrean.
-IZASKUN BILBAO BARANDIKA, Eusko Legebiltzarreko Lehendakari denez.
Multzo honetako kideek, Sala horrek zitazio judiziala egin dezan (PKLko 784.2 art.), jakinarazpenak egiteko, Eusko Legebiltzarraren egoitzako helbidea izango lukete: Becerro de Bengoa, PK 01005, Vitoria-Gasteiz; faxa: 945-135406.

Lehenbiziko multzo honetako pertsonek adituen/lekukoen frogetan eduki beharreko parte-hartzearen xedea izango litzateke zigor-arloko auzi honen objektuarekin zerikusi zuzena duten kontuen gaineko informazioa biltzea, bai eta auziarekin zerikusi zuzena duten beste kontu batzuei buruzkoa ere. Nolanahi den ere, Juan José Ibarretxe, Lehendakari jaunak euskal herritar guztien aurrean Lehendakari kargua betetzeko orduan bere gain hartutako konpromisoa izan behar luke oinarri, konpromiso hori halaxe adierazita baitago forma egokian eta halaxe onetsita modu kolektiboan, bai, Lehendakari hauta zezaten egin zuen inbestidura-hitzaldia dela-eta, Eusko legebiltzarreko ordezkarien aurrean, baita gaur egun Eusko Jaurlaritzaren oinarri den koalizio-hitzarmena sinatu duten alderdi politikoen ordezkarien aurrean ere.


B) BIGARREN TALDEA:

-ADOLFO PÉREZ ESQUIVEL, Bakearen Nobel sariduna 1980an eta Herrien Liberaziorako eta Giza Eskubideen Nazioarteko Ligako burua.
- ROELF MEYER, Demokraziara Igarotzeko Hegoafrikako Kontseilu Exekutiboko ordezkaria eta Nelson Mandelaren 1994ko lehenbiziko Gobernuan Konstituzio-gaietako Ministro.
-MATHEWS PHOSA, Afrikar Kongresu Nazionaleko Batzorde Exekutiboko kide, eta Mpumalanga eskualdeko Gobernuko Presidente 1994 eta 1999 urteen bitartean.
-HARRY BARNES, "Carter" Zentroan, gatazkak konpontzeko departamenduko zuzendari ohia; Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadore ohia Indian, Txilen eta Errumanian.
-NANCY SODERBERG, Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadore ohia NBEren aurrean, eta "Internacional Crisis Croup" taldeko Presidente-orde, 2001 - 2005 bitartean.
-MATEO ZUPPI, apaiza eta San Égidio Komunitateko eliza-laguntzailea.
-BRIAN CURRIN, "Giza Eskubideen aldeko Abokatuen Liga"ko sortzailea Hegoafrikan eta Ipar Irlandako Epaiak Berraztertzeko Batzordeko koordinatzailea.

Bigarren multzo honetako pertsonek adituen/lekukoen frogetan parte hartzeko xedeak hauek dira: zigor-arloko auzi honen objektuarekin zerikusi zuzena duten kontuen gaineko informazioa biltzea, bai eta auziarekin zerikusi zuzena duten beste kontu batzuei buruzkoa ere, eta, bereziki, indarkeriarekin amaitzeko elkarrizketa bidezkoa eta zilegia dela egiaztatzea, mundu osoan gatazka armatuak konpontzeko ahaleginetan izandako esperientzia jasotzea eta esperientzia hori gure lurralde-esparruan aplikatzeko aukera ikustea, betiere, gizarte- eta politika-arloetan nazioartean ospea duten eragile horiek ezker abertzaleko sentsibilitate sozial eta ideologikoko pertsonekin eta Batasunekoekin izandako harremanak eta bitartekari-lanak oinarri hartuta.

C) HIRUGARREN TALDEA:

-JAVIER ZARZALEJOS, Espainiako Gobernuko Presidentearen aholkulari ohia.
-JAIME MAYOR OREJA, Espainiako Gobernuko Barne-ministro ohia.
-JOSÉ MARÍA AZNAR LÓPEZ, Espainiako Gobernuko Presidente ohia.
Aurreko hirurei dagokienez, zitazioa egiteko Alderdi Popularraren helbidea: Génova kalean, 13, 1. solairua, PK 28004, Madrid.

-JESÚS EGUIGUREN, Eusko Legebiltzarreko kidea, PSE-EE alderdikoa. Zitazioari dagokionez, Eusko Legebiltzarraren egoitzako helbidea: Becerro de Bengoa, PK 01005, Vitoria-Gasteiz; faxa:  945-135406.
-ALFREDO PÉREZ RUBALCABA, Espainiako Gobernuko Barne Ministroa (zitaziorako helbidea Barne Ministerioan: Paseo de la Castellana 5, PK 28046, Madril).
-JOSÉ LUIS RODRÍGUEZ ZAPATERO, Espainiako Gobernuko Presidentea (zitaziorako helbidea Espainiako Gobernuko Presidentzian: Complejo de la Moncloa, Avenida Puerta de Hierro z/g, PK 28071, Madril).

Hirugarren multzo honetako pertsonek adituen/lekukoen frogetan parte hartzeko xedeak hauek dira: zigor-arloko auzi honen objektuarekin zerikusi zuzena duten kontuen gaineko informazioa biltzea, bai eta auziarekin zerikusi zuzena duten beste kontu batzuei buruzkoa ere; bereziki, indarkeriarekin amaitzeko elkarrizketa bidezkoa eta zilegia dela egiaztatzea, eta Espainiako gobernu demokratikoek izan duten esperientziaren gaineko informazioa jasotzea, Batasunarekin eta ETArekin kontaktuak eta negoziazio-prozesuak izan baitituzte, baina, batez ere, auzi honekin zerikusia dutenen gaineko informazioa jasotzea.

Hirugarren multzo honetarako, laguntza judiziala eskatzen da bere agerpenerako, Sala horrek aurretiaz zitazio judiziala egin dezan (PKLko 784.2 art.), horietako bakoitzari dagokionez adierazitako helbideetan.

5.- BESTERIK.- Gainerako alderdi akusatzaileek, defendatzaileek edo Fiskaltzak proposatutako frogabideak, Auzitegiak onartu dituenak, erabiltzeko nahiz ez erabiltzeko erreserba dutela, ahozko epaiketako egintzan uko egiten badute ere.
 Adierazitako guztia aintzakotzat hartuta, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AUZITEGI NAGUSIKO ZIBILEKO ETA ZIGOR-ARLOKO SALA HORRI ESKATZEN DIOT frogabideen proposamena onets dezan, egindako eskaerak onartuta eta eskaera horiek legeak agindutako moduan bideratuta.
Zilegi delako eskatzen dut Vitoria-Gasteizen Bilborako, 2007ko azaroaren 21ean.