|
Aurrerapen handiak bizi izan dira eraikuntzaren industrian azken berrogeita hamar urteetan, batez ere herrialde garatuetan, non mekanizazioari esker obrako lana izugarri azkartu den.
Gainera, material eta sistema berri ugari asmatu dira eta, horiei esker ere, etxebizitzak egiteko osagaien aurrefabrikazioan beharrezkoa zen denbora nabarmenki murriztu da, edo obrako prozesu tradizional jakin batzuk mihiztaketagatik ordezkatu dira.
Sistemen Ingeniaritza eta Automatika saileko ikerlaria den Santiago Martínez de la Casa-k dioenez, garatu duten ikerketarekin eraikuntzaren ingurunean errobot industrial-komertzialen erabilera zabaltzea bilatzen da. Izan ere, lanaren segurtasuna bermatzeaz gain, eraikuntza guztietan gaur egungo gizartearen premiak kontuan hartu eta horiek erantzungo dituzten prestazioak eskaintzea lortzen da horrela. Bestalde, “horrelako sistema bat diseinatzean, ez gara mugatu arazo jakin baterako berariazko konponbide bat egokitzera” gaineratu du Martínez de la Casa jaunak; “aitizitik, sistema generiko bat diseinatu nahi izan dugu, zeregin desberdinetara egokituko dena. Produktu ugariren mihiztaketa errazten da eta obra batetik bestera eraman daiteke”.
Eraikuntzan sistema automatizatu bat erabiltzean obrako produktibitatea eta kalitatea areagotzen da, zalantzarik gabe. Esate baterako, gaur egun bi urte bitartean behar dira eraikinak funtzionatzen hasteko. Eraikuntza-erroboten bitartez, denbora hori % 70 murriztu nahi da. Martínez de la Casa irakasleak azaldutakoaren arabera, bete behar diren zereginak bi motatan bereiz daitezke: “Lehenengoa ez da zehazki errobot bat. Sistema ugarik osatutako konplexu handiak dira eta eraikin baten eraikuntza automatizatua egiten dute. Eraikin baten osagaiak mihiztatzeko balio duten sistemak dira, solairutik solairura garatzen dira eta egiturak altuera hartu ahala, solairu berri batera igarotzen dira. Bigarrenik, tamaina txikiko errobotak daude. Zeregin jakin baterako sortzen dira, adibidez, zementuzko azaleren akabera egiteko edo egituren ikuskapenaz arduratzeko”.
Eraikuntza bati dagokion automatizazio maila ezagutzeko, “lehenik eta behin, etxebizitzen eraikuntza eta obra-tunel, errepideen eraikuntza bereizi behar dira: lehenengoetan automatizazio maila baxua izaten da eta, bigarrenetan, berriz, ertaina-altua" azaldu du ikerlariak. Alderdi ekonomikoari dagokionez, etxebizitzen proiektu bat eraikitzeko beharrezkoa den teknologiak eskatzen duen inbertsioa, obra handi batena baino askoz baxuagoa da, noski, azken produktuaren kostua/makinen kostua erlazioa kontuan hartuta.
Sistema automatizatu bat erabiltzeak, bestalde, ingurunearen eta langileek betetzen duten rolaren aldaketa dakar berarekin. Garbi dago robotikak eraikuntzan beteko duen zeregina: alde batetik, langileak ordezkatuko ditu zeregin arriskutsuetan eta, bestetik, lana osatzeko eta errazteko balioko du, izan ere, hainbat prozesu automatizatuko dira eta, era berean, langileek kontrolatu eta antolatu beharreko zereginetan indarra, erresistentzia eta zehaztasuna ekarriko ditu. Esanak esan, lanaren segurtasuna bermatzea lortzen da eta prozesuen produktibitatea eta kalitatea hobetzen dira halaber.
“Building Industrialization. Robotized Assembly of Modular Products” ikerketa Assembly Automation aldizkarian argitaratu du Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko Sistemen Ingeniaritza eta Automatika saileko RototicsLab ikerketa taldeak.
ITURRIA: www.construnario.com , 08/09/11
|