Eusko Jaurlaritzak 4.000 kilometroz mantendu ditu EAEko ibaien ubideak 2013an
2013.eko Uztailak 25
- Aurten orain artean 92 jarduketa egin dira Gipuzkoan, 448.000 euroko kostuarekin; 262 Bizkaian, 399.000 euroko kostuarekin eta 200 Araban, 250.000 euroko aurrekontu exekutatuarekin
- URA ur agentziaren bitartez
- Ana Oregi: «Ingurumenaren aldetik ubideak eta ur-bazterrak berreskuratuko ditugu, gainez egiteko arriskua daukaten puntuetan behar beste gaitasun hidrauliko izango dela zainduta»
- 2013ko aurrekontua hiru milioi eurokoa izango da; 500 ekintza hiru lurralde historikoetan
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, URA ur agentziaren bitartez, 4.000 kilometro luzez ibaien ubideak mantenduko ditu, bostehun ekintza hiru lurralde historikoetan, bai Kantauri isurialdekoak, bai Mediterraneo isurialdekoak. Ana Oregi sailburuak azaldu duenez, «aurten, orain artean, Gipuzkoan 93 jarduketa egin dira, 448.000 euroko kostuarekin, ingurumenaren aldetik ubideak eta ur-bazterrak berreskuratzeko, guztia ere gainez egiteko arriskua daukaten puntuetan behar beste gaitasun hidrauliko izango dela zainduta».
Oregik zehaztu duenez, «ibaiak aberastasun handiko ekosistemak dira, ubidez, erriberaz eta ur-bazterrez osatuta daude, eta mantentze-zerbitzua ezinbestekoa dute, landaredia poliki-poliki ingurumenaren aldetik berreskuratzeko, sendotzeko, erriberak libratzeko, murruak kentzeko edota atzeratzeko, edota inguruko lurrak prestatzeko ibaien emaria handitzen denerako; horretarako, sail hidraulikoa sortu dugu, ur-emariak bolumen handiagoa duenean efektuak arintzeko».
«Egunotan EAEko ubideetan egiten ari diren lanak URA agentziaren ibai-ikuskaritzak hautemandako beharren ondorioz hasi gara egiten, baita hirugarrenek egindako eskaeren ondorioz edota ibai-geografiaren puntu bakoitzeko programazio puntualaren ondorioz ere. Ibaiak mantentzeko lanek teknika malguak baliatzen dituzte -ahal den neurrian, makina astunak saihestu egiten dira- eta konponbide iraunkorrak topatzen dira, arintzeko eta prebenitzeko filosofia aintzat hartuta, kontuan izanda ubideen zatietako kasuistika oso bariatua dela», gaineratu du Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak.
Kaxoiz bideratutako zati batean, lehen mailako helburua eragindako tartearen gaitasun hidraulikoari eustea da; murruekin edota hormigoizko harri-lubetekin kanalizatutako tarteetan -hondo naturalarekin- konpromiso-konponbide bat ezartzen da: tartearen hustubide-gaitasuna eta haren ingurumen-hobekuntza. Nolanahi ere den, hirikoak ez diren lurzoruetatik gainazalean igarotzen diren tarte naturaletan, jarduketak murritzagoak izaten dira.
«Mantentze-lanon tipologia oso bariatua da, eta haien bitartez ubideak ingurumenaren hobekuntza bilatzen da, baita hobekuntza hidraulikoa ere. Dena dela, ezin dugu alde batera utzi lantzen dugun bitartekoa, batzuetan, giza jardueraren eraginez oso aldatua egon ohi dela, eta horrek lanak baldintzatu egiten dituela. Horren ondorioz, batzuetan, lurraldearen edota eragindako ubide-tartearen errealitate soziala eta ekonomikoa osatzeko konponbideak hartu beharra izaten da», azaldu du Oregik.
Ubideak behar bezala berreskuratzeko, ezinbestekoa da arro hidrografiko osoa behar bezala kudeatzea. Bai Plangintza Hidrologikoak, bai Ingurumen Zuzendaritzak ezartzen dute inguruon egituraren kontserbazioa eta hobekuntza elementu ezinbestekoa dela Egoera Ekologiko Onaren ingurumen-helburua lortzeko garaian. Ubideak mantentzeko zerbitzuaren bi jarduketa motak hauek dira: premiazkoak -handitze gertakarietatik eratorritakoak eta, batez ere, zubietan zein pasabideetan pilatutako materialak erretiratzekoak, uraren joana galarazten dutelako- eta programatuak, aurreikuspenez, aurrekontuarekin eta egutegi batekin egiten direnak.
Oregiren esanetan, «egin beharreko lanaren norainokoak -4.000 kilometro ubide oso desberdinak diren morfologiadun ubideekin eta mugako lurralde desberdinekin- eta, horrez gain, URAk zuzenean egiten dituen ubide-mantentzeek eskatzen dute toki-erakundeekin hitzarmenak ezartzea, haiek zuzenean sustatu nahi dituzten ekintzekin lotutako izapideak aritzeko. Horietan ez dira sartzen hiri-hondakin solidoak erretiratzeko lanak, nola eta beren presentziak ez duen galarazten uren joana, izan ere, zeregin hori toki-erakundeei dagokie, baita herritarren konpromisoari eta bertuteari ere, hondakinok ibaiko uretan ez botatzeko».
Mantentze-jarduketak Gipuzkoako ubideetan
Gipuzkoan, URA ur agentziak, ubideak mantentzeko programaren bitartez, 2013ko urtarriletik maiatzera 92 jarduketa egin ditu hainbat arro hidrografikotan: Urumea, Oria, Urola, Deba, Oiartzun eta Bidasoa. Orotara, 447.608 euroko inbertsioa egin du ia. Batez beste, 4.500 euro jarduketa bakoitzeko.
Egindako lanak hauek dira: ibaietako enborrak, hondakinak, tapoiak edota garraiatutako hondakinak erretiratzea, dela ibaien ikuskaritzetan hauteman zirelako eta kentzeko programatuta zeudelako, dela etengabeko euriteen ondorioz metatu direlako.
Ekintza horiei obra txikiei dagozkienak ere erantsi behar zaizkie: ezpondak erortzea, ubideak naturalizatzea, eta abar, baita espezie inbaditzaileak kontrolatzeko eta deserrotzeko egindako lanak ere, batez ere Fallopia japonica. Hobekuntza-lanak 40 udalerritan egin dituzte. Guztizkoaren % 45ean erregistratuta daude jarduera-eskaerak, udalek zein eragindakoek eskatuta zeuzkatelako, eta % 55 ikuskaritza-zerbitzuek hauteman dituztelako. Zuhaitz gehien erretiratutako udalerriak hauek dira (batez beste, 3-5 zuhaitz udalerriko): Hernani, Donostia, Oiartzun, Segura, Zegama, Idiazabal, Errenteria, Irun, Legazpi, Oñati, Zizurkil, Mutriku, Astigarraga, Legorreta Ormaiztegi, Aramaio (AR), Zestoa, Elduain, Hondarribia, Usurbil, Errenteria, Azkoitia, Tolosa eta Lezo.
Espezie inbaditzaileak deserrotzeko lanei dagokienez, herri hauetan indartu dira lanak: Tolosa, Hernialde, Aduna, Andoain, Lasarte eta Usurbil, Oria arroan; Donostia eta Hernani, Urumea arroan, Oiartzun Oiartzun arroan eta Mendaro eta Eibar Deba arroan. Ezarritako garaian, halaber, landaketak ere egin dituzte. Hain justu: Usurbil, Tolosa, Hernialde, Mendaro, Aduna, Eibar, Mutriku, Donostia, Hernani, Andoain, Beasain eta Hondarribia.
GIPUZKOA Jarduketa motak Jarduera kopurua Zenbatekoa (")
Jarduketa bereziak 4 49.054,10 "
Mantentzeak eta landatzeak 10 82.618,64 "
Espezie inbaditzaileak errotik kentzea 22 84.633,22 "
Mantentzeak 20 8405,32 "
Ezustekoak 35 144.896,75 "
GUZTIRA 92 447.608, 03 "
Mantentze-jarduketak Bizkaiko ubideetan
Bizkaian, URA ur agentziak, ubideak mantentzeko programaren bitartez, 2013ko lehen seihilekoan 262 jarduketa egin ditu hainbat arro hidrografikotan: Artibai, Lea, Oka, Butroi, Asua, Nerbioi-Ibaizabal, Barbadun, Aguera, Karrantza eta Kalera. Orotara, 365.000 euroko inbertsioa egin dute, batez beste, 1.520 euro jarduerako.
Egindako lanak hauek dira, batez ere: ibaietako enborrak, hondakinak, tapoiak edota garraiatutako hondakinak erretiratzea, dela ibaien ikuskaritzetan hauteman zirelako eta kentzeko programatuta zeudelako, dela aurten izan diren etengabeko euriteen ondorioz gertatu direlako.
Egindako jarduketen % 80 hainbat lodierako eta tamainatako 300 arbola inguru erretiratzea izan da. Horri beste obra txiki batzuk ere gaineratu behar zaizkio -ezpondak jausi izana edota ubideak naturalizatzea-, baita haiek guztiak mantentzea eta espezie inbaditzaileak kontrolatzea eta errotik kentzea ere, batez ere Fallopia japonica. Hobekuntza-lanak 73 udalerritan egin dituzte. Guztizkoaren % 95ean erregistratuta daude jarduera-eskaerak, udalek zein eragindakoek eskatuta zeuzkatelako, edota ikuskaritza-zerbitzuek hauteman zituztelako. Zuhaitz gehien erretiratutako udalerriak hauek dira (batez beste, 8-10 zuhaitz udalerriko): Dima, Gordexola, Gueñes, Igorre, Lemoa, Markina, Mungia, Muxika, Zeanuri eta Zeberio.
Mendebaldeko Kantauri Arroko 41 udalerrik ez dute batere jarduketarik erregistratu denbora-tarte horretan: Ajangiz, Arantzazu, Barrika, Basauri, Berango, Derio, Elantxobe, Ereño, Ermua, Forua, Galdames, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Gorliz, Ibarrangelu, Ispaster, Larrabetzu, Laukiz, Leioa, Lekeitio, Lemoiz, Lezama, Mallabia, Mendexa, Morga, Mundaka, Munitibar-Arbazegi-Gerrikaitz, Murueta, Nabarniz, Ondarroa, Ortuella, Otxandio, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sukarrieta, Trucios-Turtzioz, Ubide, Ugao-Miraballes eta Zaldibar,
Espezie inbaditzaileak deserrotzeko lanei dagokienez, inguru hauetan indartu dira lanak: Lanestosan, Kalera arroan; Gordexolan, Kadagua ibaian, eta Etxebarri-Basauri Nerbioi-Ibaizabal arroan. Ezarritako garaian, halaber, landaketak ere egin dituzte. Hain justu: Abadiño, Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Artea, Artzentales, Aulesti, Bermeo, Durango, Etxebarria,Gizaburuaga, Gordexola, Lanestosa, Laudio, Mañaria, Markina-Xemein, Muskiz, Sopuerta, Urduliz, Urduña eta Ziortza-Bolivar.
BIZKAIA Jarduketa motak Ekintza kopurua Zenbatekoa (")
Programatuak 48 97.311
Premiazkoak 158 208.502
Obra txikiak 5 36.033
Esp. inbaditzaileak erretiratzea 6 sail 19.711
Mantentzeak eta landatzeak 45 inguru 36.852
GUZTIRA 262 398.409
Mantentze-jarduketak Arabako ubideetan
Bizkaian, URA ur agentziak, ubideak mantentzeko programaren bitartez, 2013ko lehen seihilekoan 200 jarduketa baino gehiago egin ditu hainbat arro hidrografikotan: Zadorra, Ega, Baia, Omecillo, Arakil, Ebro edota Inglares, esaterako. Guztira, 250.000 euroko inbertsioa.
Egindako lanak hauek dira, batez ere: ibaietako enborrak, hondakinak, tapoiak eta garraiatutako hondakinak erretiratzea, dela ibaien ikuskaritzetan hauteman zirelako eta kentzeko programatuta zeudelako, dela aurten izan diren etengabeko euriteen ondorioz gertatu direlako.
Egindako jarduketen % 80 hainbat lodierako eta tamainatako arbolak ur-emarietatik erretiratzea izan da. Horri beste obra txiki batzuk ere gaineratu behar zaizkio -ezpondak jausi izana edota ubideak naturalizatzea-, baita haiek guztiak mantentzea eta landaketak egitea ere.
Hobekuntza-lanak lurraldeko udalerrietan egin dira, eta gehienetan jarduketa-eskariak egin direlako: dela udalek edota kaltetuek udalen bidez eskatu dutelako, zuzenean, dela gure ikuskaritza-zerbitzuak hauteman eta jakinarazi dituelako. Ezarritako garaian, halaber, landaketak ere egin dituzte. Hain justu: Narbaiza, Montoria, Berantevilla, Lacorzana-Armiñon, Batan-Gasteiz.
ARABA Jarduera-mota Zenbatekoa (")
Programatuak 82.079,16 "
Premiazkoak 48.396,35 "
Jarduketa bereziak 39.800,17 "
Landatzeak eta mantentzeak 92.286,37 "