Azken eguneratzea: 2007/12/04
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluak 2008 Euskadin Berrikuntzaren Urtea ekimena bultzatu egingo du
Lehendakariak Kontseiluaren hirugarren batzarra zuzendu du Lakuan

Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria Juan Jose Ibarretxe buru zela, gaur arratsaldean elkartu da hirugarrenez Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseilua. Bertan parte hartu dute Kontseilua osatzen duten erakundeetako ordezkari gorenek: Idoia Zenarruzabeitia, Lehendakariordea eta Ogasun eta Administrazio Publiko Sailburua, Ana Agirre, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailburua, Tontxu Campos Hezkuntza, Unibertsitatea eta Ikerketa Sailburua, Gabriel Inclán, Osasun Sailburua, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldun Nagusiak Xabier Agirre, Jose Luis Bilbao eta Markel Olano hurrenez hurren, Jose Ignazio Peréz Iglesias EHUko Errektorea, Jaime Oraá Deustuko Unibertsitateko Errektorea, Josu Zabala Mondragon Unibertsitateko Errektorea, Carmen Gallastegi Ikerbasque-ko (Zientziarako Euskal Fundazioa) Batzorde Eragileko Presidentea eta Pedro Luis Uriarte Berrikuntzaren Euskal Agentzia- Innobasque-ko Presidentea.

Kontseiluak gaur aztertu dituen gaien artean azpimarratzekoa da bertan kide diren erakunde guztiek agertu duten konpromiso irmoa, 2008.a "Euskadin Berrikuntzaren Urtea" ekimena bultzatzeko. Halaber, kideok konpromisoa agertu dute Lehendakariak berak urriaren 22an aurkeztu zuen "Berrikuntzaren aldeko Manifestua" zabaldu eta hedatzeko, egun horretan aurkeztu zelarik Bilboko Euskalduna Jauregian 2010 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana.

Halaber, Kontseiluak aztertu egin du, bere esparruko konpetentzien barruan, Finantzen Euskal Kontseiluaren barruan sortu zen Berrikuntzarako Fondoak finantzatu ditzakeen jarduera eta proiektuen proposamena. Fondo honek 200 milioi euro zuzkituko ditu guztira 2011. urtea bitartean, arlo hauetako ekimen eta proiektuak sendo bultzatzeko. 2008. urtean Fondoak bete beharreko helburuen artean, 40 milioi euro zuzenduko dira ondokoak bultzatzeko: Ikerketarako azpiegiturak eta harrera egiturak, Ikerketa Kooperatiboko Zentroen Garapena eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Sistemaren erlazioak.

Kontseiluak aztertu ditu ere azken hilabete hauetan Ikerbasque eta Innobasque sendotze bidean egin diren aurrerapausoak. Bi erakundeok laster izenpetuko dute erabateko aliantza estrategikoko hitzarmena, eta horren berri ere eman zaio Kontseiluari.
 
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseilua uztailaren 13an sortu zen, eta Lehendakaria bera buru dela, Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia, teknologia, ikerketa eta berrikuntzako politiken esparruan partaidetza, aholkularitza eta lidergoko organoa gorena da. Ildo beretik, ikerketa, garapena eta berrikuntza esparruak garatzeko dagoen gune gorena da koordinatzeko, behatzeko eta eragiteko.