|
Díaz de Alda, SL familia-enpresa arabarrak berrogeita hamar urteko esperientzia du zurgintzaren esparruan eta hamar urtekoa egurrezko eraikuntzen instalazio eta muntaiaren esparruan eta bi eraikuntza-sistema propio patentatu ditu berriki nazioartean. Bi patenteen kasuan egur trinkoarekin egindako sistema modular aurretenkatuak erabiltzen dira oinarrian; solairu batean edo gehiagotan eraikuntzak aldi berean egitea ahalbidetzeaz gain, eskari arkitektoniko konplexuei erantzuteko balio dute, kargak direla eta egitura-mailako aldaketarik egin gabe. Ezaugarri nagusiak aipatzekotan, muntatzeko eta desmuntatzeko erraztasuna eta lotura-sistema sendoa azpimarra daitezke. Horrelako sistema bat osatzeko barra tenkatzaileak eta profil metalikoak erabiltzen dira.
Ronkal modulu bat osatzen duten oholak horizontalki kokatuta daude eta mihiztadura konikoekin molduratu dira, egituraren estankotasuna ziurtatuta geratzen delarik. Bestalde, Iruri sistemaren kasuan, moduluak osatzen dituzten oholak bertikalki daude jarrita, hortaz, karga-konpresioaren aurrean erresistentzia handia lortzen da, izan ere, ohol bakoitzak zutabe baten funtzioa betetzen du eta, era berean, eraikuntzari estetika berri bat ematea lortzen da.
Hain zuzen ere, Díaz de Alda enpresaren proposamenaren alderdirik bereizgarrienak dira karga-hormetan egurrezko lamak edo profilak bertikalki kokatuta egotea alde batetik, eta egurraren aparteko kalitatea eta barruko zein kanpoko akaberan beste material batzuekin egiten den konbinazioa bestetik. Hormak aurremuntatuta eta aurretenkatuta irteten dira fabrikatik, hortaz, eraikuntza egiteko orduan beharrezkoa den denbora eta arriskua minimizatu egiten da. Eraikitzeko orduan egin beharko dira kasuan kasuko tamainaren araberako doikuntzak eta mugimenduak.
“Egurrezko etxeen munduan egin dugun ibilbidean gure eraikuntza-sistema industrializatzea bilatu dugu beti" adierazi du José Mª Díaz de Aldak, enpresa gasteiztarreko gerenteak. “Merkatura irten aurretik eskainiko genuen produktuaren abantailak eta prestazioak ondo lotu eta ziurtatu nahi izan ditugu”. Produktuak bezeroen artean harrera bikaina lortu duela esan behar da. […]
ITURRIA: Nueva Gestión, 2008ko ekainak 9 - 22
|