Azken eguneratzea: 2006/12/21
"Modern times"-en soinu banda zuzenean joko du orkestrak, filma eszenatokian ematen ari direla
Orkestraren 10. urteurrena ospatzeko prestatutako lan ikusgarri horren emanaldiak EAEko Bilbon, Gasteizen eta Donostian eskainiko dira urtarrilaren 2an, 3an eta 4ean, hurrenez hurren. Juan José Ocón zuzendariaren arabera, filma soinu-banda zuzenean entzuten ikustea "benetako gabon-oparia da".

Miren Azkaratek Orkestraren udako lan-egitaraua aurkeztu du Donostian, Juan José Ocón zuzendariarekin batera. EGOren aurtengo neguko topaketak, bere historiako konplexuenetakoak, abenduaren 19tik urtarrilaren 5era bitartean egingo dira, Eibarko hezkuntza-esparruan.

Aurtengo topaketen berrikuntza nagusia "Modern Times" / "Garai modernoak" filmean oinarritutako proiektua da.  1936an filmatu zuen Charles Chaplinek, eta bera izan zen bai zuzendaria eta bai soinu-bandaren egilea. Filma eszenatokian ikusiko da, orkestrak soinu-banda zuzenean jotzen duen bitartean. 90 minutu irauten du, eta orkestra denbora guztian arituko da jotzen. Juan José Ocon maisuak erronka zaila ezarri die musikariei, emanaldi osoan arreta osoz eta erabat kontzentraturik jardun beharko baitute. Aipatu soinu-banda Carl Davis maisuak, filma horretako espezialistak, zuzenduko ez duen lehen aldia izango da.

Topaketetarako, ondoko kontzertu-bira antolatu dute:

20007ko urtarrilak 2 Gasteiz.  Principal Antzokia
2007ko urtarrilak 3 Bilbo. Euskaldun musika-jauregia
2007ko urtarrilak 4 Donostia. Kursaala


Ondokoak dira udarako aukeratutako irakasleak:

Biolina  Catalin Bucataru  (Musikene)
Biola  David Quiggle (Musikene)
Txeloa  Gabriel George Tanasescu (Galiziako Orkestra Sinfonikoa)
Baxua  Gabriel  León (Bilboko Gustav Mahler Orkestra Sinfonikoa)
Egurrezko b. Juan Antonio  Ferrer (Galiziako Orkestra Sinfonikoa)
Metalezko b. Rodolfo Epelde (Espainiako Orkestra Nazionala eta Cadaqués-ekoa)
Perkursioa Jose  Trigueros (Galiziako Orkestra Sinfonikoa)


Garai Modernoak

Garai Modernoak izeneko filmean azaldu zitzaigun azken aldiz pantailan Charlot, Charles Chaplini mundu osoan izugarrizko ospea eman zion pertsonaia. Izan ere, oraindik tinko errotuta dirau guztion imajinarioan, maitasunik eta aitorpenik handienetakoak sorrarazi dituen zinemagintzako pertsonaietako bat baita.

Makinismoaren eta kapitalismoaren satira egiten digu filmeak, gizatasun oro kentzen digula nabarmentzeko. Gizakiaren esplotazioa, egungo "garai modernoen" ezaugarri bereizgarria, salatzen du, umoreaz baliatuta. Izan ere, Chaplinek zioenez, "mundua aztertzeko modurik serioena da komedia".

1936an filmatu zuen, Ipar Ameriketan Depresio Handiaren ondorioak bete-betean jasaten ari zirenean. Batetik, langabezia izugarria zen benetan, eta bestetik, industrian automatizazioa erabat hedatzen hasita zegoen. Grebaz, langabeziaz eta mekanizazioz jositako testuinguru kontraesankor hura ezin hobeto islatu zuen pantailan. Eszenarik enblematikoena hauxe dugu: aurrerabidearen makina eskergak irentsi egiten du Charlot.

1928tik soinu sinkronikoak erabiltzen hasita zeuden arren, Chaplinek ez zuen soinudun zinema onartzen, pantomimaren artea zapuztu egingo zuelakoan. Horrela, filma mutua egitea erabaki zuen hasieran, baina gero, elkarrizketa bakan batzuk sartzea bururatu zitzaion, desumahizazioaren sinbolo gisa. Filmean "hitz egiten" duten bakarrak makinak dira.

Garai Modernoak filmean, bestalde, Charloten ahotsa estrainakoz entzun zuten ikusleek. Baina bere printzipioei zorrotz eutsiz, hitz bakar bat ere ez zuen esan: kafetegi-jatetxeko eszenan kantatzen hasten da, baina letra "ahaztu" egiten zaio eta esanahirik gabeko soinu asmatuak sortzen ditu. Dena den, gauzak adierazteko gaitasun aparta zuenez, bere keinuen bidez historia argi eta garbi ulertaraztea lortzen du Charlotek, unibertsaltasunaren erakusgarri bihurtuz. 
Eginahalak egin arren, Charles Chaplinek ezin izan zion modernotasunari aurre egin: handik aurrera filma soinudunak egin zituen, baina Charlot izeneko pertsonaia ez zen gehiago azaldu.

Garai Modernoak filma ahaztezinaren bidez, mundu bati agur esan eta beste bati hasiera eman zion Chaplinek.

Sailburuaren mintzaldia (pdf, 43kb)