Eusko Jaurlaritzak Kanpo Harremanetarako bere estrategia aurkeztuko du Eskoziako Parlamentuaren aurrean
2015.eko otsailak 18
Kanpo Harremanetarako idazkari María Angeles Elorzak aurkeztuko du bihar Eusko Jaurlaritzaren 2020rako Nazioartekotzeko Esparru Estrategia Europako Gaien eta Kanpo Harremanen Batzordearen aurrean.
Eskoziako ganberak Euskadi aukeratu du, Kataluniarekin eta Flandriarekin batera, eskualde estrategikoen taldea osatzeko eta haien nazioartekotze-politika ezagutzeko eskualde gisa.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi María Angeles Elorzak 2020rako Nazioartekotzeko Esparru Estrategiaren gakoak aurkeztuko ditu bihar, osteguna, Eskoziako Parlamentuaren aurrean. Adierazitako estrategia Eusko Jaurlaritzak onartu zuen, joan den urteko apirilean. Eskoziako Ganberak Jaurlaritzaren ordezkaria aukeratu du Euskadiren kanpo-harremanetako politikaren ildo estrategikoak aurkezteko Europako Gaien eta Kanpo Harremanen Batzordearen aurrean.
Euskadik, Kataluniak eta Flandriak osatzen dute Eskoziako Parlamentuak beren nazioartekotze-politika aurkezteko aukeraturiko eskualde estrategikoen taldea. Izan ere, herrialde horretako parlamentua azterlan bat egiten ari da Eskoziako Gobernuak nazioarte mailan zer nolako konpromisoak hartzen dituen ikusteko. Horretarako, lehentasunezkotzat jo dute eskualdeko beste gobernu batzuek arlo horrekiko garatzen dituzten estrategiak lehen eskutik ezagutzea.
María Angeles Elorzak honako gai hauek jorratuko ditu bere mintzaldian: Eusko Jaurlaritzak Euskadi nazioartekotzeko hartutako konpromisoa, Euskadi kanpoan proiektatzeko duen ikuspegia, sektoreko interesak sustatzeko lantzen dituen jardun-ildoak, Europar Batasunean duen parte-hartzea, jakintza atzemateko estrategiak eta jardunbide egokiak, baita diasporarekiko harremanak ere.
Bisita hori Eskoziak egun bizi duen une politikoaren barruan ulertu behar da. Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek, lehen ministro orde Nick Clegg-ek eta Ed Miliband lider laboristak erreferenduma baino lehen hartutako konpromisoa betez, Erresuma Batuko Parlamentuan batzorde bat sortu zen Eskoziako Parlamentuari itzuli beharreko botereak zabaltzea aztertzeko (Smith Batzordea izena du, bere presidenteari erreferentzia eginez). Batzordeak 2014ko azaroan aurkezturiko ondorioen txostenak hainbat konpetentzia zabaltzeko proposamena jaso zuen; esaterako, errentaren gaineko zerga edo gizarte-ongizatearekin loturiko botereak. Proposamen horretan oinarrituta, Britainia Handiko gobernuak lege-proiektu bat aurkeztu du duela gutxi, 2015eko maiatzean egingo diren Britainia Handiko Parlamenturako hauteskundeen ondoren negoziatzeko. Eusko Jaurlaritza interes handiz ari da jarraitzen prozesu hori.