Azken eguneratzea: 2008/02/08
Pariseko adierazpena sinatu dute Eusko Jaurlaritzak, Catalunyako Generalitatek eta Galiziako Xuntak
Frantziako hiriburuan izan da, larunbatera arte egiten ari den EXPOLANGUES hizkuntza, kultura eta kultur harremanei buruzko azokan. Kontsideratzen dute hizkuntza guztiek gauzatzen dutela munduaren pluraltasuna; hizkuntza guztien baitan dagoela mundua. Horrek esan nahi du hizkuntza guztiek neurri berean sustatzen dutela elkarbizitza.

Eusko Jaurlaritzako, Kataluniako Generalitateko eta Xuntako hizkuntza politikako arduradunek, hiru gobernuen izenean, Parisko Adierazpena hizkuntz aniztasunaren alde sinatu dute gaur goizean Frantziako hiriburuan, bihar arte egingo den EXPOLANGUES hizkuntza, kultura eta kultur harremanei buruzko azokan. Adierazpen hau, hiru gobernuek hizkuntza politika gaietan izenpeturiko lan-hitzarmenaren argitan, eta hizkuntzen nazioarteko urtean gertatzen dena, Patxi Baztarrikak (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea), Bernat Joanek (Kataluniako Generalitatearen Hizkuntza Politikarako idazkaria) eta Marisol Lopezek (Galiziako Xuntaren Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia) aurkeztu dute.

Europa, hizkuntz aniztasunaren sinonimoa

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak nabarmendu du Europa "hizkuntz aniztasunaren sinonimo" dela, eta "uniformizatzeko" edozein asmo, hizkuntz aniztasuna "ukatzeko edozein ahalegin" eta elebakartasuna "inposatzeko edozein nahikari" Europaren bihotzaren aurkako atentatua dela.

Baztarrikaren iritziz, hizkuntz aniztasunaren aldeko lan egitea, beraz, euskararen, katalanaren eta galiziarraren adin nagusitasuna aitortuz, "beharrezko baldintza da Europa irekia, modernoa eta demokratikoa eraikitzeko". Demokratikoki osasuntsua den gizarte bat, azpimarratu su sailburuordeak, "arduratu egiten da" hizkuntzek eta bere hiztunek "elkarbizitzarik naturalena izan dezaten". Aitzitik, gizarte batean non pertsonek eta kolektiboek ez duten aukerarik hizkuntz eta kultura aniztasuna izateko, horko egitura idorra dago, zeren bere barrutik ez dago dibertsitate armonikoaren bizigarririk".

Horren harira, sailburuordeak, Hizkuntzen Nazioarteko Urte honetan, Goetheren esaldia oroitarazi du: "Beste hizkuntzarik ezagutzen ez dituenak ez du berea ezagutzen". Beste europar ospetsu batek, Fernando Pessoak, bere alderdi atlantiar horrekin, zera gehitzen dio Ertaeuropako jenioaren esaldiari: "Egiazko pertsona batek, atseginez eta probetxuz, bakarrik elebiduna izan daiteke".

Bernat Joanek, bere aldetik, garrantzizkotzat jo du euskaldunekin eta galiziarrekin dagoen koordinazioa "gure hizkuntz lurraldeetara ere hedatzea, Balear irletara kasu (katalan mintzairako lurraldea, zeinaren gobernuak gure koordinazioan oraindik ez duen parte hartu)".

Generalitatearen Hizkuntza Politikarako idazkariaren arabera, "inportantea da", baita ere, hizkuntza politika gaietan dagoen koordinazioa Europar Batasunean Estaturik ez duten beste Nazioetara luzatzea", zeren eta arazo amankomunak ditugunez, konponbideak bilatu ahal ditugu elkarrekin. Hori da, Gales, Eskozia edo Flandesen kasua".

Bere aburuz, beharrezkoa da lankidetzan aritzea "elebakartasunaren gaitza saihesteko (bai pertsonala, bai soziala eta bai Estatu mailakoa)". Etorkizuneko Europak, gehitu du, "ezin du bere burua ikusi XVIII mendean sortutako estatuen elebakartasunaren ikuspegitik. Zenbait hizkuntza ongi jakiteak pentsamolde irekiago bat emateaz gain, aukera-sorta zoragarria ere ematen digu". Bernat Joan-en esanetan, eta elkarbizitza, truke demokratikoa eta gizakien arteko koordinazioa berresteko, beharrezkoa da "apustu egitea hiritar eleanitzen alde, aniztasuna, dibertsitatea eta diferentzia errespetatzen diren gizarte baten baitan".

Bestalde, Marisol Lopez Galiziako Xuntaren Hizkuntza Politikarako idazkari nagusiak esan du hizkuntz eta kultur aniztasuna sustatzea dela "modurik onena, are gehiago, bakarra", proiektu amankomuna den Europa "eraikiko badugu".
Lopez ados agertu da, kulturen arteko eztabaida sustatze helburua, intelektual taldearen ondorioekin (Europar Batzordearen gomendioz sortua), zeinaren arabera "europar ideiaren funtsa hizkuntz aniztasuna errespetatzean dagoen". Beren ustez, gainera, aniztasun hori gordetzea ez da bakarrik Europar Batasunaren egiteko historiko bat, "baita ere integraziorako tresna bikaina".

Azkenik, idazkari nagusia "konbentziturik" agertu da ahaleginak batuz eta administrazioen arteko lankidetzaren bidez -Galiziako Xunta, Catalunyako Generalitat eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lan-hitzarmena ahalbidetu izan zuena, hain zuzen-, eta baita ere gaurko Adierazpen honi esker, "gure hizkuntzentzako erabilera eremuak irabaziko" dituztela. Horrekin batera, gainera, sustatu eta babestu beharreko hizkuntz aniztasunaren aitortza gizartean "finkatzen lagunduko dugu". Alde horretatik, Marisol Lopez itxaropentsu azaldu da Portu berri den Estatuko Hizkuntza Ofizialen Batzordearekin, espainiar Estatuaren esparruan hizkuntza ofizialak sustatzea izango baitu xede.

Eusko Jaurlaritzako, Kataluniako Generalitateko eta Galiziako Xuntako hizkuntza politikarako arduradunek kontsideratzen dute hizkuntza guztiek gauzatzen dutela munduaren pluraltasuna; hizkuntza guztien baitan dagoela mundua. Horrek esan nahi du hizkuntza guztiek neurri berean sustatzen dutela elkarbizitza. Horrenbestez, ez dago hiz kuntza txikirik, kaskarrik, traketsik. Aitzitik: denak daude aurreiritzi zahar eta insolidarioen kontra, eta denak datoz bat hizkuntza batzuk baztertu eta beste batzuk aupatzen dituen aukera-desberdintasunen
kontrako borrokan.

Elkarbizitzaren aberasgarri

Hizkuntz aniztasunak, elkarbizitzaren aberastasuna reagiten duen faktore dinamiko horrek, gizarte modernoetako plazan besoz beso bizi diren unibertso desberdinen arteko harremana errazten du. Elebakartasunaren ondran hizkuntza ustez ahulagoak sakrifikatzen dituzten praktiken muinean, intolerantziaren eta bazterketaren hazia dago; hau da, integrakuntzaren eta elkar-lanaren dinamika sozial berriekin bat ez datozen fenomenoak elikatzen dituzte. Dibertsitate kulturala estu-estu lotua dago hizkuntz dibertsitatearekin, eta gizarte modernoen zutabeetariko bat izateaz gainera, ispilu gardena da sistema demokratikoen osasuna neurtzeko.

Paris, 2008ko otsailaren 8an

Pariseko adierazpena hizkuntz aniztasunaren alde (pdf, 44kb)