|
Gure kostaldeko zazpi hondartzetan eta portu batean egongo da aurten ikusgai Ingurumen eta Kontsumitzailearen Hezkuntza Elkarteak (ADEAC) kalitatea egiaztatzeko ematen duen bandera urdina. Sinbolo hori izango duten hondartzak honakoak dira: Azkorri, Ereaga, Arrigunaga (Getxo), Plentzia eta Ea, Bizkaian, eta Malkorbe (Getaria) eta Itzurun (Zumaia), Gipuzkoan, baita Zumaiako Marina-Urola portua ere.
Bandera urdina lortzeko hainbat baldintza bete behar izan dituzte aipatutako hondartzek eta portuak. Lau ikuskatze zorrotzen bidez, besteak beste, uraren kalitate egokia, irisgarritasuna, komunak eta dutxak izatea eta sorosleak egotea ziurtatu du nazioarteko epaimahai batek. Epaimahaia osatzen dute naturaren babesean jarduten diren hainbat elkarteko kideek: Ingurumenerako Nazio Batuen Programakoak, Turismoko Mundu Erakundekoak, Salbamendu eta Sorospen Elkartekoak, beste batzuen artean.
Bandera urdina lortu duten hondartzak iazko berberak dira eta guztien artean 4,2 kilometroko luzera osatzen dute.
|