Azken eguneratzea: 2009/03/03
Bilboko Grandes Molinos Vascos higiezina Kultura Ondasun izendatua
Zorrotzako lurmuturrean kokatutako irin lantegi hau 1924 bukatu zen eta bere baitan hartzen du euskal itsasertzeko ontziola nagusienetakoa izan zen Zorrotzako ontziola, XV mendetik aurrera eta ia XX. gizaldi arte lanean izandakoa.

Kultura Sailburuak aurkezturik, Gobernu Batzordeak Bilboko Grandes Molinos Vascos higiezina   kultura ondasun deklaratzea, monumentu kategoriarekin  erabaki du. Zorrotzako lurmuturrean  kokatutako irin lantegi hau 1924 bukatu zen eta bere baitan hartzen du euskal itsasertzeko ontziola nagusienetakoa izan zen Zorrotzako ontziola, XV mendetik aurrera eta ia XX. gizaldi arte lanean izandakoa. Federico de Ugalde arkitektoak proiektatu zuen eraikuntza nagusiak hartzen ditu labore-biltegia eta ehotzeko lantegia, eta honen ezkerraldeak 23 silo hartzen ditu, hamabost beste zortziak baino handiagoak. Grandes Molinos Vascos higiezina gisa honetako industri ondare nagusia dugu.  

Kultura Sailak Grandes Molinos Vascos industria gunea  Euskal Kultura Ondarearen Zentruari atxikitutako Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du Monumentu Multzo gisa eta gaur onartutako Dekretuaren berri Jabego Erregistroari, interesdunei, Bilboko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura, Hirigintza eta Ogasun Sailei jakinaraziko zaie. Aldi berean, Kultura Sailak Bilboko Udalari Zorrotzako gune honi dagokion udal-hirigintzako araudia Legeak dion arabera egokitu eta moldatu dezala eskatuko dio eta egokipen hori gauzatu bitartean, Monumentu izendapenaz eragindako eremuan egin beharreko lanak Bizkaiko Foru Aldundiak onartu beharko ditu.

Monumentu deskripzioa:

Kadagua eta Ibaizabal ibaiek bateratzean osatzen duten Zorrotzako Puntan kokatu zen Grandes Molinos Vascos enpresa 1920. urtean, Euskadiko ontzigintzan zentrorik garrantzitsuenetako bat izan dena betez, hain zuzen. Izan ere, eremu horrek hartzen zuen Zorrotzako Ontziola  XV. mendetik.
Federico de Ugalde arkitektoak proiektatu zuen eraikuntza nagusia 1924. urtean bukatu zuten eraikitzen, eta bertan, labore-biltegia eta ehotzeko lantegia kokatu ziren. L formako eraikina da. Ezkerraldeko hegalean, motzenean, siloak kokatu zirenez ez dago solairurik.  Eskuinaldeko hegaleko 5. solairutik, siloen dorrera hel daiteke eskailera batzuetatik. Gainera, pabiloiaren aurrealde eta atzealdeko fatxadetan bi markesina daude itsatsirik. Siloak, oinplanoa baino irtenago daude eta fazetadun zirkuluerdiak osatzen dituzte.  Eraikinak 5 solairu eta bi dorre ditu, eskuinaldeko solairu bakoitzak bi hormarte eta ezkerraldeko dorreak espazio bakun bat osatzen duela. Eskuinaldeko solairu bakoitzaren azalera 600 m2-koa da.  Lantegiak adinako luzera eta 12 metroko zabalera zeukan patio bat zegoen porturantz. Han trenbide estu eta zabaleko bagoiak sartzen ziren. Patio hau harlanduzko hormaz inguratua zegoen, Portu Autonomotik desjabetu zuten kordeldegiaren egitura bereko hormaz.

Eraikuntzaren ezkerraldeak 23 silo hartzen ditu, hamabost beste zortziak baino handiagoak, eta bosteko hiru errenkatan lerrokaturik kokatu zituzten. Handiek bost metroko diametroa dute eta 75 Tn. ale sartzeko tamaina.

Eraikinaren egitura hormigoi armatuzkoa da, eskuineko hegalean, solairuetan, erdigunean lau pilareko lerroa agertzen da, solairua bi hormartetan banatuz, pilare horien jarraipena perimetroko itxitura-hesian pilastra batzuk bilakatzen direlarik. Horma hauek zatika kokaturiko hormigoi armatuzkoak dira. Eraikinaren estalkia bi uretara dago eratua, hasiera batean teila lauzkoa zen eta egun uralitazkoa, zurezko oholeriaren gainean ezarrita, egurrezko pendoloi arruntak dituen zinbrietan sostengatuz. Kanpoko aldetik hegaletan egurrezko tirante batzuk ikus daitezke.

Eraikinaren sarbidea erdiko patiora eta portuko bost karga-nasetara jotzen duten sei karga-tunelen bitartez gauzatzen da. Aurreko eta atzeko fatxadei atxikita dauden aterpe batzuek babesten dituzte nasak.
Pabilioiaren fatxadan bano ugari dago zabalik, baina ez siloen aldean. Aurreko fatxadan sei leiho-ardatz daude eta atzeko fatxada ibairantz gorputz horizontal baten gisara antolatzen da, non komunikazioen dorrea kokatzen baita zertxobait deszentraturik, aurreko fatxadako modu bereko hutsuneak errepikatuz, eraikuntzaren altuera guztia hartuz, azpadura bertikaletan.
Eraikuntzaren barruan zenbait eskailera aurkitzen dira eta dorrearen gorputzean karga-igogailu batzuk.

Grandes Molinos Vascos enpresaren lursailak, Astillero Real de Zorrotza-k erabili zituen hainbat egitura gordetzen ditu oraindik ere. Azken urteetan ere berrerabili diren horien artean, honako hauek nabarmen daitezke: 
 - Kordeldegi zaharra zegoen eraikina edo Soka Lantegia. XVIII. mendeko azken laurdenean eraiki zuten.  400 metro luze eta 13 metro zabal izan omen zituen jatorrizko eraikinak.  Bertan, ontzietarako sokateria egiten zen, kalamua irun eta txirikordatuz. 200 bat lagun jarduten ziren lan horretan. Gaur egun, 70 bat metroko luzerako zatia baino ez dago, ipar-iparraldean zegoena.  Gainera, kontserbazio-egoera aintzat hartzen badugu, bi segmentu bereiz ditzakegu. Lehenengoak, iparraldeko muturretik hasita, 30 metroko luzeradunak, egoera onean ditu itxuraz jatorrizkoak diren 3 fatxadak, barrualde zein kanpoaldetik, zein estalkiaren zurezko egitura.   40 metroko bigarrenak, berriz, jatorrizko eraikinak baino 2/3 altuago ditu hormak, estalita. Hormen azken heren hori eta estalkia berriagoak dira, eta baliteke errotak abiarazi zirenean edo ondoren eraiki izatea: jatorrizko hormek hormigoi armatuzko egitura bati eusten diote, eta horri esker, bao handiak egin ahal izan zituzten zabaletara.

Hormigoi armatuzko egituran, gainera, jatorrizkoen ordez jarri ziren metalezko zinbriak ere oraindik hortxe daude. Barrutik, zati biek eremu jarraitu eta bakuna dute, garai bateko solairuak galduta baitaude, baina, hormetan utzi dituzten arrastoen arabera, iparraldeko zatian, behintzat, hiru ziren soaliru horiek. Bi isuriko estalkia dute, luzetarakoa, jakina, eta iparraldeko muturrean triangelu-formako isurki txiki bat dauka, iparralderantz hormapiko handiegia jartzea saihestuz.

Harlangaitzezko hormez eginak daude eraikinaren fatxadak, eta harlandua bao eta ertzetarako baino ez da erabili.  Hormek ez dute zabalera bera altuera osoan, zenbat eta gorago, orduan eta estuagoak baitira. Hormaren barrualdetik estutu dira hormak, eta hurrengo solairuaren irtenguneari eusteko erabiltzen zen. Leihoburudun baoak hiru estaitan daude banaturik, 7,5 bat metrora denak, eta goitik behera lerrokatuta daude.  

Ybarra y Cía. Enpresak erabiltzen zuen eraikin hau XIX. mendearen amaiera aldera. 1923ko urtetik 1924ra bitartean, eraikinaren zati handi bat eraitsi zuten. Iraun duen zatiaren hegoaldeko muturrean, Molinos Vascos-erako sarbidearen ondoan, fatxada berri bat egin zen, eta horretan, bao handiak ireki ziren zabaletara. Sarrera honen erdi-erdian, egun oraindik antzeman daitekeen  autoentzako sarbidea zegoen, eta alboetan, oinezkoentzako beste bi estuago.  

 - Iparraldeko itxitura-horma eta sarbidea. Francisco de Oleagaren 1787ko plano batean ageri den bezalaxe mantendu da Astilleros Reales de Zorroza-ren instalazioen iparraldeko itxitura-horma. Plano haren arabera, barrualdeko luzera osoan, horma horrek teilape bati eusten zion. Halaber, bertan jarraitzen dute barrutirako sarbide nagusia omen zenak zituen harlanduek. Planoaren arabera, gainera, hiru pinakuludun arku eta erlaitz batek estaltzen zuten sarbide hori.

 - Iturria edo putzua, Grandes Molinos Vascos enpresaren eraikinaren eta iparraldeko itxitura-horma horren artean kokatuta dago.

Gasteiz, 2009ko martxoaren 3a