Azken eguneratzea: 2008/09/19
"Euskara 21" ekimenak euskararen inguruko gogoeta indartu du
Gaurtik hasita azaroaren amaiera arte hainbat aurkezpen eta mintegi antolatuko dira, bi irizpide nagusiren arabera: batetik, erakunde eta sektore estrategikoak kontuan hartuz, eta bestetik, lurraldeen arabera. Batzordekideen ekarpenak gaztelaniaz ere kontsultagai daude Euskara 21-en webgunean.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Euskararen Aholku Batzordearen bidez, hizkuntza politikaren oinarriei buruzko askoren arteko eztabaida eta hausnarketa jarri zuen abian. Asmo horrekin eratu zen XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak izeneko Batzorde-atal Berezia. Gogoeta prozesu honetan, orain arte hizkuntza politikaren alorrean egindako bidea aztertu, eta, ondorengo urteetarako oinarriak zehaztu nahi dira. Bestalde, batzordekideen ekarpenak gaztelaniaz ere kontsultagai daude gaurtik hasita Euskara 21-en webgunean (http://blog.euskara21.euskadi.net).

Ekimenaren abiapuntua Batzorde-atal Bereziko Batzorde Iraunkorrak prestatutako Oinarrizko Txostena izan zen, zeinari hilabete hauetan zehar Batzorde-ataleko gainerako kideek hainbat ekarpen egin dizkioten. Iritzi trukaketa horren fruitu, "Oinarrizko Txostenaren eta ekarpenen erkaketa" izeneko dokumentua ondu da. Bertan biltzen dira batzordekideek Oinarrizko Txostenari eginiko ekarpenen nahiz Euskara 21 webgunean parte hartzaileek idatzitako ekarpen luze zein laburren ideia nagusiak. Ideia nagusi horiek Oinarrizko Txostenari egokituta daude. Hain zuzen ere, gaur bertan egin den bilkuran, Batzorde-atal Bereziari aurkeztu zaio aipatu dokumentua. Horrekin batera, ekimenaren kronograma ere aurkeztu da, datozen hilabeteotan egingo den lanaren berri emanez. Helburu nagusia gogoeta prozesuari hauspo berria ematea da; eta, era berean, gogoetaren fruituak eta ondorioak gizarteratzea. Izan ere, gizarteko alor esanguratsuenen partaidetza ezinbestekoa baita euskararen oraina zein geroa aztertzeko.

HURRENGO URRATSA: AURKEZPENAK ETA MINTEGIAK
Datozen asteotan euskal gizarteko hainbat alorretako ordezkariei aurkeztuko zaizkie Euskara 21 ekimenaren barruan orain arte sortutako ideia eta ekarpenak. Halatan, alor hauetan hizkuntza politikaren inguruan sortzen diren kezka, zalantza eta proposamenak jaso ahal izango dira. Hau guztia bideratu eta gauzatzeko hainbat aurkezpen eta mintegi antolatuko dira estrategikoak diren elkarte nahiz sektoreekin.
Aurkezpen eta mintegi hauek Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde guztietan antolatu dira, hots, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban; eta horietan guztietan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ordezkariek parte hartuko dute.

Donostia, 2008ko irailaren 19an