Mike Oldfieldek bere azken diskoa estreinatuko du Bilboko Guggenheim Museoan
 
Ez da hau museoaren kanpoko zabalgunean mota horretako aurkezpen bat egiten den lehendabiziko aldia

Guggenheim Bilbao Museoa disko baten aurkezpenerako eszenatoki izango da berriz ere. Oraingoan Mike Oldfield musikari britainiarrak estreinatuko du bere azken lana, Music of the spheres, Bilboko museoaren zabalgunean. Horrela, datorren martxoaren 7an, Oldfieldek prentsarako saio itxi batean bere CDaren aurkezpen mundiala egingo du. Berarekin batera egongo dira, ekimenaren bultzatzailea izan den Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Elkarte Koralaren abesbatza.

Guggenheimeko kanpoko zabalgunea beste artista batzuen oholtza izan da ere, besteak beste, Smashing Pumpkinsena, 1998ko maiatzean Adore euren laugarren diskoa aurkezteko kontzertua eskaini baitzuten. Gauza bera egin zuten Red Hot Chili Peppers taldekoek 2006ko apirilean Stadium Arcadium albuma aurkezteko, baita Björk islandiarrak ere, 2007an Volta CDko kantuak abestu baitzituen museoaren hamargarren urteurreneko ekitaldietan.


Azken eguneratzea: 2008/02/14