Azken eguneratzea: 2010/10/26

Xabier Garmendia sailburuordea ontzigintza-sektoreko 15 euskal enpresarekin batera joan da Rio de Janeiroko itsas industriaren gailurrera

Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendia jauna EAEko itsas sektoreko 15 enpresarekin batera joan da urriaren 25etik 29ra bitarte, Rio de Janeiron (Brasil)

Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendia jauna EAEko itsas sektoreko 15 enpresarekin batera joan da urriaren 25etik 29ra bitarte, Rio de Janeiron (Brasil), FIRJAN Rio de Janeiroko Industrien Federazioaren egoitzan, SOBENA Brasilgo Ontzigintza Ingeniarien Elkarteko Biltzar Nazionalaren esparruan egiten ari den sektoreko gailurrera. 

EAEko itsas industriaren eta Brasilgo ontzigintza-industriaren enpresen arteko gailurrak jarraipena eman nahi izan die horrela, Euskal Herriko Itsas Foroak SINAVAL Brasilgo Ontziolen Elkartearekin, SYNDARMA-ABEAM Armadore Elkartearekin eta ABIMAQ Brasilgo Makineria Fabrikatzaileen Elkartearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenen ondorioz Euskal Herriko Itsas Foroak Brasilera egindako hainbat bidaia eta bisitaldiri. 

Zehazkiago, gailurrean parte hartu duten enpresak honako hauek dira: Bombas Azcue, SA, Cintranaval – Defcar, SL, Guascor Power, SAU, Tecnalia, Ingeteam Marine, SA, KSB Itur Spain, SA, La Auxiliar Naval, SA, Astilleros de Murueta, SA, Grupo Arbulu, Prenaval, SL, Prosertek, SL, SENER Ingeniería y Sistemas, SA, SINAVAL 2011, Vicinay Cadenas, SA eta Euskal Herriko Itsas Foroa. Horietatik, Guascor Power, SAU, Ingeteam Marine, SA, Prenaval, SL, Vicinay Cadenas, SA eta KSB Itur Spain, SA Brasilen ezarrita daude dagoeneko, eta gainerako guztiak Brasilgo merkatuan sartu dira. 

Euskal enpresen ekipamenduek eta Euskadiren gaitasunek ospe handia lortu dute merkatu horretan, beren kalitatearengatik eta garapen teknologikoarengatik. Gaur egun Brasil munduko merkaturik indartsuena da itsas sektorean. Brasilgo uretan zenbait gas- eta petrolio-hobi handi aurkitu dituzte orain gutxi, eta, horren eraginez, hobi horietan jarduteko ontzi berrien eskaria izugarri hazi da. Aurreikusita dago mota guztietako 150 ontzi berri egin beharko direla, eta euskal enpresek ere izango dute proiektu horietan parte hartzeko aukera. 

Atzo, Brasilgo Industria eta Energia Ministerioko, eta Petrobras (Brasilgo petrolio-enpresa nazionala) eta Transpetro (Petrobrasen filiala, petrolio-garraioaren kudeaketaz eta ontzidiaz arduratzen dena) enpresetako zenbait ordezkari bertaratu ziren euskal ordezkaritzaren egoitzara, baita Brasilgo ontziola, ingeniaritza-enpresa, ontzi-konpainia eta industria laguntzaileetako hainbat ordezkari ere. Egun hauetan aurrera jarraituko dute bisitaldiekin, eta datorren ostegunean, 28an, Euskadiren eta euskal itsas sektoreko enpresen aurkezpen ofiziala egingo da, Brasilgo itsas sektoreko agente eta agintari nagusiei eskainiko zaien bazkari-ekitaldiaren esparruan. Gainera, bertaratutako enpresek Brasilgo lau ontziola eta Vicinay Cadenas, SAren enpresa filial brasildarra bisitatuko dituzte. 

Honekin batera doan argazkian, Brasilgo agintariek euskal itsas sektoreko enpresen ordezkaritzari egindako bisitaldiaren une bat jaso da. Argazkiaren erdian, honako hauek ageri dira: Xabier Garmendia, Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Energiako sailburuordea; Javier López de Lacalle, Euskal Herriko Itsas Foroko zuzendari kudeatzailea; eta Sergio Machado eta Agenor Cesar Junqueira, Petrobraseko lehendakaria eta zuzendaria, hurrenez hurren. Horiekin batera, Eduardo Bacellar Leal Ferreira almiranteordea, Portu eta Kostetako zuzendaria; Sergio Leal, SINAVAL Brasilgo Ontziolen Elkarteko zuzendaria; Raul Sanson, FIRJANeko lehendakariordea; eta Alceu Mariano, SOBENAko lehendakaria. 

Vitoria-Gasteiz, 2010eko urriaren 26a