Azken eguneratzea: 2008/12/02
Eusko Jaurlaritzak Ondarenet aurkeztu du, ondare digitala babestu eta hedatzea ahalbidetuko duen tresna
Kulturaren Euskal Planaren baitan, Kultura Sailak sustatutako Euskadiko Liburutegi Digitalaren sorrera-proiektuan barne hartuta dago ekimen hau. Euskal Herriko historian sortutako bibliografia-ekoizpena digitalizatzea du xede.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, mundu-mailan bibliografia-euskarrien inguruan ematen ari diren aldaketen jakitun, informazio-sistema batean oinarritutako asmo handiko proiektu bat abiaraztea erabaki du. Ondarenet izena hartuko duen horren helburua, euskal ondare digitala osa dezaketen baliabide digitalak (web orriak, foroak eta banaketa-zerrendak eta edukiei lotutako fitxategi digitalak) atzitzea izango da, bai eta erakunde-gordetegia osatu ere. 
Hau da, azken hamarkadetan teknologia berriak indarrez sartzean eta jakintza-diziplina anitz eta askotarikoei buruz euskarri digital berrien bitartez osatuz joan den euskal ondare digitalaren multzoa bildu, zaindu eta hedatuko duen artxibategi elektroniko handia sortzean datza.   
Informazioaren teknologien bilakaerari eta Internet jendartean zabaltzeari esker historia, zientzia eta kultura mailako ukaezinezko balioa duten bibliografia-materialen digitalizazioa eta formatu digitalean zuzenean ("born digital") sortutako dokumentuen ekoizpena errazten ari da, horiek guztiak, etorkizuneko belaunaldientzat gorde behar direlarik.   

Eusko Jaurlaritzak sustatutako proiektua, 2010. urtean hiritar guztiek eskuratzeko moduan egongo diren sei milioi dokumentuz osatutako liburutegi digitala bat dator sortzeko Europar Batasunaren estrategiarekin; izan ere, horixe iragarri zuten iragan urriaren 18an 25 estatu kideko Kultura ministroek. Europa mailako ekimen honen helburua bibliografia- eta artxibo-gordailuak formatu bateragarrietan digitalizatzea da.
Zentzu honetan, web ingurunean sortutako ondare digitala berreskuratu eta babesteko asmoarekin beste herrialde batzuek abian jarritako antzeko ekimenei jarraitzen die Ondarenet-ek, hala nola: Pandora (Australiako Liburutegi Nazionala), Minerva (Europar Batasuna), Internet Archives (Erresuma Batua) edo Padicat (Kataluniako Liburutegi nazionala). 
Gaur aurkeztu du Ondarenet Arantza Arzamendio Kultur Ondarearen zuzendariak, Bilboko Euskalduna Jauregian antolatutako "Ondare digitala: berreskuratu, zaindu eta hedatzeko estrategiak" izenburupeko jardunaldien barruan eskaini duen prentsaurrekoan. Jardunaldi hauetan izen handiko bi txostengilek esku hartu dute, hots, Allan Arvidson-ek, (The Royal Library, The National Library of Sweden, Stockholm) eta Luis Collado-k, Google Book Search-en Espainia eta Portugalerako Zuzendaria) eta Internet bidez ezagutza unibertsalera heltzeko Google Book Search proiektua aurkeztu dute.

Euskadiko Liburutegien Legea
Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legea da euskal kultura ondarea digitalizatzeko proiektuaren lege-esparrua. "Euskadiko Liburutegia euskal ondare digitalaren egoitza izango dela" ezartzen du Lege horrek 27.4. artikuluan .
Era berean, Euskadiko Liburutegiaren eginkizunei (29.c. artikulua) buruz adierazten da "euskal ondare digitala sortu, babestu eta zabaltzeko eta ondare horretarako irispidea" bermatzeko mekanismo egokiak izan beharko dituela.

Euskadiko Liburutegien Legea onartzearekin batera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, EJIEren (Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea) laguntzarekin eta lankidetzarekin, Kulturaren Euskal Planaren arlo digitalaren ekintzen artean barne hartutako nahi handiko proiektu berri honi ekin zion. Lehenengo urtean zehar informazio-sistema abiarazi da, dagozkion froga eta egiaztapen estandarrak eginez.
Urtebetez jardun ondoren, Kultura Sailak garrantzi handiko proiektua sustatzea lortu du, eta egun, baliabideak deskribatzen ari dira nazioarteko estandarrei jarriki. Horrela, Ondarenet erakunde-gordetegi bat bihurtuko da, eta bertan, era guztietako web orriez gain, edonolako dokumentu digitalizatuak gorde ahal izango dira. 
Informazioa atzitu, babestu eta antolatzeko erabilitako tresnei dagokienez, International Internet Preservation Consortium (IIPC) erakundeak onetsiriko eta nazioarteko estandarrak betetzen dituzten tresnen bidez garatzen ari da. 

Bilaketak
Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak "ad hoc" ezarri dituen sailkapen baten arabera atzitu, artxibatu eta indexatutako web guneez osatuta dago Ondarenet-en datu-basea, eta 12 gai handitan banatuta dago: Artea, Zientzia eta Teknologia; Euskal kultura; Euskara; Aisia eta kultura; Politika eta Gobernua; Enpresa, Aisia eta kultura; Ekonomia eta negozioak; Hezkuntza eta ikerketa; Osasuna, Gizartea, Informazioaren Gizartea. 
Gaur egun, atzitu eta alta eman diren 14 'url'-ez osatutako laginketa erabiltzen ari, eta euskal kulturaren inguruko 400 helbide baino gehiagoz jabetu da. Hemendik aurrera, web-etik atzitzen eta, ondoren, dokumentazioaren azterketa eta indizazioa egiten jarraituko da.

Bibliografia-funtsak digitalizatzea
Kultura Sailak abian jarritako ekimen hau irismen handiagoko proiektu baten, hau da, Euskadiko Liburutegi Digitalaren ekintza nagusia da. Ekimenak, historian zehar sortutako eta euskal kultur ekoizpenaren muina osatzen duten bibliografia-funts publiko eta pribatuak digitalizatzea barne hartzen du; hau da, paperezko euskarri tradizionalean sortutako bibliografia-ekoizpen osoa formatu digitalean jasotzea.
Proiektu hau abian dago, jada. Egile-eskubiderik ez duten bibliografia-funts historikoak eta funts historiko eta instituzionalak digitalizatzen ari dira. Proiektu handi honen hurrengo urratsean egile-eskubideak dituzten bibliografia-funtsak digitalizatzeari ekingo zaio, eta horretarako, horien jabe diren partikularrekin eta erakundeekin akordioak lortu beharko ditu Eusko Jaurlaritzak.

Bilbo, 2008ko abenduaren 2an