Azken eguneratzea: 2007/10/24
Bertsolariak eta idazleak, Bidegileak bildumaren sorta berrien protagonistak
Gaur aurkeztu dira Manuel Lasarte, Basilio Pujana, Manuel Olaizola Uztapide eta Iñaxi Etxabe bertsolariei eta Gracian Adéma Zalduby, Eujenio Agirretxe, Nikolas Alzola Bitaño eta Katalina Eleizegi idazleei eskainitako liburuxkak. Biografia hauen bidez, euskalgintzan aitzindari izan diren gizon-emakumeak ezagutzeko aukera ematen da

Bidegileak bildumako 47. eta 48. sortak osatu eta argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Oraingo honetan bertsolariek eta idazleek osatzen dute bilduma. Sorta bakoitzeko lau pertsonaiak bat etortzen dira zenbait ezaugarriri dagokionez eta ongi uztartzen dira landu diren profilen barruan.

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Patxi Baztarrikak, Miren Dobaranek, Euskara Sustatzeko zuzendariak, bildumaren koordinatzaile Mikel Atxagak, plazaratu diren 8 liburuki berrien egileek, eta Manuel Lasarte eta Iñaxi Etxabe bertsolariek egin dute, gaur, Donostian bi sorta berrien aurkezpena.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatzen duen Bidegileak bildumaren bidez, euskalgintzan aitzindari izan diren pertsonak eta taldeak ezagutzera eman nahi dira. Bilduman azaltzen diren lagun batzuk oso ospetsuak dira; beste batzuk, ordea, ezezagunak gertatzen dira jendearentzat, baina guztiek euskararen alde lan itzela egin dute.

Bilduma honen bidez, bidegile horien pentsaera, bizitza eta lana modu ulergarrian eta atseginean kaleratzen ahalegindu da. Hori lortzeko, besteak beste, eta argitalpenaren kalitatea ziurtatzeko, material grafiko ugari erabiltzeaz gain, testuen idazketa adituen esku utzi da. Lau karpeta hauetan Mikel Atxaga izan da zuzendari eta koordinatzaile. Liburuxka berri hauen 2.300 ale inprimatu dira eta paperean zabaltzeaz gain, www.euskara.euskadi.net helbidean paratuko dira kontsulta-gai, lehenago argitaratutako sortekin batera. Sorta hauen zabalpena, ohi den moduan, salmenta lekuen bitartez egiteaz gain, ikastetxe, euskaltegi eta herri-liburutegietara gauzatuko da.

Hona gai nagusien, pertsonaien eta idazleen zerrenda:

Berrogeita zazpigarren sorta bertsolariekin osatu da.

-Iñaki Zubizarreta: MANUEL LASARTE (Leitza, 1927)

-Igor Estankona: BASILIO PUJANA (Zeanuri, 1913 - Euba, 2005)

-Pello Esnal: MANUEL OLAIZOLA "UZTAPIDE" (Zestoa, 1909 - Oiartzun, 1983)

-Nikolas Aldai: IÑAXI ETXABE (Zumaia, 1933)


Berrogeita zortzigarren sorta euskal euskal idazleekin osatuko da.

-Elena Touyarou: GRACIAN ADÉMA "ZALDUBY" (Senpere, 1828 - Baiona, 1907)

-Paulo Agirrebaltzategi: EUJENIO AGIRRETXE (Errezil, 1920 - Bermeo, 2005)

-Anttonmari Aldekoa-Otalora: NIKOLAS ALZOLA "BITAÑO" (Izurtza, 1922 - Irun, 1982)

-Amaia Alvarez: KATALINA ELEIZEGI (Donostia, 1889 - Lizarra, 1963)


47. SORTA

47/1) Iñaki Zubizarreta: MANUEL LASARTE (Leitza, 1927)

Plazarik plaza bertso-saioetan ibili da: bertsolari, bertso-jartzaile eta idazle. Gai librean jarritako zenbait bertso eta Basarri, Lazkao-Txiki eta Uztapiderekin jarritakoak Bertso mordoxka (1970) liburuan jasoak daude. Bestalde, bertso jarriak zein prosazko lanak biltzen dituzten Gordean neuzkanak (1975), Beranduko lanak (1992), Lazkao Txiki gogoan (1994), Enbor zarraren ezpalak (1995), Kantuaren ordaiñez (1997), Uztapide gogoan (1999) liburuak argitaratu ditu.


47/2) Igor Estankona: BASILIO PUJANA (Zeanuri, 1913 - Euba, 2005)

Bizkaiko bertsolaritzaren suspertzaile nagusietakoa izan zen 36ko gerraren ondorengo urteetan. Bat-batean aritzeaz gain, bertso jarriak ere moldatu zituen. Idatzitako bertso sortak bilduz, Egi batzuek aixetaratzen liburua argitaratu zuen 1986an. Beste bi liburu argitaratu zituen ondorengo urteetan, bilduma berean: Deaburak ostutako urteak (1991) eta Oiuak (1997).


47/3) Pello Esnal: MANUEL OLAIZOLA "UZTAPIDE" (Zestoa, 1909 - Oiartzun, 1983)

Gerra Zibila bitartean, eta ondoren, bertsolaritzarako baldintzak txarrak baziren ere, Basarri eta Lasarterekin batera bertsolaritza bizirik mantentzea lortu zuen. 1960ko hamarkadan bertsolaritza indartu zenean, kemen handiz ekin zion; plazarik plaza ibili zen eta liburuak ere idatzi zituen Noizbait (1964), Lengo egunak gogoan I eta II (1974); Sasoia joan da gero (1976), prosa herrikoi eta berezi batean. Txirritaren, eta Amuriza, Lopategi, Lizaso, etab.en belaunaldiaren arteko lotura izan zen. Ohorezko euskaltzain (1974).


47/4) Nikolas Aldai: IÑAXI ETXABE (Zumaia, 1933)

Bertsozale eta bertsolari. Emakume bertsolaria izatean, jendaurreko saio gutxi egindakoa. Bere burua ez dauka bat-bateko bertsolaritzat. Arantzazuko bertso-sariaren (1956) eta San Frantzisko Hirugarren Ordenakoen sariketaren (1957) irabazle. Basarrirekin, emakumearen izaera zela eta, teman ibilitakoa.

Laburbilduz:

  • Laurak XX. mendearen lehen laurden-herenean jaio izana.
  • Lasarte eta Etxabe bizirik daude.
  • Laurak laikoak.
  • Uztapide eta Etxabe gipuzkoarrak; Pujana bizkaitarra eta Lasarte nafarra.
  • Lasarte, Pujana eta Uztapide bat-batean aritzeaz gain, bertso jarriak ere moldatutakoak; Etxabe, berriz, ez da jendaurrean ari izan.
  • Lasarte eta Uztapide elkarrekin jardundakoak.
  • Gerra Zibila bitartean, eta ondoren, bertsolaritzarako baldintzak txarrak baziren ere,
  • Uztapidek Basarrik eta Lasartek beste zenbait bertsolarirekin batera bertsolaritza bizirik mantentzea lortu zuten.
  • Uztapide ohorezko euskaltzaina (1974).

48. SORTA

48/1) Elena Touyarou: GRAZIAN ADEMA "ZALDUBY" (Senpere, 1828 - Baiona, 1907)

Bidarraiko erretore, Atharratzeko artzapeza eta Baionako ohorezko kalonje izan zen (1875). Eskualduna aldizkariko kolaboratzailea zen. Erlijio- eta euskal gaiak hartu zituen idazgai eta estilo garbi eta erraza erabiltzen zuen, gai sakonak landu arren. Bertso musikatuak, eliz kantak, alegiak eta beste zenbait lan idatzi zituen. Erromesentzako gidak, Errepublikaren aurka idatzitako Betirisant eta Biba Errepublika satirak. Bere poema gehienak Klasikoak bildumaren 47 alean (Kantikak eta Neurtitzak) daude bilduta. Euskal Literatur Elkarteko lehendakari izan zen (1901).

48/2) Paulo Agirrebaltzategi: EUJENIO AGIRRETXE (Errezil, 1920 - Bermeo, 2005)

Predikari eta hizlari sutsua. Kazetari eta idazle. Anaitasuna eta Goiz Argi aldizkarietako eragile eta zutabegile oparoa izan zen, beste zenbait aldizkaritan bere iritzi-artikuluak argitaratzearekin batera. Elizako liburuxka batzuez eta zenbait itzulpen-lanez gain, bere oroitzapenak argitaratu zituen Aldi hartan eta Arantzazuren inguruan obran (1995), eta Goiz Argi aldizkariko hainbat idazlan bilduak ditu Baserriko Leihotik titulupean (1998). Euskaltzain urgazle (1959) eta ohorezkoa (1998).

48/3) Anttonmari Aldekoa-Otalora: NIKOLAS ALZOLA "BITAÑO" (Izurtza, 1922 - Irun, 1982)

Idazle eta pintorea. Idazle oparoa izan zen eta bere garaiko euskal zein erdal aldizkari anitzetan argitaratu zuen, hitz lauz nahiz bertsoz. Hizkuntza erraza, aberatsa eta herrikoia erabiltzen. Literaturari ekin zion arteari buruzko saioak, ipuinak, narrazioak, biografiak eta poesiak onduz. Cien autores vascos (1966), eta haren ondoan Atalak, Bigarren atalak eta Hirugarren atalak (1967-78) eman zituen argitara. Euskaltzain urgazlea izan zen (1957).

48/4) Amaia Alvarez: KATALINA ELEIZEGI (Donostia, 1889 - Lizarra, 1963)

Maistra zen ikasketaz eta hainbat tokitan irakasle aritu ondoren Lizarran lekutu zen. Antzerki-lan ugari idatzi zituen, batez ere dramak: Garbiñe (1916); Loretti (1917); Yatsu, (1934) eta argitaratzeke dagoen Catalina de Erauso biografia.

Laburbilduz:

  • Zalduby eta Agirretxe erlijiosoak; Bitaño eta Eleizegi laikoak ziren.
  • Laurak XX. mendean bizi izandakoak.
  • Zalduby lapurtarra, Agirretxe eta Eleizegi gipuzkoarrak, eta Bitaño bizkaitarra.
  • Agirretxe euskaltzain urgazle (1959) eta ohorezkoa (1998); Bitaño euskaltzain urgazlea (1957).
  • Zalduby erlijio- eta euskal gaiak jorratu zituen gehienbat; Agirretxek artikuluak aldizkarietan; Bitañok hitz lauz nahiz bertsoz; Eleizegik dramak.
  • Agirretxe predikari eta hizlari sutsua.
  • Bitaño pintorea eta Eleizegi maistra.
  • Agirretxek eta Bitañok aldizkarietan argitaratu zituzten lanak.

Donostia, 2007ko urriaren 24ean