|
| Lehendakaria Laura Albornoz Txileko Emakumearen Zerbitzu Naionaleko Ministroarekin (ezkerrean), jardunaldia hasi baino lehen. (J.B.) |
Biarritzeko Foroak genero berdintasunari buruz antolatutako jardunaldi batean parte hartu du Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak. Han, gizon-emakumeen arteko desberdintasunen arloan "hitzetatik ekintzetara" igarotzearen alde agertu da Ibarretxe, eta gizonezkoak borroka horretan zuzenean parte hartzera gonbidatu ditu.
"Nahikoa diskurtso entzun dugu. Hitzetatik ekintzetara igaro behar da", esan du. "Euskadi ez da herrialde demokratikoa, oraindik ere bide luzea baitugu egiteko gizon-emakumeen arteko berdintasunean", gaineratu du Lehendakariak.
"Gizonezkoen armada baketsua"
Helburu horretara heltzeko, emakumeek berdintasunaren bidean egiten duten borrokan parte hartzea eskatu die Ibarretxek gizonezkoei. Kausa hori lortzeko, "armada baketsu eta boluntarioa" osatzera bultzatu ditu.
Hitzaldian, euskal erakundeek esparru horretan abian jarri dituzten politikak azaldu ditu Ibarretxek. Besteak beste, familia eta lan bizitza bateratzeko moduan, enpleguan, txirotasunean ("emakume aurpegia" duela esan du) eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurka harturiko neurriak eman ditu jakitera. Hitzaldiaren ondoren, eztabaida interesgarria piztu da parte-hartzaileen artean.
Esan bezala, emakumeen aurkako indarkeriari buruz ere mintzatu da. Euskadin mota horretako indarkeria badagoela aitortu du Ibarretxek, eta emakumeei tratu txarrak ematen dizkieten gizonen aurrean "lotsa sentitzen" duela esan du. Lehendakariaren aburuz, arazo hori "XXI. mendeko orbana da" eta "gizon edo emakume izateagatik pertsonak modu ezberdinean tratatzen ditugun bitartean iraungo du".
Arazoak ez ezkutatu
Berdintasunari lotutako politiketan asko aurreratu den arren, "ezkutatu behar ez diren" arazo asko ditugu oraindik, Ibarretxeren berbetan. Besteak beste, enpresa pribatuetan emakumezkoek dituzten goi-kargu kopuru urriaz, eta gizonezkoen eta emakumezkoen soldatetan izaten diren desberdintasunez (emakumezkoek %26 gutxiago irabazten dute) mintzatu da.
"Enplegu berdintasuna: garapenerako aukerak eta demokraziaren sendotzea" jardunaldia Biarritzeko Foroa egun hauetan Txileko hiriburuan egiten ari den topaketaren baitan antolatu dute. Jardunaldian, Lehendakariak, Laura Albornoz Txileko Emakumearen Zerbitzu Nazionaleko Ministroak, Patricia Mercado Mexikoko Alternatiba Sozialdemokrata alderdiko Presidenteak, Ana Milena Muñoz de Gaviria Kolonbiako lehen dama ohiak, Ingrid Antonijevic Txileko Ministro ohiak eta hainbat enpresarik hartu dute parte. Laura Albornozek esan duenez, "Txilen ezarri nahi diren berdintasun politikak Euskadin abian jarritako berak dira".
Ibarretxe pozik agertu da mahai horren osaketan egon den "desberdintasun zoragarriarengatik".
|