Azken eguneratzea: 2010/07/08

Euskal Herriko Gazte Orkestrak dokumental baten soinu banda grabatuko du eta hiru kontzertu eskainiko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan.

Dokumental historikoa Historia kanalerako eta errusiako musika nagusi izango duten hiru kontzertu eskainiko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan.

  • Lehenengo aldiz, Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGOk) topaketa sinfoniko bikoitza proposatu du, 13. denboraldirako pentsatutako jardueren baitan.
  • Lehen topaketa La Chanson de Roland dokumentaleko soinu-banda prestatu eta grabatzeko izango da. Historia kanalak, France-3k eta Euskal Irrati Telebistak ekoiztutako dokumental horren ildo nagusia Wagnerren musika izango da.
  • EGOk P.I. Txaikovskiren 4. Sinfonia eta 1812 Obertura bikaina joko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan; egungo panorama sinfonikoaren barruan programa zail eta ederrenetako bat da.

Euskal Herriko Gazte Orkestrak gaur aurkeztu du udako denboraldia. Aurten, soinu-banda bat grabatzeaz gain, P.I. Txaikovskiren 4. Sinfonia enblematikoa eta 1812 Obertura eskainiko ditu, hiru kontzertutan. Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan egindako aurkezpenean, Blanca Urgell Kultura Sailburu eta Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioaren lehendakariak eta BBKren, Kutxaren eta Caja Vitalen ordezkariek hiru kutxen eta Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, 2010erako.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta BBKren, Kutxaren eta Caja Vitalen Gizarte Ekintzen arteko lankidetza hori urrats bat gehiago da Kultura Sailak eta euskal kutxek gure erkidegoko musikari gazteentzat kalitatezko prestakuntza bultzatzeko egindako apustuan.

LA CHANSON DE ROLAND DOKUMENTALEKO SOINU BANDAREN GRABAZIOA

EGOren 13. udako denboraldia bete-beterik dator. Aurten, dokumental baten soinu-banda grabatuko du, Historia kanalak, France-3 telebista-kateak eta Euskal Telebistak ekoiztutako La Chanson de Roland dokumentalarena, hain zuzen ere. Orreagako guduari buruzko dokumental historiko bat da, Olivier Van der Zee holandarrak zuzendua eta Wagnerren musikan oinarritua (http://www.lachansonderoland.com/).

Jarduera horrek oso esperientzia pedagogiko aberatsa eskainiko die gure musikari gazteei, bai Wagnerren musika, bai grabazioaren esperientzia talde eta proiektu profesionaletara mugatutako eginkizunak izaten direlako gehienetan. Orkestrari eta proiektuari, bestalde, egoera normalean ezinezkoa izango litzatekeen hedadura emango die nazioartean.

Wagnerren musika da, esan bezala, film osoko gidaria; Wagnerren Nibelungoen eraztuna tetralogiako Jainkoen gainbehera, Sigfrido, Walkiria eta Rhin ibaiko urrea operetatik hartutako zatiak, hain zuzen ere. Donostian bizi den Pascal Gaigne musikagile frantsesak konposatutako beste musika zati batzuekin osatuko da dokumentalaren soinu-banda.

Dokumentalaren kontakizunak 4 ardatz ditu:

OLIVIER van der ZEE zuzendari eta gidoilariaren kontakizuna. Euskal Herrian Karlomagno enperadorea garaitu zuten euskal soldaduen omenezko plaka bat aurkitu omen zuen, eta hori ez zetorren bat berak haurtzaroan ikasi zuenarekin: Roland buru zuen enperadorearen atzealdea 400.000 laguneko gudaroste sarrazenoak suntsitu zuela, alegia.

Karlomagnoren gudarosteak Zaragoza era baketsuan hartzeko 778. urtean gauzatu zuen kanpainaren BIRSORTZE HISTORIKOA. Karlomagnoren infanteriako soldadu anonimo baten eskutik, Zaragozako gobernariek Kordobako emirerriaren aurrean babesteko eskatu zioten enperadoreari.

Erasoa gerta izan zitekeen lekuetako PROSPEKZIO ARKEOLOGIKOAK, Orreagako gudua izeneko segada haren benetako lekua zehaztea ahalbidetuko duten aztarnak aurkitzeko.

Historiako, arkeologiako eta tokiko geografiako ADITUEN LEKUKOTASUNAK.

Musika-egitaraua

Musikaren alorreko egitarauari begiratuz gero, EGOren udako topaketa bere historiako beteenetakoa da, hezkuntzaren esparruan eskaintzen dituen aukerei dagokienez. Egitarau horren barruan, honako errepertorio sinfoniko hau landu ahal izango da:

DOKUMENTALAREN GRABAZIOARI DAGOKION ERREPERTORIOA (uztailaren 1etik 10era):

Richard Wagner        Rienzi Oberture

                            Die Walquirie  1. ekitaldia.

                            Siegfried       1. ekitaldia.

                            Siegfried       2. ekitaldia.

                            Trauermusic

                            Brünnhildes opfertat 

Pascale Gaigne        Filmeko soinu-banda osatuko duen gainerako musika.

2010EKO UDAKO TOPAKETAKO ERREPERTORIO SINFONIKOA (uztailaren 11tik 22ra):

P.I.Tchaikovsky       1812

Errusiako musika nagusi udako bigarren topaketan

Errusiako musika nagusi izango da aurtengo udako bigarren topaketan. EGOk beti sartu izan du, bere egitarauaren barruan, musika eslaviarra. Musika-lan horien oparotasun instrumentalak, konposizio horien joritasun harmoniko eta edertasun plastikoak, horiek interpretatzeko behar izaten den trebetasun handiak, eta musikari gazteek orkestra profesionaletarako oposizioak egiteko prestatu behar izaten dituzten orkestra-laburpen asko musika mota horretakoa izateak hautagai ezin hobeak bilakatzen ditu gazte-orkestren programaziorako.

EGOk bigarren aldiz helduko dio Txaikovskiren 4. sinfoniari. Lehenbizi, 1998ko udan heldu zion, orkestrako zuzendari titularra Juan Jose Mena gasteiztarra zenean.

Kontzertua 1812 oberturak osatuko du, talde gazte horren indar eta kemen guztia eskatuko duen musika-lan handi eta ederrak.

1812 obertura (Op. 49) Pyotr Ilitx Txaikovski musikagile errusiarrak 1880an idatzitako obertura erromantikoa da. Errusiarren erresistentziak 1812an Napoleon Bonaparteren Grande Armée-ren aurka lortutako garaipena ospatzeko idatzi zen. Moskun estreinatu zuten, 1882ko abuztuaren 20an. Oso ezaguna da musika-lan horren amaiera bikaina, agur-kanoikadak eta kanpai-hotsak entzuten baitira.

4. sinfonia fa maiorren (Op. 36). Nadiezhda von Meck Txaikovskiren mezenasari eskainita dago, 1877an eman zuten ezagutzera eta musikagile errusiar handiaren maisu-lan bikainenetakoa da. Txaikovskik (Camille Saint-Saensen esanetan musikagile errusiarren artean atzerritarrena baina bikainena denak) Errusiako eta mendebaldeko erritmoak elkartu ditu, berriro, bere lanean. 4. sinfonia horrek lirismo sakonez eta asaldura malenkoniatsuz betetako uneak ditu, egilearen berezko estiloari jarraiki, eta gure espiritua berotu egingo da, haren erromantizismoaz eta tristuraz.

Lehen mugimenduak ito egiten du bere sutsutasunean, eta hirugarren mugimenduko pizzicato ostinatoa harrigarria da, guztiz originala delako. Allegro con fuocoa ohikoa duen laugarren mugimendua, berriz, orkestra osoaren fanfarea da, eta metalek eta perkusioak eztanda egingo dute, erritmo handi alaitsuan.

Euskal Autonomia Erkidegoan kontzertu hauek eskainiko dituzte:

Uztailaren 19an                 Donostian                         Kursaal jaurtegian

Uztailaren 20an                 Bilbon                              Euskalduna jauregian

Uztailaren 21ean                Gasteizen                        Principal antzokian

Hona hemen udarako aukeratutako irakasleak:

Biolina              Catalín Bucataru                     Musikene

Biolina              Charles.Bingham                    Bilboko Orkestra Sinfonikoa

Biola                Paul Cortese                           Liceu Antzokiko Orkestra

Biola                Stela Bucataru                         Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Biolontxeloa      Joan Manuel Stacey                Liceu Antzokiko Orkestra

Kontrabaxua     Francisco Javier Fernández    Nafarroako Orkestra Sinfonikoa.

H. Zura            Juan Antonio Ferrer                Galiziako Orkestra Sinfonikoa

H. Zura            Javier Lecumberri                   Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

H. Metala          Rodolfo Epelde                      Espainiako Orkestra Nazionala

H. Metala          Alberto Urretxo                      Bilboko Orkestra Sinfonikoa

Perkusioa          Javier Alonso                          Bilboko Orkestra Sinfonikoa

Perkusioa          Javier Odriozola                     Nafarroako Orkestra Sinfonikoa

Topaketa Eibarko Hezkuntza Esparruan egingo da.

Zuzendari artistikoa, berriz, Juan José Ocón izango da.

Azkenik, EGOk orkestrako lehengo eta oraingo 40 musikariri egingo die entzunaldia, orkestra profesionaletara lanera joateko beka-programa eskaintzeko. Oraingoan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa izango da orkestra hartzailea.

Era berean, bekak haize sailera hedatzeko aukera ere aztertzen ari gara, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonu-denboraldiko proiektu zehatzetarako. Oso ekimen interesgarria da; izan ere, haize saileko musikari gazteentzat hari sailekoentzat baino zailagoa izaten baita orkestra profesionaletan sartzea. Ekimen horrek argi eta garbi erakusten du EGOk harreman onak dituela besteak beste Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, eta profesionalizazio-proiektu hori baliotsua dela, orkestrara heltzen ari diren musikari gazteen maila artistikoaren emaitza ere badelako.