|
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sortu eta Euskadiko Filmategiak kudeatzen duen KIMUAK 2007 programa, dagoeneko bere 10. edizioan, hurrengo Donostiako Zinemaldian aurkeztuko dute, irailaren 22an, alegia. Ostean, eta ohi den gisan, katalogoan bildutako film laburrak beste hainbat zinemalditara ere eramango dituzte. Gaur goizean Donostian egin prentsaurrekoan, zeinean Iñaki Gómez Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaria, eta Peio Aldazabal Euskadiko Filmategiko zuzendari-zaintzailea, KIMUAK 2007 katalogoan film-labur bat izango duten zenbait zinegilek beren lanei buruzko xehetasunak eman dituzte; hain zuzen ere, Telmo Esnalek ("Taxi?" laburreko zuzendari eta ekoizlea), Izibene Oñederrak ("Hezurbeltzak"-eko zuzendaria), Haritz Zubillagak ("Las horas muertas"-eko zuzendaria) eta Víctor Iriartek ("Decir Adiós"-eko zuzendari eta ekoizlea).
Hautaketa-lanak egin dituen epaimahaiak kide hauek izan ditu: Peio Aldazabal (Euskadiko Filmategia), Txabi Basterretxea (Euskadiko ikus-entzunezkoen ordezkari independentea), Juan Miguel Gutierrez (Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko ordezkaria), Lucía Olaciregui (Donostiako Zinemaldiko hautaketa batzordea) eta José Luis Rebordinos (Donostia Kulturako Zinema Unitateko zuzendaria). Idazkari lanak Txema Muñozek egin ditu (KIMUAKeko kudeaketa arduraduna).
Kimuak 2007 programara 43 film labur aurkeztu dituzte aurten eta, aukeraketa prozesu zail baten ostean, zortzi aukeratu dituzte (Aurkeztutako lanen kalitatea hobetu egin denez, epaimahaiak katalogo berrian film labur bat gehiago sartzea erabaki du, eta ez zazpi, aurreko edizioetan egiten zen moduan). Hala, aukeratu lanen artean komediak, animaziozko lanak, dramak edota westernak daude. Hain zuzen ere, ondoko zortzi film laburrak aukeratu ditugu:
Columba Palumbus (Uso basatia): Koldo Almandoz euskal film laburren "klasikoa"k egina. Bost minutu besterik ez du irauten. Bi denboratan, bi erritmotan eta bi norabidetan kontatutako hitzik gabeko istorioa da. Ehiztari bat uso-parada baterantz joango da. Orduan, tiro bat entzungo da...
Decir adiós: Víctor Iriarte durangar gazteak zuzendu du, eta Kimuak programan parte hartu duen lehen aldia da. Film laburra da, osoki Uruguain errodatua. Istorioa oso sinplea da: higiezinen agentzia batean lan egiten duen neska bat film bateko castingera aurkeztuko da, baina ez dute aukeratuko. Lanak 18 minutuko iraupena du eta bikain egituratuta dago. Garrantzitsuena pantailatik kanpo gertatuko da.
Hezurbeltzak, una fosa común: Izibene Oñederra azkoitiarraren lehen lana da. Kimuak 2007 katalogorako aukeratutako animazioko film bakarra da, baita emakume batek zuzendutako bakarra ere. Animazio esperimentaleko lana da, lau minutu inguruko iraupena du, eta iradokizunez beteta dago. Gainera, eduki sexual handia du. Zalantzarik gabe, etorkizun handia izan dezakeela frogatu du azkoitiar gazteak bere estreineko lanean.
Las horas muertas: Haritz Zubillagak istorio bortitza pantailaratu du. Filmean, frankotiratzaile batek roulotte batean oporrak igarotzen ari diren bi bikote jazarriko ditu. Giro gaiztoko film labur zirraragarria da. Soinuak garrantzi handia du eta horren erakusle dira tiroen soinuak eta egonezina sortzen duen txistua.
Limoncello: Jorge Dorado, Luis A. Berdejo eta Borja Kobeagaren lana ezohiko westerna da eta Almerian filmatuta dago. Tonu oso ezberdineko hiru istorio dira: A good manen (Dorado) kostunbrismo ironikoa da nagusi, Río Puercon (Kobeaga) komedia eta Dio vi benedica a tuttin (Berdejo) indarkeria eta fantasia. Film labur horrek egitura eta produkzio bikaina ditu eta hiru hizkuntzatan filmatu dute (ingelesa, italiera eta gaztelera).
No es una buena idea: Ugo Sanz zuzendari donostiarrak kontatutako istorio gogorra da. Tonu intimista dauka. Minbizia duen neskatxo bat da film laburreko protagonista. Sentimentalismorik eta samurkeriatik gabe, zirrara izugarria eragiten du filmak.
Taxi?: Film luzeak egin ondoren, Telmo Esnal eskarmentu handiko zuzendariak beste film labur bat egin du. Arturo Valls, Luis Tosar eta Marta Eturak antzeztu dute lana eta komedia ironikoa da. Hirira heldu berri den bidaiari galiziar batek Taxi? bat hartuko du. Taxi?lariak bidaia "hitz eginez edo hitz egin gabe" egiteko aukera emango dio.
Traumalogía: Daniel Sánchez Arévalok egin du eta, ohikoa duen bezala, istorio korala da. Gizon batek bihotzekoa izango du bere semeetako baten ezkontzan eta ospitaleratu egin beharko dute. Egoerak krisi handia sortuko du semeen artean.
|