Liza Minelli izango da Donostiako Jazzaldiaren izar nagusia
 
Uztailaren 22tik 27ra bitartean egingo dute Jazzaldiaren 43. edizioa.

Miguel Martin Jazzaldiaren zuzendaria, aurkezpen ekitaldian

Uztailaren bukaeran Donostia bisitatzen duten turistak zorioneko daude. Izan ere, jazz munduko artista ospetsu askok hartuko dute parte aurtengo Jazzaldian. Liza Minelli Cabaret eta New York, New York pelikuletako protagonista ezaguna arduratuko da hilaren 27an jaialdiari amaiera bikaina emateaz, Kursaaleko Auditorioan. Gainera, antolatzaileen esanetan, litekeena da Lou Reed Velvet Underground taldeko kide ohiak ere Donostian kontzertua eskaintzea.

Anthony Braxtonek, Diane Reeves abeslariak, David Murray saxofoi-jotzaileak, Jean-Luc Pontyk, Soft Machine Legacyk edo Kenny Barron, Ahmad Jamal eta Keith Jarrett (maiz parte hartu izan du Jazzaldian) piano-jotzaileek euren musika ekarriko dute Kursaalera. Eszenatoki berean Paolo Conte Italiako abeslariaren, Diana Krall kantari eta piano-jotzailearen eta Chick Corea taldearen emanaldiak ikusgai izango dira. Lucia Lacarra dantzariak eta Japoniako baletak ikuskizun ederra eskainiko dute Duke Ellingtonen abestietan oinarrituta.

Jazzaldiaren egitarau zabalean beste hainbat artista garrantzitsu aurki ditzakegu. Kursaalaz gainera, honako eszenatoki hauetan arituko dira: Victoria Eugenia Antzokian, Zurriolan, Tabakaleran, Zientzia Museoan eta Aquariumean, besteak beste.


Azken eguneratzea: 2008/04/04