Azken eguneratzea: 2008/01/25
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea Japoniara eta Filipinetara
Bertako zenbait unibertsitatetan euskara eta euskal kulturaren lektoradoak abiarazteko aukera aztertzeko. Irakurle-programa berri hauek sortzekotan, lehenak lirateke Asian, Amerika eta Europako 12 herrialdeetan daudenez gain

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Lorea Bilbao Hizkuntza Politikarako aholkularia Japoniara eta Filipinetara bisitaldia egingo dute asteburu honetatik hasita otsailaren 2ra arte, bi herrialdeetako zenbait Unibertsitateetan irakurle-programak abian jartzeko aukera aztertzeko asmoz. Izan ere, joan den udazkenean, Japonia eta Filipinetako unibertsitate zenbaitetako ordezkariek bisitaldi bat egin zuten Euskadira aipatu lektoradoak beren zentroetan abiarazteko interesa agertuz. Aipatu herrialdeetan irakurle-programarik sortuko balitz, lehenbizikoa litzateke Asian, beti ere Etxepare Euskal Institutuaren sorrerari begira hainbat oinarri ezartzeko. 2008an zehar bere ibilbideari ekingo dion Etxepare Euskal Institutuaren xedea  euskara eta euskal kultura mundu osora hedatzea eta orokorrean atzerrira euskal kultura zabaltzea izango da eta bere baitan hartuko ditu orain arte Jaurlaritzak garatu izan dituen lanak, hizkuntza nahiz kultura arloan.

Hala,  Hizkuntza Politikako ordezkaritzak burutuko duen bidaia trinkoa eta mamitsua izango da: lehenik Japonian, Tokion, hain zuzen, non bilerak izango dituzten Waseda (euskarazko klaseak badira, Hiromi Yoshidak emanak, eta aurtengo ikasturtean 30 ikasle dituzte) eta Sofiako Unibertsitateetako hizkuntza departamenduetako ordezkariekin; gero Osakako Kansas Gaidai-n, eta, azkenik, Kobeko Unibertsitatean. Gero, urtarrilaren 31n Filipinetara abiatuko dira Manilako Ateneo Uniberstitate eta Nueva Vizcaya Estatuko Unibertsitateko arduradunekin bilera edukitzeko. Filipinetara egingo duten bidaia honek, gainera, esanahi berezia du, zeren historikoki harreman sendoa eta berezia izan dute Euskal Herriak eta herrialde honek, Nueva Vizcaya probintzia izanik horren adierazleetako bat. Bertako gobernadorearekin ere bilera izango du sailburuordeak, bidaiari amaiera eman baino lehen.

Irakurle-programa munduko unibertsitateetan

Duela hiru urte, izan ere, Euskaditik kanpoko hainbat unibertsitaterekin hitzarmenak sinatzeko proiektua jarri zuen abian Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Hitzarmen horiek, beren irakas-programa ofizialetan -eta aitortza akademiko osoa emanez-  euskara eta euskal kulturaren eskolak eskaintzeko interesa duten eta Eusko Jaurlaritzarentzat balio estrategikoa duten unibertsitateekin sinatzen ditu. Euskal giza-taldeen ingurunetik harantzago doan programa da hau, esparru unibertsitario zabalera iristen dena.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kudeatzen duen programa honen garrantziaz jabetzeko, esan dezagun 2007-2008 ikasturte honetan zehar, Europa eta Amerika baturik, 12 herrialdetako 24 unibertsitatetan ari dira euskara eta euskal kultura ematen irakasle-irakurleak, denetara 700 ikasle inguru izango dituztela.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko urtarrilaren 24a